Zakurren gorotza kalean uzteagatik isunak jarriko ditu Orioko Udalak

Ane Olaizola 2012ko eka. 5a, 09:20

Orioko Udalak animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantza onartu du, animalien eta pertsonen arteko «elkarbizitza harmonizatzeko» asmoz. Animalien tratua, higienea, zaintza eta garraioaren inguruan gutxieneko neurriak zehaztu ditu udalak. Hala nola, udalak debekatu egin du gune publikoetan, hondartzan, haur parkeetan eta lorategietan zakurren iraizkina edo gorotza uztea, eta arau hori hausten duenak 601 euro arteko isuna ordaindu beharko du. Urriaren 1etik Aste Santura hondartzan eta inguruko guneetan txakurrak egon daitezke, baina gainontzeko egunetarako hainbat neurri zehaztu dituzte; egun horietan 21:00etatik 06:00etara egon ahalko dira zakurrak, beti ere lotuta baldin badaude. Kaleko animaliei dagokienez, berriz, bide publikoan eta ordubetean animaliei jaten ematea debekatuta egongo da, horretarako baimenik izan ezean. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliek, berriz, muturrekoak eraman beharko dituzte; une oro lotuta egon beharko dute kalean animaliok, eta jabeak ezin izango du zakur bat baino gehiago eraman kasu horietan. Hain zuzen, arau hauste «larria» izango da animalia leku publikoetan lotu gabe izatea, eta 2.400 euro arteko isunarekin zigortu ahalko du jabea Orioko Udalak. Halaber, etxalde, terraza eta bestelako leku mugatuetan ere lotuta egon beharko dute animaliek. Udalak, bere aldetik, zakurraren arrisku maila baloratu ahalko du, jabeak hala eskatuz gero. Neurriak, jendaurrean Edonola ere, zakurren jabeek animalia identifikatuta eduki beharko dute, derrigorrez. Horretarako, animalia jaio denetik hilabeteko epea izango dute udaletxean erroldatzeko. Orioko Udalak, bere aldetik, animaliak edukitzeko baimenari edota horien gehienezko kopuruari «mugak» jarri ahal izango dizkio. Horretarako, animalien bizitokiaren ezaugarriak, eta segurtasun, higiene eta osasun baldintzak hartuko dituzte kontutan. Herritarrek gainera, osasun zerbitzuari emango die kaleko eta abandonatutako animalien berri. Animalia identifikatuta baldin badago, jabeak zazpi egun izango ditu animalia berreskuratzeko. Epea amaitutakoan, udalak azken aukera bezala «safrifizio eutanasikoa» gauzatuko du. Animaliaren babesa urratzen dituena 30 euro eta 15.000 euro arteko isunekin zigortuko ditu. Udal ordenantzak, ordea, ez du eraginik izango ehiza, zezenketen eta arrantza jardueretan. Orioko Udalak pasa zen ostegunean egin zuen ohiko bilkuran onartu zituen behin betiko neurriak, Bildu eta Orainen aldeko botoekin, eta EAJren abstentzioarekin. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, hilabeteko epea izango dute herritarrek helegiteak aurkezteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide