«Bizimodu oso arruntetatik ere zerbait berezia atera daiteke»

Aritz Mutiozabal 2012ko mai. 17a, 06:30

Susa argitaletxearen eskutik, estreinako eleberria argitara eman du Yoseba Peñak (Sodupe, 1977). Zarauzko bizilagunak Hodeien adorea idatzi du, eta hiru anaien inguruko tragedia du kontagai. Gaur eguerdian Donostiako udal liburutegiko sotoan aurkeztuko du, eta asteazkenean, maiatzaren 23an, Garoa liburudendan. Hodei autista gazte bat da. Zer zerikusi du adorearekin istorioan? Nobelaren hasieran Edward Estlin Cummings poetaren aipu bat jarri dut, eta bere hitzetan, «adorea behar da hazteko eta benetan zarena bihurtzeko». Nobela honetan mutil horren aldaketa kontatzen dut zeharka. Nahiz eta autista izan, bizipen batzuk ditu, eta gauza batzuk gertatzen zaizkio, eta bukaeran aldatu egiten da.  Hori da nobelaren fikzioa: nola mutil autista bat bere mundutik ateratzen den gauza bat egiteko. Kasu zehatz batean aldatuko al da Hodei? Une zehatz batean izango da, eta nobelaren bukaerako zatia berak kontatzen du. Hor azaltzen du, bere parametroetan, berak egin duena, eta zergatik egin duen. Hodei, ordea, ez da kontakizuneko pertsonaia bakarra. Hiru anaietatik gazteena da. Hori da. Berarekin batera, Txefe eta Jon daude. Donostiako aldiri bateko familia batekoak dira, kaletarrak eta hirikoak. Guraso etorkinak dituzte, eta seme bakoitza bere moduan integratu da: Txefe ezker abertzaleko kide sutsua da; Jon ere izan zen, baina orain erdi-pijoa da, eta neska dirudun batekin dabil, Donostiako burgesiakoa. [...]

Yoseba Peña

Yoseba Peña

Susa argitaletxearen eskutik, estreinako eleberria argitara eman du Yoseba Peñak (Sodupe, 1977). Zarauzko bizilagunak Hodeien adorea idatzi du, eta hiru anaien inguruko tragedia du kontagai. Gaur eguerdian Donostiako udal liburutegiko sotoan aurkeztuko du, eta asteazkenean, maiatzaren 23an, Garoa liburudendan.

Hodei autista gazte bat da. Zer zerikusi du adorearekin istorioan?
Nobelaren hasieran Edward Estlin Cummings poetaren aipu bat jarri dut, eta bere hitzetan, «adorea behar da hazteko eta benetan zarena bihurtzeko». Nobela honetan mutil horren aldaketa kontatzen dut zeharka. Nahiz eta autista izan, bizipen batzuk ditu, eta gauza batzuk gertatzen zaizkio, eta bukaeran aldatu egiten da.  Hori da nobelaren fikzioa: nola mutil autista bat bere mundutik ateratzen den gauza bat egiteko.

Kasu zehatz batean aldatuko al da Hodei?
Une zehatz batean izango da, eta nobelaren bukaerako zatia berak kontatzen du. Hor azaltzen du, bere parametroetan, berak egin duena, eta zergatik egin duen.

Hodei, ordea, ez da kontakizuneko pertsonaia bakarra. Hiru anaietatik gazteena da.
Hori da. Berarekin batera, Txefe eta Jon daude. Donostiako aldiri bateko familia batekoak dira, kaletarrak eta hirikoak. Guraso etorkinak dituzte, eta seme bakoitza bere moduan integratu da: Txefe ezker abertzaleko kide sutsua da; Jon ere izan zen, baina orain erdi-pijoa da, eta neska dirudun batekin dabil, Donostiako burgesiakoa. Anaia bakoitzak bere bidea jarraitzen du, zerbait gertatzen den arte. Gertakariak hirurei aldatuko die bizitza.

Gertakariak larria izan behar du, gero.
Jon taberna batean ari da lanean, eta etxera itzultzerakoan talde bat ikusiko du gizonezko bat jipoitzen. Etxean, jipoitzen ari zenetako bat bere anaia izan zitekeela pentsatzen hasten da. Aurrerago, bera zela jakiten du. Egoera horren aurrean zalantzak sortzen zaizkio: anaia babestu ala salatu. Hori da abiapuntua.

