Arantxa Eizmendi: «Umetan koltxoi asko egin ez banituen ere, garbi gogoratzen dut lana»

Ane Olaizola 2012ko mai. 22a, 09:35

Aiako Asentzio Azokan herriko bost emakumek koltxoi bat egin dute artilearekin, baserriko garai bateko ofizioak belaunaldi berriei erakusteko asmoz. Tartean, Arantxa Eizmendi (Aia, 1949) aritu da lanean, bisitarien aurrean. Igandean egin zuen eguradiaren ondorioz, ekitaldi gehienak estalpean egin zituzten. Laiekin lurra irauli eta babarruna landatzekoak ziren, baina bertan behera utzi zuten saioa. Edonola ere, antolatzaileek balorazio positiboa egin dute, ohi bezala, lagun ugari gerturatu baitzen herrira. Nola egin zenuten koltxoia? Artilearekin egin genuen koltxoia, lehengo erara. Horretarako, aurretik ilea garbituta genuen, eta erakusketan ilea jo genuen lehenengo, urritza makilarekin. Esaten dute garai batean urritza makila erabiltzen zela, baina nik ez nuen hori ezagutu. Horren ordez, trailuak erabiltzen nituen; bi makila dira, elkarri lotuta. Denbora gutxi izan dugu materiala eta tresnak prestatzeko. Urritza makilaren bidez artilea askatu eta banatu genuen. Ileak lotuta egoten dira, izan ere. Ondoren, eskuekin xehetu egin behar izaten da artilea. Zakura sartutakoan, koltxoiari loturak egiten zaizkio puntu batzuetan, ilea leku jakin batean egon dadin, batetik bestera mugi ez dadin. Noiz ikasi zenuen koltxoiak egiten? Umetan ikasi nuen; zortzi urte inguru izango nituen. Nik neuk oso gutxi jardun nuen horretan; ni baino helduagoak zirenak gehiago egin zuten. Baina ez zaizu ahaztu, ezta? Ez. Ez naiz ondo gogoratzen nola garbitzen zuten ilea, baina badakit trailuarekin jolasten aritzen nintzela. Asko gustatzen zitzaidan tresna hori. Polita da trailua erabiltzea, baina horretan ere ikasi egin behar da. Telebistarik ez zen orduan, eta dezente jarduten genuen jolasean. Nahiko garbi gogoratzen dut. Zure aurreko belaunaldiek hala egingo zuten lana, ezta? Duela 40 urte inguru hasi ziren ofizio hauek desagertzen, baina ordura arte guztiek egiten zuten modu honetan lan. Ez zegoen bestelako koltxoirik. Beste zer erabilera zuen artileak? Koltxoiez gain, burkoak egiten zituzten. Koltxoien azpiko lastairak egiteko, berriz, artoaren azala eta belarra erabiltzen zituzten. Malguki batzuk egurrera lotzen ziren, eta horien gainean jartzen ziren arto azalak. Nik ez dut inoiz egin, baina ikusi izan dut. Jende asko joan al da zuen erakusketa ikustera? Jende mordoxka etorri zen, eguraldi oso txarra egin bazuen ere. Askok, gainera, ez zuten inoiz ikusiko halakorik. Bazkaltzerakoan, adineko beste emakume batzuekin egon ginen, eta esan ziguten oso ondo erakutsi genuela. Harrera ona izan genuen. Asko aldatu al dira baserriko ofizioak? Erabat aldatu da; ez du zerikusirik lehengoarekin. Ikuiluan, esaterako, behien aldean hostoak jartzen genituen. Halako beste mila gauza daude aldatu direnak. Oraingo baserriak ez du lehengoaren itxurarik. Zerk ordezkatu ditu lehengo lanbideak? Makinek. Beste erritmo batera bizi gara, eta lana azkarrago egiten da orain. Lehen eskulana egiten genuen asko. Lanak erraztearren aldatu dira ofizioak. Izan ere, lehenegoek lan asko eskatzen zuten. Artilea garbitzea, esaterako, oso gogorra da. Esaten dute garbitasunarengatik ere aldatu dutela, baina ez nago oso ziur hala denik. Artilea garbitu egiten zen, eta oso goxoa izan ohi zen. Ez dut uste gorputzerako txarra izango zenik; sintetikoa baino hobeagoa izango zen, beharbada. Orduan, gainera, ez ginen bizi orduaren menpe. Beste bizimodu bat genuen; lan asko egiten genuen, baina lasaiagoa zen. Naturarekin ere harreman handia genuen, orain ez bezala. Lehen, une oro basoan ibiltzen ginen, bizimodua kanpoan egiten genuen. Baserrietan eusten al zaie ofizioa hauei? Uste dut guztiak galduta daudela. Garai batean koltxoiaren funda egiteko kotoi mota bat erabiltzen genuen, kolorea ere berezia zuen. Asko kosta zaigu hori topatzea, baina azkenean lortu dugu. Egun ez dago halako gauzarik. Ohiturak galdu egin direnez, erremintak ere galdu egin dira. Amonei galdetuta aurkitu ditugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide