Jokin Argotek erretiroa hartu behar izan du, eskuko lesio baten ondorioz

Urola Kostako Hitza 2013ko urt. 9a, 10:21

Jokin Argote pilotari meagarrak erretiroa hartu behar izan du. Zortzi hilabete zeramatzan jokatu gabe eskuko fibrosi baten ondorioz, eta azkenean pilotelekuak uztea erabaki du. Hona hemen Berria egunkariari eskainitako elkarrizketa: Jokin Argote (Aritz Mutiozabal)  

ARGOTE: «Pena eman dit pilotalekuan bertan agur esateko aukerarik ez izateak»

Imanol Magro-Berria. Asegarcerekin kontratua eten berritan —martxora artekoa zuen— hitz egin du BERRIArekin Jokin Argotek (1980, Meagas, Gipuzkoa). Sei urte eta erdiko ibilbidearen ondoren, erretiroa hartu behar izan du, baina ez dago burumakur. Urte horietan, Bigarren Mailako binakako bi txapel irabazi ditu (2007 eta 2008), eta Bigarren Mailako buruz buruko final bat (2009) eta lau t'erdiko bi galdu (2007 eta 2009). Zein izan zen azken partida? Apiril aldera, Villorian, Salamancan (Espainia). Infiltratu egin nuen eskua. Abenduaren 31n mindu nuen, Tolosan, eta gero pare bat partida jokatu nituen, baina beti minez, tako askorekin eta ezinean. Gero eskua sendatu nahian ibili nintzen, eta martxoan infiltratu nuen. Eta hasieran, ondo, minik ez, eta Villorian jokatu nuen. Efektua pasatu zenean, baina, bi astera edo, pilota bat sartu zitzaidan barruraino, eta aberia handiagoa sumatu nuen. Zein da gaitza, zehazki? Fibrosi bat eskuan, zurda batean. Eskuineko hatz nagia harrapatzen dit, eta goitik behera ematen dit min. Nik min pixka bat nabaritzen nuen, baina hori saihesteko takoetan zuloa egitean mina mugitu egiten zen. Azkenean, eremua ere kaltzifikatu zait, bola hori, zurda... dena gogor eginda. Medikuek ez al zizuten inolako itxaropenik eman? Ez genuen planteatu ere egin. Ebakuntza agian bide bat izango zen, baina ez zen konponbide ziurra, eta orain lanean egonda, ez nuen baja hartzerik nahi. Gogorra izan al da agurra onartzea? edo, tamalez, denbora izan duzu? Urtebete izan da. Kontratua martxoan bukatzen zitzaidan, eta udarako barneratua nuen bidea bukatzear zegoela. Eskua nola zegoen banekien, 30 urte ditut... Enpresaren planteamendua ere ikusten duzu, eta normala denez, gazteei aukerak eman dizkie. Enpresarekin hitz egin dut, eta normala da. Pena hori dut, pilotalekuan ezin agur esatea. Zuri, gainera, asko gustatu izan zaizu pilotan jokatzea. Bai, ez dira urte asko izan, baina izugarri gozatu dut. Finaletan, debutean, estelartxo bat edo beste jokatu dut... Zure ibilbidearen zein balantze egiten duzu? Ona. Duela urte batzuk zeinek esango zuen horra iritsiko nintzela? Nik debutatu nuenean, eta hori gurasoek dakite hobekien, konfiantza gutxi nuen, ez nekien maila eman ahalko nuen profesionaletan. Gero, debutatu eta neure burua lehiatzen ondo ikustea gauza handia izan zen. Askok pentsa zezaketen baino hobeto aritu zara agian. Pilotazaleak atzelari oso seguru gisa gogoratuko du Argote. Egindakoarekin oso gustura nago. Baina esan beharra dago etxekoek eta nik bakarrik dakigula zenbat kostatu zaidan horra iristea. Pila bat entrenatu naiz, 23 urte luzerekin debutatu nuen, afizionatuetan partida pila bat jokatu ondoren, eta emaniko aukera ondo aprobetxatu nuen. Lan fisiko asko egin behar izan dut, beste batzuk berezkoa zutena nik ez nuelako, eta gabezia horiei aurre egin behar izan diet. Nik uste nuen eta askok uste zuten baino maila hobea eman dut. Zein izan da unerik gozoena? Asko. Lehen txapela, Bigarren Mailako binakakoan. Finalera iritsi, eta final gogorra Uriarte-Galarzaren aurka. Lagun pila bat elkartu ginen. Final guztiak izan dira politak, galdutakoak ere bai. Beroizen aurka galdu nuenean ere zenbat jende joan zen, Tolosako frontoia lehertzear! Denak builaka, nire izena oihukatzen... Oroitu, eta oilo ipurdia jartzen zait. Eta garratzena? Ez daukat hala berezirik. Garratza ez, bat esateagatik lau t'erdiko azken finala, Urrutikoetxearen aurka. Txapelketa ona egin ondoren, finalean gaizki hasi nintzen, 0-10 galtzen, eta ez nion heldu. Lehen urteetan partida asko irabazi zenituen: %75, %67... Hasieran bai. Asko jokatu nuen eta eskuak ondo zeuden. Gozatu egiten nuen, konfiantzarekin... Arantzarik gelditu al zaizu? Galdu ditudan hiru finalak banaka izatea. Eta Lehen Mailan txapelketarik ez jokatu izana, sailkatzetik gertu ibili nintzelako. Pilotaritik onena? Zalantzarik gabe: Olaizola II.a; eta orain nola dagoen ikusita, are gehiago. Lehen udan asko jokatu nuen harekin, eta harrigarria zen. Partida askotan, atzean jarri eta txalo egiteko gogoa ematen zuen. «Ederki ari haiz» esan, eta aurrera. Gogoratzen naiz, Arrasaten, gu biok Bengoetxea-Zearraren aurka. Egun hartan, hura zer izan zen... Kontra kantxako eserlekuan eseri eta txaloka hasteko gogoa nuen; dena irten zitzaion!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide