Jantziari baino janzkerari eman behar zaio garrantzia, Ane Albisu (Donostia, 1960) euskal jantzi tradizionalen ikertzailearen arabera. Jakinarazi duenez, modu askotara jantz daiteke soineko bat, eta modu guztiak dira balekoak. XXI. menderako proposamen jakin bat egingo du biharko hitzaldian donostiarrak.
Nola aldatu da mende batean euskal jantzi tradizionala? Zerk eragin dio gehien?
Baserritar jantziez ariko naiz orokorrean biharko hitzaldian, haren sorreraz eta batez ere, Zarauzko Euskal Jaiarekin duen loturaz. XX. mendean izan duen garapena azalduko dut, eta horrekin batera, jantziok urte askoan izan duten papera. Horretarako hainbat galdera jarriko ditut mahai gainean: zer janzten dugun, nork janzten duen, non eta noiz janzten dugun, nola janzten dugun, eta zergatik eta zertarako janzten garen horrela. Galdera horietan oinarrituta, hainbat aro aztertuko dut, garai bakoitzean janzkerak paper jakin bat jokatu baitu. Euskal jantzi tradizionala azken 90 urteetan asko aldatu da, hainbat faktorek eragin baitiote. Hori guztia azaltzen saiatuko naiz.
Jantziak baino janzteko moduak du garrantzia, ezta?
Bai, hori izango da nabarmenduko dudana: janzteko edota atontzeko modua. Duela 22 urte ingurutik Atondu izeneko egitasmo batean murgilduta nabil, eta izen bereko liburu bat ere atera nuen 2006an, Elkar argitaletxearekin. Egitasmoaren zein liburuaren bitartez, janzkeraren garrantzia nabarmendu izan dugu; izan ere, bi pertsonak soineko bera jantzi dezakete, baina oso ezberdina izan daiteke janzteko eraren arabera.
Azalpenak emateaz gain, hitzaldi praktikoa izango da. Zer irakatsiko diezu bertaratzen direnei?
Azaldutako teoriaren zati bat praktikan jartzeko asmoa dut, bai. Batez ere, buruko zapiak eta abarkak nola jantzi azalduko dut. Baina, beti ere, egindako ikerketa batean oinarritutako proposamenak egingo dut; ez dut inondik inora dogma bat bilakatzerik nahi. Azken aldian asko hitz egiten da nola jantzi behar den, eta zer den egokiaren inguruan. Ez da hori nire helburua, proposamenak egin eta iradokizunak jasotzea baizik.
Egun gaizki janzten al da jendea baserritarrez?
Hitzaldian garbi utzi nahi dudana zera da, zoritxarrez gai honen gainean dagoen jakintza ez dela hainbestekoa. Beste hainbat kultur gai nahiko ikertuta dago; herri bertsolaritza, musika eta dantza, esaterako. Jantziena, ordea, ez da gehiegi landu. Ildo horretatik, egun edonor da katedraduna euskal jantzi tradizionalen inguruan. Hori guztia neurtu beharra daukagu, ordea, geurea maite badugu, behinik behin. Ildo horretatik, tradizioaz hitz egiten saiatuko naiz, nola tradizioa modaren kontra jartzen den, modu okerrean, noski. Une honetan ez zaigu hori batere komeni; izan ere, tradizioa lehendik egin den zerbaiti eustea da, eta beste edozer bezain modernoa izan daiteke.
Hori dela eta, egungo egoerara nola iritsi garen adieraziko dut, eta egun zer egin dezakegun proposatu. Horretarako 200 bat irudi erakutsiko ditut, ideia bat egitearren.