
Abesbatza parte-hartzaileek joan den larunbatean egin zuten Mitoen sinfonia piezaren entsegua, Modelo zinema aretoan (Argazkia: Ainara Lozano)
Francisco Escudero maisua gogoratzeko ekitaldien baitan, Mitoen Sinfonia ikuskizun-kontzertua aurkeztuko dute etzi. Zazpi abesbatzetako 185 bat haur kantarien ahotsean interpretatuko dute pieza berezia; bertan izango dira Azkoitiko Bizkargi-Txiki, Azpeitiko Antxieta, Donostiako Ekintza Txiki eta Francisco Escudero musika kontserbatorioko haur abesbatza, Zarauzkok Txinpirin eta Zarautz Txiki, eta Zumaiako San Pedro Txiki abesbatza eta txikienen taldea. Emanaldia Aritzbatalde kiroldegian eskainiko dute, 17:30etik aurrera.
Partaide guztiak jo eta ke aritu dira entseiatzen, bakoitza bere aldetik, baina baita elkarrekin ere. Joan den larunbatean Modelo zinema aretoan bildu ziren, soinu-probak egiteko eta ekitaldia prestatzeko; Francisco Escudero kontserbatorioko kideak salbu, haur kantari guztiak aritu ziren. Bihar, aurkezpenaren bezperan, berriro elkartuko dira abesbatzak, xehetasun oro behar bezala lotzeko.
Duela hilabete, herriko LH 5. eta LH 6. mailako 530 ikaslek konpositorea ekarri zuten gogora, Zuhaizti parkean, haren bustoaren aurrean. Ekimen hori kenduta, mendeurreneko jardueretan haurrekin egingo duten ekitaldi bakarra izango da igandekoa. Horrelaxe nabarmendu du Zarauzko Abesbatzako zuzendari Jaione Escuderok. Gainera, kontzertu horrekin bukatuko dira musikagilearen omenez urtean zehar Zarautzen antolatu diren ekitaldi nagusienak.
Haurrei zuzendutako obra
Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak 1993an musikagileari enkarguz eskatutako lana da Mitoen Sinfonia. Bereziki haurrentzat prestatu zuen, eta bere estreinaldian bi mila haur-kantarik hartu zuten parte Donostiako belodromoan. Oraingo honetan, parte-hartze xumeagoa izango da, baina, nolanahi ere, ikuskizun erakargarria landu dute, Donostiako Orfeoiko zuzendari Jose Antonio Sainz de Alfaroren gidaritzapean. Hain justu ere, pieza hau zuzenean interpretatuko den laugarren aldia izango da aurten; aurretik, Ataunen, Errenterian eta Donostian abestu dute. «Zarauzkoa, ordea, partaide kopuruari dagokionez, urte honetan egingo den handiena izango da», jakitera eman du Jaione Escuderok.
Emanaldia bi ataletan egituratuta egongo da. Lehenengo zatian abesbatza bakoitzak kanta bana abestuko du; Zarautz Txikik Escuderoren beraren Izar ederra obra taularatuko du, eta Txinpirin abesbatzak Iker Goenagaren kanta bat. Bigarren zatian, jada, Mitoen Sinfonia aurkeztuko dute, abesbatza guztiek batera.
Sinfoniak Joxe Migel Barandiaranen liburuko hiru euskal ipuin mitologiko jasotzen ditu: Lamia, Tartalo eta Mateo Txistu, zehatz-mehatz. Kondairetan murgildu aurretik, ordea, Barandiarani berari eginiko eskaintza musikatuak irekiko du kontzertua. Bide batez, Kandido Uranga aktore zumaiarrak narratzaile lanak egingo ditu ikuskizunean, aipatutako elezaharrak kontatuz.
Aldi berean, bederatzi musikariz osatutako talde bat ariko da zuzenean; horietatik sei Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideak dira eta gainerako hiruak, berriz, zarauztarrak: Antxon Sarasua, pianoan; Iñaki Oliden, akordeoian; eta Ander Zulaika, perkusioan. Aurkezle lanetan, bestetik, Ainere Tolosa eta Egoitz Lasa aktoreak arduratuko dira.
Sarrerak Sanz Enea kultur etxean eta Zarauzko Turismo bulegoan eros daitezke aurretik, eta kiroldegiko leihatilan egunean bertan, 3 euroren truke. EITBko kamerak bertan izango dira, ekitaldia grabatzen, eta, antza denez, Gabonetan emitituko dute.