Bizitzaz eta adiskidetasunaz hausnartzen duten bi artisten inguruko antzezlana da
Kafe txinatarra. Alde batetik, Hektor idazlea dago. Bestetik, berriz, Julian argazkilaria. Biek bat egingo dute gaur gauean, 22:00etatik aurrera, Zumaiako Aita Mari antzokian. Kandido Uranga (Zumaia, 1955) bertan izango da, bera arduratuko baita aipatutako bigarren pertsonaia antzezteaz.
Gainerako kafeekin alderatuta, zertan da ezberdina kafe txinatarra?
Ez dut ideiarik ere. Kafe kolonbiarra, nigeriarra, greziarra, turkiarra... eta txinatarra. Kafeen artean bat gehiago da. Segur aski, kafe txinatarra auzo txinatarretan hartu beharko da.
Auzo txinatar batean kokatuta al dago bada istorioa?
Ez, ez dago horrelako auzo batean kokatuta, baina pertsonaietako bat bertan bizi da, eta noizbehinka kafe txinatarra hartzen du. Era berean, txinatarrez hitz egiten du, baita txinatarren filosofiaz eta bizimoduaz ere. Baina, azken finean, aitzaki bat baino ez da beste hainbat gauza ezkutatzeko.
Hori al da zure pertsonaia antzelan honetan?
Ez, Asier Hormazak antzezten duen Hektor da pertsonaia hori. Idazlea da, eta bera bizi da auzo txinatarrean. Nik Julian argazkilaria antzezten dut.
Antza denez, etsaituta dauden bi lagunen kontakizuna da.
Lagunak dira, baina etorkizuna eraikitzen doa. Oraingoz, iragana bakarrik dakigu: oraina etengabeko iraganaz bihurtzen da eta orainak egiten du etengabeko etorkizuna. Orain arte lagunak dira bi pertsonaiak, baina etorkizunean ez dakigu zer gertatuko den, eztabaida latz bat izango baitugu. Hori edonori gerta dakioke: gure lagun-mina hala izango da lagun-mina den bitartean, baina izateari uzten dionean, ez dakigu zer izango den bihar.
Printzipioz, ongi hasi eta gaizki bukatzen den harreman bat al da?
Bai, hala da. Harremana gozoagoa da hasieran bukaeran baino. Ongi eta gazki bukatzen den, hori erlatiboa da, eta, egia esan, ez dakit bien arteko erlazioa noiz dagoen hobeto. Aldatuz doa, zalantzarik gabe.
Nolakoak dira bi artista hauek?
Porrot egiten duten bi pertsonaia dira. Elkarren artean eztabaida dialektiko-intelektual bat izango dute; premiazkoa duten eztabaida, alegia. Idazlea argazkilariarengana joango da goizeko 02:00etan, zor dion dirua eskatzera. Nire pertsonaiak zera galdetuko dio, orduan: ea zor dion diruaren bila datorren, ala idatzi berri duen liburuaren herentziaren bila. Eztabaida horrela hasten da. Psikologikoki batak bestea manipulatzen du hasiera batean, baina denborak aurrera egin ahala, manipulatuak ezingo du hori aurrera eraman, eta bere benetako egia utziko du agerian. Nolabait esateko, ikuspegi eta bizimodu diferenteak dituzte.
Hausnatzeko antzezlan bat dela uste al duzu?
Ikusteko antzezlana da. Antzerkia ikusiz tarte atsegin bat pasatzeko aukera ematen du. Ekitaldi bakarra izango du obrak, hasieratik bukaerara arte, eta bi aktoreen eskutik, bi pertsonaien arteko lehia du kontagai.
Gaztelaniazko bertsioaren ondotik dator euskarazkoa, ezta?
Lehen bertsioa gaztelaniaz egin zuten, Asier Hormazak eta Manuel Galianak. Ondoren, niri deitu zidaten euskarazko bertsioan parte hartzeko. Beraz, antzezlana jada disenatuta zegoen ni sartzerako. Euskarazko bertsioa duela hiru hilabete inguru estreinatu genuen, eta jendea oso gustura geratu da gure lanarekin. Sentipen onarekin, egia esan.
Zure kasuan, eroso sentitzen al zara Julian argazkilariaren azalean?
Bai. Oso atsegina da halako lanak egitea, baita antzeztoki gaina Asier Hormazarekin partekatzea ere. Aktore handia da, eta elkarrekin oso ongi pasatzen dugu. Horrexegatik bakarrik merezi izan du antzezlan hau egiteak; hau da, gure arteko, bi aktoreon arteko, gozamenagatik.
Kafe txinatarra antzezlanaz gain, antzerki proiektu propioekin –Miranderen inguruan ikuskizunarekin– ere jarraitzen al duzu?
Bai, deitzen badidate inon egiteko, beti prest nago. Miranderen inguruan lanarekin, adibidez, badaramat pare bat urte, eta, oraingoz, beste proiektu pertsonalik ez dut esku artean. Hala ere, baditut beste proiektu batzuk, baina oraindik goiz samar da horiei buruz hitz egiten hasteko. Askotan hobe da ez hitz egin, askotan ez baitakizu ziur izango diren ala ez.
Hori antzerkiari dagokionez. Izan ere, Goenkale-n ere jarraitzen duzu.
Aurtengo denboraldiko grabazioekin bukatu dugu. Telesaila emititzen jarraitzen dute, baina aktoreok jada bukatu ditugu antzezpenak. Orain zain gaude, ea datorren denboraldian zer gertatuko den. Pentsatzen dut jarraituko duela, baina ETBren baieztapen ofizialaren zain gaude. Bestela, Goenkale-n oso gustura nabil. Herrian badago ikusteko amorratzen dagoen publiko oso fidela eta leiala, eta hori horrela den bitartean, guk horientzat egiten segituko dugu.
Aktore todoterreno horietakoa zara: antzerkia, telebista, zinema...
Abizena soberan dagoela uste dut. Ni aktorea naiz, besterik gabe. Gainera, ez dut aktore todoterrenorik ezagutzen. Ez dakit zer esan nahi duen ere.
Zorteduna zarela, behintzat, ezin diteke uka. Diziplina guztietan lana sarri eta nahiko konstatea duzu.
Orain arte hala izan da, eta, alde horretatik, zorteduna naiz. Dena dela, aktore batzuen izenak baino ez ditugu ezagutzen. Demagun Euskal Herrian 300 edo 400 aktore daudela. Horietatik zenbat ezagutzen ditugu? Eta Espainian? Eta Hori horrela, zortedun sentitzen naiz, aktore lanetik bizimodua ateratzen dudalako.