Hala ere, eleberria ez du anaietako batek kontatzen, narratzaile trapitxero batek baizik. Jipoia jasotzen duena al da, akaso?
Bai, hil duten pertsona hori da narratzailea. Kontakizunaren ia hasieran konturatuko da irakurlea trapitxeroa Jonekin hitz egiten ari dela. Beraz, Jon ere hilda dago. Azken finean, Jon nola hil den kontatzen du istorioak. Lehen eleberria izanda, zerbait berria egiten saiatu nintzen. Hori horrela, elkarrizketa formatua erabili dut kontatzerakoan, eta tarte batzuetan bakarrizketa ere bai. Trapitxeroak edo gizajoak kontatuko dio Joni zergatik dagoen hilda edo linboan. Azalpen horretan gezurra ere nagusituko da. Eta, bukaeran, autistak gogoratzen duena jasotzen da. Beraz, gertakizunaren hainbat bertsio dago.

Nobelagile berria zaren aldetik, idazkera berritzeko kezka izan duzula diozu. Behar hori hasieratik izan al duzu?
Hasieratik izan dut, bai. Egunero idazten dut, eta aurretik beste nobela batzuk ere idatzi ditut; ez dira batere onak. Istorio bakoitzak forma berezi bat eskatzen dizu, eta niri, adibidez, Quentin Tarantinoren filmak edo Trainspotting bezalako ekoizpen modernoak gustatzen zaizkit. Nolabait esateko, istorioa jauzika eta flashback-ekin kontatzen dutenak. Hori nobela honetara eramaten saiatu naiz. Bost kapitulu ditu, eta kapitulu bakoitzak denbora bat du ardatz: etorkizuna, iragan hurbila, iragan ez hurbila… Horietan, une horretan Jonen bizitzan zer gertatu zen kontatzen da. Era berean, balizko etorkizunean gertatuko zena ere badago, baldin eta Jon hil ez bazen.

Kontakizunak kutsu poetikoa du, eta zenbait kasutan pop erreferentziak ere sartu dituzu.
Pop klasikoa oso gustukoa dut; David Bowie eta Iggy Pop, adibidez. Poetikoari dagokionez, metafora eta irudi arraroak erabiltzen ditudala esaten didate. AEBetako eta Alemaniako literatura asko irakurtzen dut, eta nire iturriak, agian, arrotzak dira Euskal Herriko parametroetan. Bestalde, zinema ere asko gustatzen zait, eta hori ere agerian uzten dut.

Istorioko  anaiak familia apal batekoak dira, periferiatik datoz, eta zori txarra dute. Galtzaileen omenezko eleberria al da?
Galtzaileen inguruko eleberria da. Guztiok, modu batean ala besteak, galtzaileak gara. Azken batean, guztiok ditugu gure tragedia txikiak. Kontakizuneko pertsonaiak oso arruntak dira, eta bizimodu arrunta dute. Edonola ere, bizimodu oso arruntetatik ere zerbait berezia atera daiteke. Bestalde, eleberriko gai nagusia ez bada ere, garrantzitsua zen gurasoak etorkinak izatea; hau da, integrazio hori azaltzea. Ezin nuen kontakizun hau Madrilen edo beste nonbait kokatu, nahiz eta halaxe abiarazi nuen. Baina hori ez zen nire istorioa. Bertako izatea nahi nuen.

Bortizkeria, iruzurra, krimena, drogak eta abar. Nobela beltzetik asko al du Hodeien adorea-k?
Ez. Nik uste dut gure egunerokoan daudela, eta, alde horretatik, ez zaizkigu arraroak egiten. Heriotzak daude, eta, zentzu horretan, gerta daiteke. Eleberri bateak zerbait kontatu behar duzu; bestela, James Joyce-n Ulises berridazten duzu. Nire burua kontalaritzat dut. Beraz, gustuko dut zerbait berezia kontatzea.

Estreinako nobelaren erronkari buruz, zaila izan al da erditzea?
Egia esan, ez. Argitaratzen dudana bada ere, ez da idatzitako lehena. Besteak askoz ere txarragoak ziren, eta ez zuten argitaratzerik merezi. Oso idazle diziplinatua naiz: egunero idazten dut, goizean goiz, lanera joan aurretik. Alde horretatik, ez da nekeza izan. Aitzitik, zuzentzea eta azken produktura iristea ez da lan erraza izan, egunero pentsatu baitut istorioaren gainean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide