Bertol Arrieta: «Nire beste ‘ni’ horiek biziko lituzketen bizitzak bildu ditut»

Zarauzko Hitza 2012ko urr. 4a, 07:00

Zortzi urte geroago, bigarren liburua plazaratu du Bertol Arrietak (Zarautz, 1975). Alter ero izenburua jarri dio, zortzi ipuinek osatzen dute, eta bizitzak sorrarazten dizkion kezkak batu ditu. Aurreneko liburuan Txikira beti hordago! jo zenuen, eta hau ere hordagoa al da? Ez. Hau txikira paso da. Ipuinak dira, eta txikira ezinbestean. Bukaera bat puskatu nahi izatea baino gehiago da gertaera soilekin literatura egiteko asmoa. Txikira enbido dela esango nuke. Ezkutuan  dagoen zerbait? Modu horretakoa dela esango nuke. Kontu sotilak kontatzeko genero egokiena ipuina al da? Gehien ipuin liburuak irakurtzen ditut. Eleberriek baino gehiago erakartzen naute, eta idazterakoan ere ipuinetara jotzen dut. Badakit irakurle gehienei eleberriak gustatzen zaizkiela, baina nire planetan ez da nobelarik kabitzen, oraingoz. Egunen batean eleberri bat idazten badut, zatikako zerbait izango da, ez klasiko horietako bat, hasiera, korapiloa eta amaiera dituena. Ipuinak askatasuna ematen al dizu idazterakoan, eleberriak emango ez lizukeena? Askatasun handia sentitzen dut idazterakoan, eta aurkezpenean  Ur Apalategik asmatu egin zuen; esan zuen ez dudala idazten kritikarientzat eta adituentzat. Gehituko nioke irakurleentzat ere ez dudala idazten, nik irakurri nahiko nukena idazten baitut. Erraza al da idazterakoan kanpoko iritziei ihes egitea? Eragina dute beti, eta izango zuen nigan ere, baina saiatzen naiz kanpoko hori eta irakurlea kontuan ez [...]

Bertol Arrieta, liburuaren aurkezpenean (Gari Garaialde/Argazkipress)

Zortzi urte geroago, bigarren liburua plazaratu du Bertol Arrietak (Zarautz, 1975). Alter ero izenburua jarri dio, zortzi ipuinek osatzen dute, eta bizitzak sorrarazten dizkion kezkak batu ditu.

Aurreneko liburuan Txikira beti hordago! jo zenuen, eta hau ere hordagoa al da?
Ez. Hau txikira paso da. Ipuinak dira, eta txikira ezinbestean. Bukaera bat puskatu nahi izatea baino gehiago da gertaera soilekin literatura egiteko asmoa. Txikira enbido dela esango nuke.

Ezkutuan  dagoen zerbait?
Modu horretakoa dela esango nuke.

Kontu sotilak kontatzeko genero egokiena ipuina al da?
Gehien ipuin liburuak irakurtzen ditut. Eleberriek baino gehiago erakartzen naute, eta idazterakoan ere ipuinetara jotzen dut. Badakit irakurle gehienei eleberriak gustatzen zaizkiela, baina nire planetan ez da nobelarik kabitzen, oraingoz. Egunen batean eleberri bat idazten badut, zatikako zerbait izango da, ez klasiko horietako bat, hasiera, korapiloa eta amaiera dituena.

Ipuinak askatasuna ematen al dizu idazterakoan, eleberriak emango ez lizukeena?
Askatasun handia sentitzen dut idazterakoan, eta aurkezpenean  Ur Apalategik asmatu egin zuen; esan zuen ez dudala idazten kritikarientzat eta adituentzat. Gehituko nioke irakurleentzat ere ez dudala idazten, nik irakurri nahiko nukena idazten baitut.

Erraza al da idazterakoan kanpoko iritziei ihes egitea?
Eragina dute beti, eta izango zuen nigan ere, baina saiatzen naiz kanpoko hori eta irakurlea kontuan ez hartzen. Gero, irakurleari gustatzen bazaio, askoz hobeto.

Zortzi ipuinak barrura begirakoak al dira?
Pasarteak ez dira niri gertatutakoak, baina istorio horien azpian dauden minak nireak dira: heriotzari beldurra, esaterako. Beldur horren eraginez, uste dut presaka bizi garela, eta ahalik eta gauza gehien egin nahi ditugula. Denbora guztia baliatu nahi dugu, eta geure bizitzaz gain, albokoarena ere geure egin nahi dugu. Nahi dugu motxila hartu eta Hegoamerikara joan, Parisen poeta izan, zazpi seme-alaben aita izan, eta hamabi emakumeren maitalea. Hain da erakargarria zerotik hastea! Baina ezin duzu behin eta berriz egin; behin egingo duzu, baina gehiagotan ez. Bizitza horiek imajinatzeko aukera ematen dit literaturak, ipuinak idaztea. Hortik dator libururen izenburua: Alter ero da nire beste ni horiek biziko lituzketen bizitzak.

Liburuan plazaratu dituzun kezkak beste era batera ikusten al dituzu ipuinetan idatzi eta gero?
Bai, bai. Modu ona da psikologoarengana joan gabe zure minak ulertzeko. Gainditu ez dituzu gaindituko, baina ulertu bai, haiekin bizitzeko. Literaturak lagundu egiten dit bizitza ulertzen, nire minekin bizitzen. Beste alderdia ere badauka, ordea: edozein gertakari ikusi, eta literaturaren bidez nola azaldu aritzen zara pentsatzen. Horrek pentsarazten dizu ez zarela ari bizitza bizitzen osotasunean. Magiaren metafora jartzen dut: umetan, magiak liluratu egiten zaitu; gero, amarrua nola eginda dagoen hasten zara pentsatzen; azkenik, magoa da magoari begira dagoena, eta jakin nahi duzu zer dagoen trikimailuaren atzean. Bizitzarekin gauza bera gertatzen zaigu batzuei: dena ulertu nahi izaten dugu. Beste batzuk, aldiz, zoriontsuagoak dira ezertan pentsatu gabe; hilko dira, eta kito. Bizitzarekin liluratuta daude. Besteok, aldiz, bizitzari bueltak ematen hasten gara, eta ez digu uzten bizitza bete-betean bizitzen.

Zortzi urte igaro dira aurreko lana atera zenuenetik. Asko al da?
Bai. Mantso bizitzeko nire esparru bakarra literatura da, eta gozatu egiten dut. Duela lau urte eginda neukan zirriborroa, baina Susa argitaletxekoek pentsarazi egin zidaten lanaren inguruan, eta lagundu egin dit autokritika egiten. Idaztea zuzentzea da asko, eta idazlearentzat altxorra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide