Telmo Esnal: “Modelo zinema aretoan bizitakoak eragina izan du nire ibilbidean”

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko abe. 4a, 07:30

Bi zarauztarren arteko pasadizoa n oinarritu du Telmo Esnalek (Zarautz, 1966) bere azken film laburra: Hamaiketakoa. Gaur eskainiko dute, Euskararen Egunaren bueltan antolatu duten egitarauan. Zarautzen eskainiko duzu gaur Hamaiketakoa, zure azken film laburra. Berezia izango da jaioterrian ikusi ahal izatea, ezta? Bai, hala da. Izan ere, Hamaiketakoa herriko bi gizonen arteko joko batean oinarrituta dago. Horregatik, Zarautzen aurkeztu nahi nuen. Horietako bat hil zen, eta hari omenaldi xumea egiteko modua da. Zarautzen eta zarauztarrei gertatutako istorio bat da lanaren ardatza. Benetako gertaera batean oinarrituta dago, herritarren arteko pasadizo horretan. Egunero Antoniok eta Santik elkarrizketa berezi bat dute. Eta hiru emakume dira horren lekuko. Musika plazan gertatuko istorio bat da, eta hain zuzen, bertan grabatu dugu. Zarautzen aurkeztuko duzu gaur, baina aurrez izan da beste nonbaiten, ezta? Bai, benetako estreinaldia Valladoliden (Espainia) izan zen, bertako zinema jaialdian. Estreinako aldiz Zarautzen erakustea zen nire asmoa, baina Modelo aretoarekin gorabeherak izan dira, eta atzeratu egin behar izan dugu aurkezpena. Denbora horretan, zenbait zinemalditan aurkeztu dugu, eta hain zuzen, Valladolideko Seminci jaialdian eman genuen lehenbizikoz. Eta saritu egin zuten, gainera; Espainikoa laburmetraien gaueko lan onena izendatu zuten Hamaiketakoa. Azaroan, Eibarren, Lekeition eta Gasteizen eman dute. Eibarren euskaldun film labur onenaren saria irabazi zuen, [...]

Bi zarauztarren arteko pasadizoa n oinarritu du Telmo Esnalek (Zarautz, 1966) bere azken film laburra: Hamaiketakoa. Gaur eskainiko dute, Euskararen Egunaren bueltan antolatu duten egitarauan.

Zarautzen eskainiko duzu gaur Hamaiketakoa, zure azken film laburra. Berezia izango da jaioterrian ikusi ahal izatea, ezta?
Bai, hala da. Izan ere, Hamaiketakoa herriko bi gizonen arteko joko batean oinarrituta dago. Horregatik, Zarautzen aurkeztu nahi nuen. Horietako bat hil zen, eta hari omenaldi xumea egiteko modua da.

Zarautzen eta zarauztarrei gertatutako istorio bat da lanaren ardatza.
Benetako gertaera batean oinarrituta dago, herritarren arteko pasadizo horretan. Egunero Antoniok eta Santik elkarrizketa berezi bat dute. Eta hiru emakume dira horren lekuko. Musika plazan gertatuko istorio bat da, eta hain zuzen, bertan grabatu dugu.

Zarautzen aurkeztuko duzu gaur, baina aurrez izan da beste nonbaiten, ezta?
Bai, benetako estreinaldia Valladoliden (Espainia) izan zen, bertako zinema jaialdian. Estreinako aldiz Zarautzen erakustea zen nire asmoa, baina Modelo aretoarekin gorabeherak izan dira, eta atzeratu egin behar izan dugu aurkezpena. Denbora horretan, zenbait zinemalditan aurkeztu dugu, eta hain zuzen, Valladolideko Seminci jaialdian eman genuen lehenbizikoz. Eta saritu egin zuten, gainera; Espainikoa laburmetraien gaueko lan onena izendatu zuten Hamaiketakoa. Azaroan, Eibarren, Lekeition eta Gasteizen eman dute. Eibarren euskaldun film labur onenaren saria irabazi zuen, eta Lekeition aipamen berezia egin zioten. Hala ere, gaurkoa bereziki garrantzitsua izango da.

Modelon izango da, gainera.
Bai, eta horregatik ere oso berezia izango da. Makina bat film ikusitakoa naiz ni areto horretan, eta hainbat zineforumetan hartu izan dut parte. Egia esan, Modelok eragina izan du nire ibilbidean.

Ikusle gisa askotan izan zara Modelon, eta, hain zuzen, gaur zure filmak ikusi ahalko dira bertan.
Goizean Eguberri on, amona! emango dugu, ikasleentzat. Eta arratsaldean, film laburren saioa izango da. Hamaiketakoa-z gain, azken urteetan egindako lanak erakutsiko ditugu. Lau minutu soilik iraungo duenez, osatzeko Aupa Etxebeste filmaren ostean egindako Amona putz! eta Taxi ikusi ahalko dira 19:00etatik aurrera. Era berean, Koldobika Jauregi artistari buruz egin nuen dokumentala, Setioa, ere izango da ikusgai.

Filmak ikusi ostean, ikusleekin solasaldia egingo duzu.  
Bai, eta aktoreak ere izango dira, ziurrenik. Hamaiketakoa-ko bi antzezle zarauztarrak dira, Arantxa Izeta eta Itziar Aizpuru, eta etortzekoak dira. Kontxu Odriozola eta Pako Sarazalu ere gonbidatu ditut. Bi horiek ez dute oraindik ikusi, eta haientzat ere aurkezpen berezia izango da.

Zarautzen aurkeztu ostean, non ikusi ahalko da Hamaiketakoa?  
Hurrengo emanaldia Durangoko Azokan egingo dugu. Eta hortik aurrera, zinema jaialditan aurkezten jarraituko dut. Ez da gure esku, ordea. Zinemaldietan ikusi ahal izateko, aukeratu egin behar dute eta. Topaguneak, adibidez, sare bat antolatu ohi du; ea Hamaiketakoa aukeratzen duten, eta hala, herriz herri erakusteko aukera dugun.

Aurrera begira, ba al duzu bestelako proiekturik?  
Beste film baterako gidoia idazten ari naiz orain. Beste proiektu bat ere badut buruan, zerbait esperimentalagoa, dantzarekin uztartuta. Horrez gain, bururatu zait beste film labur baterako ideia bat. Egitasmo ugari ditut, milaka ideia. Horiek garatzea da orain nire lana, eta horretarako aurrekontua lortzea. Ez da erraza, baina horretan jarraituko dut, saiatuz eta proiektuak aurrera eramanez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide