Goi mailari eustea, edota beheko mailetan arituz gero, punta-puntako traineruak lehiatzen diren ligara
igotzea arraun elkarte askoren helburua izan ohi da denboraldi hasieran.
Zumaiako trainerua asteburuan jokatuko den play off-a saihesten saiatu da denboraldi osoan zehar; 10. postua lortzeko gogor borrokatu du, baina udan zehar gora-beherak izan ondoren, TKEn jarraitzeko kanporaketa jokatzea beste aukerarik ez du 11. postuan sailkatuta.
Oriotarrek, berriz, denboraldi paregabea egin dute KAE1 mailan; ligako estropada guztiak irabazi dituzte, eta denboraldia hasterako helburuen artean zuten play off-era iristea lortu dute.
Denboraldian bi errealitate guztiz desberdinak bizi ondoren, asteburuan hil ala biziko norgehiagoka jokatuko dute eskualdeko bi taldeek, Amegrove eta Santurtzirekin batera. Helburu bakarra dute bi traineruek: datorren udan San Miguel Ligan Kantauri itsasoko traineru onenen aurka lehiatzea .
Oriotarrak nahi zuten tokian
Orioko traineruko entrenatzaile Igor Makazagaren esanetan «denboraldiko astebururik garrantzitsuena da datorrena». Iaz maila galduta, San Miguel Ligan jokatzeko txartela lortu eta maila berreskuratzea jarri zuten helburu nagusi bezala oriotarrek. «Hori lortzeko pauso txikiak eman ditugu denboraldian zehar; play off-era iristeko ezinbestekoa izan da ligako estropadak irabaztea, eta oso lan ona egin dugu. Asteburu honen zain izan gara hilabete askoan, eta estropada jokatzeko irrikaz gaude», azaldu du Makazagak.
Helburua maila berreskuratzea zenez, oriotarrek argi zuten irailera sasoi betean iritsi behar zutela, play off-ean euren mailaren %100a eman ahal izateko. «Ligan bi onenen artean sailkatu eta irailera indarrez gainezka iristeko prestakuntza oso ondo joan da. Planifikazioaren pauso guztiak behar bezala bete ditugu. Beraz, orain uretan mailarik onena eman, eta datorren urtean TKEn jokatu ahal izateko txartela lortzea da gure asmoa».
Oriotarrak indarrez eta animoz beteta iritsi dira play off-era; hasieran jarritako helburuak lortzeak ematen duen konfiantza dute lagun. «Nahi genuen tokian gaude, eta horrek indarra ematen du. Hala ere, ez da ahaztu behar bi azkarrenek lortuko dutela TKEn aritzeko txartela; horregatik, burua hotz eduki, eta zerotik hasi behar dugu».
Oriotarrak bezala gainontzeko taldeek ere San Miguel Ligara igotzeko edo, Zumaiaren kasuan gertatzen den moduan, maila mantentzeko ahalegina egingo dute. Asteburuan elkarren aurka lehiatuko diren traineru gehienek ez dute gainontzeko taldeen erreferentzia gehiegirik; horregatik ezjakintasun horrek urduritasuna sortzen die entrenatzaile eta arraunlariei. «Play off-ean alderdi psikologikoak ere zeresan handia du. Ezjakintasunak antsietatea sortu dezake eta horregatik gauzak lasai hartu behar dira eta asteburuko estropadetan norberaren maila onena ematen saiatu. Guk denboraldian zehar egin dugun prestaketan eta lortu dugun mailan konfidantza osoa dugu eta hori erakusten saiatuko gara».
Zumaiarrak «gogoz» beterik
Orio egoera erosoan badago ere, bestelakoa da Zumaiaren kasua, denboraldi guztian zehar maila mantentzeko ahalegina egin ondoren, 11. postuan sailkatuta play off-a jokatu behar baitu San
Miguel Ligan jarraitzeko. «Urte osoko lana jokatzen dugu asteburuko bi estropadetan, eta urduri gaude, baina gogoz beterik. Abuztuaren erdi aldean play off-a saihestea zaila izango zela ikusi genuenean, prestaketa kanporaketa estropadetara bideratu genuen. Azken hiru astetan zorrotz jarraitu dugu aurreikusitako plana eta uste dut maila onean iritsi garela asteburu honetara».
Zumaiak asteburuan aurkari izango dituen traineruen aurka estropada gutxi jokatu ditu eta horrek zalantza puntua ere sortzen dio Zabaletari. «Orain arte egin dugun lanean konfidantza izan behar dugu eta modu horretan maila ona emango dugula uste dut». Zumaiarren entrenatzaileak norgehiagoka estua izango dela aurrikusten du, lau taldeen artean mailari dagokionean desberdintasun txikiak daudela uste baitu. «Xehetasun txikiak erabakiorrak izango dira asteburuko estropadetan; ziabogak ona emateak edo irteera ona egiteak garrantzi handia izango du».