EUSKARAZ JO EZ
Azkenean egia izango da Euskal Herrian ligatzea oso zaila dela; dirudienez, euskara eta generoa, sexua, sexualitatea ez doaz bat. Antza, ez dago gai horiei buruz gaztelaniaz baino hitz egiterik, ez dago sexologo edota feminista euskaldunik. Zergatik diogun? Udalak arlo horretan, behintzat, erdara kuttunago duelako.
Badakigu Zarauzko zinegotzi eta teknikari ia denak euskaldunak direla, eta pentsatzen dugu (edo pentsatu nahi dugu) euskaraz mintzatu ohi direla. Herritarrei informazioa zabaltzeko unean, ordea, batzuetan, gaztelaniari eman diote lehentasuna; hori ikusi dugu, behinik behin, Zarauzko Sexu Aholkularitza Gunearen facebook-ean (www.facebook.com/zarauzkosexu.aholkularitzagunea).
Facebook dutenek jakingo dute zein erraza den albiste bat hartu eta norberaren orrian jartzea. Berria, noski, gaztelaniaz badago, lan nekeza izan daiteke euskaratzen hastea, eta zer egiten du jendeak? Bere horretan argitaratu. Neurri batean, uler dezakegu jarrera hori, nahiz eta ez izan gure gustuko; hala ere, argitalpenaren aurretik, laburpentxo bat ere egin daiteke euskaraz; ez da asko eskatzea.
Ildo horretatik jarraiki, Sexu Aholkularitza Gunearen facebook-a kezkagarria iruditzen zaigu informazio ia guztia gaztelania hutsean dagoelako (urriaren 13ko datuak):
Hizkuntzarik gabe: 4 irudi
Euskaraz eta gaztelaniaz: 4 berri
Euskaraz: 6 berri
Gaztelaniaz: 21 berri
Ondorioz, %60 gaztelaniaz da eta %17 inguru bakarrik euskaraz. Zer pentsatua ematen du, ezta? Jakin badakigu euskal sexologoak eta feministak badaudela, baita sexualitate, sexu, emakume, gizonezko, genero eta abarrei buruzko euskarazko informazio zabala ere. Gauzak horrela, aholkularitza gunean, Udaleko egitura izanik, euskarazko testuak ere agertuko beharko luketeela iruditzen zaigu, eta kudeatzaileek erdarazko informazioa bakarrik aurkitzen badute, badute euskaraz argitaratzeko biderik. Nola? Udalak berak baditu itzultzaileak. Ezin dugu uka, kasu horretan, azkartasun pixka bat galduko luketeela, baina euskarazko informazioa lortuko genuke. Era berean, sexu arloko euskara espezifikoa lantzen ariko lirateke.
Laburbilduz, bada aurrerapausoa herrian halako tresna interesgarriak martxan jartzea; egin ditzagun aurrerakoiago euskaraz.
Amaia Zaldua. Aldabako kidea. Zarautz