Nuarben eraikita dauden babestutako etxebizitzak. (Argazkilaria: Eli Aizpuru)
Azpeitia Lantzeneko Administrazio Kontseiluak, baldintzak betetzen dituztenei Nuarbeko udal babeseko etxebizitzak alokairuan ematea eta libre dauden garageak salgai edo alokagai jartzea erabaki duela azaldu zuen Eneko Etxeberria alkateak herenegungo udalbatzarrean. Azpeitia Lantzen-ek hartutako erabakiarekin bat etorri ziren alde guztiak; hau da, Bildu, EAJ eta Hamaikabat.
Orain dela hilabete batzuk, Azpeitiko Udalak, Azpeitia Lantzenen bidez, Enparan kalean eta Nuarben hutsik zeuden tasatutako etxebizitzak erosteko edota alokairuan hartzeko baldintzak onartu, zerrenda osatu eta zozketa egin zuen. Baina zozketaren ondoren Nuarben hutsik gelditutako etxebizitzak alokairuan hartzeko eskaera batzuk egon direla azaldu zuen alkateak. Ondorioz, baldintzak betetzen dituztenei etxe horiek alokatzeko aukera ematea erabaki zuten.
Etxe kaleratzeen protokoloa
Nuarbeko etxebizitzetako bat alokairuan hartzeko aukera eman zaionetako bat, joan den abenduaren hasieran herrian euren etxetik kaleratua izan zen familia bat da; bi adin txikiko haur dituen familia da. «Etxetik kaleratua izan den familia horrek Nuarbeko etxebizitzetako bat alokairuan hartzeko baldintzak betetzen dituenez, aukera hori eman zaio», azaldu zuen alkateak plenoan. Horrez gain, Azpeitiko Udala etxe kaleratzeen aurkako protokolo berezi bat lantzen ari dela jakinarazi du alkateak. «Familia oso bat, adin txikiko bi umerekin, kalean uztea bortizkeria onartezina» dela ere salatu du Azpeitiko alkateak.
Nuarben babestuko etxeen azpian hutsik dauden garajeak nahi dituzten auzotarrek haiek erosteko edota alokagai hartzeko aukera ere onartu du udalak.
Herrira-ren mozioa, onartuta
Beste kontu batzuen artean, udalbatzarraren bukaeran Bilduk Herrira mugimenduaren mozioa aurkeztu zuen, Euskal presoei ezartzen zaizkien espetxe-neurri salbuespenezkoak indarrik gabe uzteko eskatuz eta larunbaterako Bilbon Herrira mugimenduak
Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira leloarekin deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia eginez. Bilduko zinegotzien aldeko botoarekin onartu zen Herriraren mozioa. EAJkoak abstenitu egin ziren, mozioaren testuarekin bat etorri arren, Herriraren manifestazioarekin bat ez datozelako, azaldu zuen Aitor Gorrotxategi zinegotziak. Hamaikabateko Aitor Aranguren zinegotziak, berriz, mozioaren bozketan ez zuen parte hartu.