
Munoaundi aztarnategian larunbatera bitartean aritu ziren indusketak egiten (Argazkia: Sonia San Jose)
Uda iristearekin batera, Zestoako Iriakaitz eta Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi aztarnategietan historian atzera egiten dute, ia gizakiaren erroetara iristearaino. Lurra, bizitzaren jatorria, duela milaka urteko ondarea ezagutzeko altxorra da askorentzat. Horregatik, Paleolitikoko eta Burdin Aroko zantzuak aurkitzen dituzte urtero eskualdeko bi aztarnategietako indusketetan, orduko bizitzaren arrastoak eskuetan izateraino.
Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi muinoan dagoen Burdin Aroko aztarnategian dagoeneko amaitu dituzte indusketak. Duela sei urte hasitako lanarekin jarraitu dute Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek astez aste, baina Historiaurreko bizimoduaren seinaleak aurkitzea izan dute aurten ardatz. Lehen aldiz, hego-mendebaldeko eremua ikertu dute, orduko «etxebizitzak hobeto ezagutzeko asmoz». «Ehun metro koadro zabaldu dugu. Hasi besterik ez gara egin, eta espero dugu hurrengo urtean gehiago zabaldu eta zerbait aurkitzea», adierazi du Sonia San Josek, indusketaren zuzendariak.
Munoaundin harresi bat dago, herrixka baten babeslekua izan zitekeena. 2008an herrixkarako sarbidea zena aurkitu zuten, eta ordutik «planoa osatzen» ari dira, «egunen batean berreraiki behar bada ere». Hori hala, eremu horretako babes egituraren eta dorrearen artean horma batzuk aurkitu dituzte. «Sarbideari dagokionez, horren tipologia ezagutu nahi izan dugu aurten, eta bestaldean etxebizitzen oinarriak aurkitzea izan da gure asmoa, uste baitugu bertan bizitzen zirela». Aurtengo kanpainan «ondare dezente» aurkitu dutela adierazi du San Josek. Izan ere, lehenengo aldiz brontzezko zepa aurkitu dute: «Brontzezko metalurgia oraindik antzeman gabe zegoen Munoaundin, eta aurkikuntza honek baieztatu du bertan ere lantzen zituztela brontzezko objektuak». Burdin Aroan tornua erabiltzen hasi zen gizakia, eta modu horretara eta eskuz egindako zeramika ere aurkitu dute. Halaber, zereal haziak ere topatu dituztela adierazi du zuzendariak. Hori hala izanik, aurtengo indusketen «balorazio ona» egin du San Josek. «Eguraldiak lagundu digu, eta iaz ez bezala, ez dugu denbora asko galdu, aurreko urtean euri asko egin baitzuen». Aurkitutako objektuak laborategira eramango dituzte orain; bertan, garbitu, inbentiaratu eta ikertu egingo dituzte, besteak beste, bildutako datu guztiekin txostena egiteko. Hurrengo urtera begira, berriz, duela sei urte hasitako eremua bukatzea dute helburuetako bat, aurten hasi duten lekuan zentratu daitezen.
Iriakaitzen itxiera urtea
Iriakaitzen, Zestoako Historiaurreko aztarnategian, berriz, «itxierako» jarduna ari dira izaten aurten. Hilaren hasieran hasi ziren indusketak, eta larunbatera bitartean arituko dira horretan Aranzadiko 20 lagun inguru. Krisiaren eraginez, ordea, momentuz bertan behera utziko dituzte landa lanak, eta hurrengo urteetan laborategi lanetan jarraituko dutela adierazi du aztarnategiko indusketa zuzendari Alvaro Arrizabalagak. Honek jakinarazi du Iriakaitz «leku oso oparoa» dela, eta aurkikuntza pila bat egiten ari direla ganeratu du; oraingoan, eremu horretako testuinguru sedimentarioa eta klimatikoa ari dira aztertzen, eta momentuz, 70 kilo material arkeologiko aurkitu dituzte. «Lantoki honek urtero material ederrak ematen dizkigu, eta kontserbatzen dena oso oparoa da; ur kontsumorako erabiltzen zituzten frogarik zaharrenetarikoak ditugu, eta landare eta polenaren inguruan, esaterako, erregistro ona dugu».
«Penaz» agurtuko dituzte landa lanak Iriakaitzen, askorentzat urteroko jarduna izan delako Zestoakoa. Baina Arrizabalaga jakitun da eremu horretan «soilik ikerketa geologikoak» egin daitezkeela. Halaber, zuzendariak gogoratu du Aranzadik eta Euskal Trenbidearen Sareak Iriakaitzen Interpretazio Zentroa egiteko hitzarmena sinatu dutela, eta horrek, «neurri batean», euren proiektuarekin jarraitzea ahalbidetuko duelakoan da Arrizabalaga: «Gure proiektuak hiru oinarri ditu: landa lana, laborategi lana eta dimentsio anitzeko zabalkundea ematea. Eta interpretazio zentroak azkena ahalbidetzen du».