Zer egingo dugu gaur?

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko abu. 7a, 07:10

Zarauzko Udalak eta Zurekin ostalarien elkarteak herriko eskaintza zabala «modu erabilgarri eta errazean» jarri du  bisitarien zein zarauztarren esku. Arazi enpresak Android eta Iphone sakelekoen erabiltzaileentzat Zarautz APP aplikazioa garatu du, eta eskuragarri dago dagoeneko . Aplikazio horrek Zer egingo dugu gaur Zarautzen? galderari erantzungo dio, Araziko Amaia Isastiren arabera. Izan ere, herrian igaroko duten denbora antolatu ahal izateko herriko  informazio zabala jaso dezakete interesa dutenek aipatu aplikazioa deskargatuz gero. Interesa dutenek doan jaitsi ahalko dute, eta modu errazean. Android telefono adimenduna dutenek Google Play programaren bitartez egin ahalko dute, eta Iphonea dutenek, berriz, Itunes-en bidez. Bilatzailean aplikazioaren izena idatzi eta botoiari sakatu besterik ez da egin beharko Zarautz APP deskargatu ahal izateko. Surfaz gozatzeko Jakinarazi dutenez, www.gurezarautz.com webgunearen sakelekorako bertsioa da. «Atzean ez geratzeko borondate naturala dugu, webgunetik saltoa egiteko», nabarmendu du Zurekin elkarteko kide Igor Aizpitartek. «Lehen bertsioa besterik ez da honakoa, oinarrizko kontuak soilik biltzen ditu», adierazi du Araziko kideak. Aurrera begira, ordea, hobetzen joango direla jakinarazi du: «Datozen hilabeteetan aplikazioa garatzen jarraituko dugu, Zarautzek sakelekorako aplikazio duina izan dezan. Jaio besterik ez da egin». Lau hizkuntzatan dago eskuragarri Zarautz APP: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Horren bitartez herriko jardueren zein zerbitzuen berri izango dute erabiltzaileek, modu [...]

Ezkerretik eskuinera, Arazi enpresako Amaia Isasti, Kultura zinegotzi Gari Berasaluze, Zurekin elkarteko Igor Aizpitarte eta Turismo zinegotzi Karmele Alberdi, aplikazio berriaren aurkezpenean (Argazkilaria: Amaia Ventas)

Zarauzko Udalak eta Zurekin ostalarien elkarteak herriko eskaintza zabala «modu erabilgarri eta errazean» jarri du  bisitarien zein zarauztarren esku. Arazi enpresak Android eta Iphone sakelekoen erabiltzaileentzat Zarautz APP aplikazioa garatu du, eta eskuragarri dago dagoeneko . Aplikazio horrek Zer egingo dugu gaur Zarautzen? galderari erantzungo dio, Araziko Amaia Isastiren arabera. Izan ere, herrian igaroko duten denbora antolatu ahal izateko herriko  informazio zabala jaso dezakete interesa dutenek aipatu aplikazioa deskargatuz gero.

Interesa dutenek doan jaitsi ahalko dute, eta modu errazean. Android telefono adimenduna dutenek Google Play programaren bitartez egin ahalko dute, eta Iphonea dutenek, berriz, Itunes-en bidez. Bilatzailean aplikazioaren izena idatzi eta botoiari sakatu besterik ez da egin beharko Zarautz APP deskargatu ahal izateko.

Surfaz gozatzeko
Jakinarazi dutenez, www.gurezarautz.com webgunearen sakelekorako bertsioa da. «Atzean ez geratzeko borondate naturala dugu, webgunetik saltoa egiteko», nabarmendu du Zurekin elkarteko kide Igor Aizpitartek. «Lehen bertsioa besterik ez da honakoa, oinarrizko kontuak soilik biltzen ditu», adierazi du Araziko kideak. Aurrera begira, ordea, hobetzen joango direla jakinarazi du: «Datozen hilabeteetan aplikazioa garatzen jarraituko dugu, Zarautzek sakelekorako aplikazio duina izan dezan. Jaio besterik ez da egin».

Lau hizkuntzatan dago eskuragarri Zarautz APP: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Horren bitartez herriko jardueren zein zerbitzuen berri izango dute erabiltzaileek, modu zuzenean. Aplikazio horri esker, bisitan datozen egun jakin horretan edo horietan egingo duen eguraldia eta mareen aurreikuspena ezagutu ahalko dute erabiltzaileek, esaterako. Izan ere, hondartzak zein surfak tarte handia du; itsasoaz segurtasunarekin gozatzeko aukera eskainiko du. Herriko surflariekin zein taldeekin elkarlanean osatu dute olatuen taula eta mareen nondik norakoen eta kontuan izan beharreko beste hainbat  faktoreren informazioa.

«Orain arte www.alaplaya.com izan da erreferentzia surflarientzat. Atari hori desagertu egin da, eta hutsunea dago sektore horretan. Zarautz APPren bitartez, beraz, webgune horrek eskaintzen zuen informazioa eman nahi da», zehaztu du Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek. Itsasoan «seguru» ibiltzeko jarraibideak eta arauak ere eskura daitezke aplikazio horren bitartez.

Horrekin batera, egun  horietan herrian antolatu dituzten ekitaldien berri izango dute erabiltzaileek eta baita urte guztiko egitaraua eskuratu ere.

Herriko ostalaritza gida ere jasotzen du Zarautz APP aplikazioak. Zarauzko jatetxeen, tabernen eta ostatuen zerrenda luzea aurki dezakete turistek bertan eta menuak, prezioak eta establezimenduen askotariko ezaugarriak kontsultatu, besteak beste. Horiek non dauden ere jakiteko aukera eskaintzen du; izan ere, erabiltzailearen kokapena kontuan izanda, dagoen tokitik bisitatu nahi duen establezimendura eramango du, smartphonaren lokalizatzailearen bitartez.

500 erabiltzailetik gora
Astebetean 500 pertsona inguruk jaitsi dute aplikazioa. Horietatik %64 Android sakelekoen erabiltzaileak  dira, eta %36, berriz, Iphonen jabeak. Herriko sarreretan zein autobus geltokietan aplikazioaren berri ematen duten hainbat kartel zintzilikatu dute. Datozen egunetan oihartzun izan dezan, beste hainbat bidetatik iragarriko dute aplikazio berria; eskuorrien bitartez, kasu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide