Zumaian, Basustako magalean, kanpina jartzeko asmoa du Juan Luis Saez zumaiarrak. Basusta etxekoak 2013rako nahi du egitasmoa martxan izatera, Aste Santuak eta udan bitarterako. Lanean hasteko, ordea, baimenak eta finantziazio bideak lortzen ari da egun, azpiegitura osoa esku pribatuetatik sortuko baitute. Hala ere, dagoeneko Zumaiako Udalaren oniritzia lortu du; izan ere, Zumaiako Udalbatzak dagoeneko onura publikotzat jo du kanpina, azken onarpena Foru Aldundiak emango badu ere; oraindik oniritzi «ofizialik» ez du jaso, baina Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak adierazi du onespena «bidean» dela. Horrez gain, lur eremu horretan halako azpiegitura bat egiteko behin behineko plan berezia onartu du Udalak, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailara bideratuko dute plana, behin betiko oniritzia eman dezan.
«Lehen mailako» kanpina
Saezek «lehenengo mailako» kanpina egiteko asmoa du, 500 lagun baino gehiagorentzako lekua izango duena; hala nola,
mobile home-ak
bungalow-ak eta karabana, autokarabana eta kanpin dendentzako lekua izango du. «Egungo gizarteak eskatzen dituen zerbitzuetara» egokituko dute kanpinga; batez ere familiei zuzendu nahi diote egitasmoa, eta horregatik haurrentzako parkeak, kirol anitzerako guneak eta igerilekuak eraikiko dituzte. Horretarako, merkatua aztertu dute, eta inguruko kanpinak bisitatu dituzte; hala nola, Frantziako, Herbereetako kanpingak hartu dituzte eredutzat. Zentzu horretan, herrian «hutsune» bat beteko duela uste du zumaiarrak, eta turismoa sustatuko duela irizten dio; «guztia dugu herrian, eta aukera asko daude turistikoki; hondartza,
flysh-ak, mendia... baina orain arte motz geratu gara, eta egitasmo honekin herrian gorakada izango dela uste dugu». Kanpina jartzearekin batera, bizikletak alokatzeko zerbitzua ere martxan jarri nahi dute, eta horretarako Mugi! bizikleta zerbitzuarekin elkarlanean aritu daitezkeela aipatu du.
Basustako lur eremuei probetxua ateratzeko asmoz gauzatu nahi du proiektua; izan ere, duela urte batzuk arte hegaztien haztegia zuten, baina krisiaren ondorioz negozioa «behera» joan zela adierazi du Saezek. Horrez gain, hegaztiek gaixotasun bat hartu zutela adierazi du, eta animaliak hiltzera behartu zituzten; hala, bere lurrei «beste alternatiba» bat bilatu ziela adierazi du.
Udala, ados
Pasa zen ostegunean onartu zuen Zumaiako Udalbatzak kanpina egiteko egitasmoa onura publikoa izatea, aho batez; Ana Arranz EAJko ordezkariaren esanetan, «proiektu interesgarria da, turismoa erakartzeaz gain, zumaiarrentzat lanpostuak sortuko dituztelako».
Basustako behin betiko plan berezia, berriz, Bildu, Aralar eta PSEren aldeko botoekin onartu zuten, jeltzaleak abstenitu egin baitziren; horien ustez, plana «azkar» egin da, eta hainbat «zalantza» dituzte; horien artean, araztegiaren «gertutasuna» azpimarratu du EAJk, eta horrek sortu ditzaken «usain txarrak eta eragozpenak» ezbaian jarri ditu; horrez gain, aparkalekuan non jarriko dituzten eta zabor bilketa nola egingo duten zehazteko eskatu dute. Kanpinean jarriko dituzten etxeak zein motatakoak izango diren ere galdetu dute, horren arabera «guneak zabalagoa beharko duen ala ez azterketa sakona egin beharko delako».
Emiliano Cabañas PSEko bozeramaileak, berriz, adierazi du planak ez dituela hainbat puntu jasotzen, eta horiek «konpondu» behar direla azpimarratu du, «urte batzuen buruan arazorik izan ez dadin».