«Oraingoan ‘Parot dotrina’ kenduko zutelakoan geunden»

Nerea Uranga 2012ko api. 24a, 07:00

Izarrak ikusteko gogoarekin irten zuen kartzelatik Juan Mari Igarataundik (Zestoa, 1957), baina orduz geroztik lainotuta egon da zerua ia egunero. 25 urte egin ditu espetxean, eta joan den martxoaren 30ean utzi zuten libre. Parot delako doktrinaren aurkako 31 helegiteetatik hiru bakarrik onartu ditu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak; tartean, Igarataundirena eta Joxe Mari Perez Txuri zarauztarrarena. Igarataundi 1987an atxilotu zuten ETAko kidea izatea egotzita. 2009ko apirilaren 9an bete zuen  zigorra. Baina Parot delakoa ezarri, eta kartzela zigorra luzatu egin zioten. 2005eko irailetik Mansillako (Leon, Espainia) kartzelan egon da. Urola Kostako Hitza-k ostiralean egin zion elkarrizketa preso ohiari, Zestoako Laranjadi plazako taberna baten atarian. Hiru aste daramatza libre, baina oraindik herritarren ongietorria eta besarkadak jasotzen ditu kasik egunero. «Nik uste nuen herritar denak agurtu nituela, baina oraindik ere batzuk gelditzen dira…». Zer moduzkoak izan dira herrian daramatzazun lehenengo aste hauek? Oraindik ere egiten ari naiz; dena desberdina da, eta pixkanaka egiten, ezagutzen. Dena den, egun hauetan gutxi ibili naiz Zestoan; gehienbat Zumaia aldean eta Azpeitian ibili naiz. Barruko tximeletak baretual zaizkizu? Tximeletak gehienbat omenaldi egunean [apirilaren 13an egin zioten, Zestoan] izan nituen; ez izan plaza gizona, eta izugarria izan zen. Orain manifestazioa dela, prentsaurrekoa dela, elkarrizketa dela… horrelakoekin gabiltza. Zestoa eta ingurua asko [...]

Igarataundi

Juan Mari Igarataundi (Argazkia: Nerea Uranga)

Izarrak ikusteko gogoarekin irten zuen kartzelatik Juan Mari Igarataundik (Zestoa, 1957), baina orduz geroztik lainotuta egon da zerua ia egunero. 25 urte egin ditu espetxean, eta joan den martxoaren 30ean utzi zuten libre. Parot delako doktrinaren aurkako 31 helegiteetatik hiru bakarrik onartu ditu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak; tartean, Igarataundirena eta Joxe Mari Perez Txuri zarauztarrarena.

Igarataundi 1987an atxilotu zuten ETAko kidea izatea egotzita. 2009ko apirilaren 9an bete zuen  zigorra. Baina Parot delakoa ezarri, eta kartzela zigorra luzatu egin zioten. 2005eko irailetik Mansillako (Leon, Espainia) kartzelan egon da.

Urola Kostako Hitza-k ostiralean egin zion elkarrizketa preso ohiari, Zestoako Laranjadi plazako taberna baten atarian. Hiru aste daramatza libre, baina oraindik herritarren ongietorria eta besarkadak jasotzen ditu kasik egunero. «Nik uste nuen herritar denak agurtu nituela, baina oraindik ere batzuk gelditzen dira…».

Zer moduzkoak izan dira herrian daramatzazun lehenengo aste hauek?
Oraindik ere egiten ari naiz; dena desberdina da, eta pixkanaka egiten, ezagutzen. Dena den, egun hauetan gutxi ibili naiz Zestoan; gehienbat Zumaia aldean eta Azpeitian ibili naiz.

Barruko tximeletak baretual zaizkizu?
Tximeletak gehienbat omenaldi egunean [apirilaren 13an egin zioten, Zestoan] izan nituen; ez izan plaza gizona, eta izugarria izan zen. Orain manifestazioa dela, prentsaurrekoa dela, elkarrizketa dela… horrelakoekin gabiltza.

Zestoa eta ingurua asko aldatuta ikusi al dituzu?
Asko. Zestoa ez horrenbeste, ez delako zabaldu. Etxe berriak badaude, baina lehen etxeak zeuden tokietan; beste hainbat berritu ere egin dute. Baina Azpeitian auzo berriak daude, eta ikaragarria da. Zarautz eta Zumaia ere erabat aldatuta ikusi ditut. Dena den, autoei dagokienean ikusi dut alde handiena. Asko daude! Lehen edozein tokitan aparkatzen genuen, eta orain Zestoan aparkaleku bat topatzeko buelta bat eman behar da. Handia da aldea. 25 urteko parentesia izan da, izan ere. Nik sakeleko telefonorik, mikrouhin laberik, eta horrelakorik ez nuen ikusi, eta orain ari naiz ezagutzen. Telefonoarena harrigarria da. Nik neuk ez dut erabiltzen, eta erabiltzeko asmorik ere ez dut. Sakelekoaren kontua bazegoela jakin arren, zirrara handia eragin dit. Gauza bat da entzun izatea, eta bestea bizi eta ikustea.

Eta jendea aldatu egin al da?
Oraindik dena ikusteko denborarik ez dut izan, baina batik bat gazte jendea nahiko berekoia iruditu zait. Adibidez, Bilboko manifestazioan [apirilaren 14koa] gazte gutxi zegoela iruditu zitzaidan. Baina kontua hala dela esan didate: gazte jendea ekimen zehatz batzuetara joaten da, baina bestela gazteek pixka bat paso egiten dute. Baina, egia esanda, oraindik neuk ez dut asko ikusi.

Kartzelatik irten eta zer egin zenuen lehenbizi? Itsasoa ikustera joan?
Zestoan egun bat egin, eta segidan laupabost egunean herrira agertu gabe egon nintzen. Zumaia aldetik-eta ibili ginen, itsasoa ikusiz. Itsasoa ikustera joan, eta espazio zabalagatik bertigo modukoa sentitu nuen. Zumaiko moilan, itsasoa alde batetik eta bestetik dena berdea ikusita, zorabio antzeko batzuk izan nituen. Dena gertura ikusten ohituta nengoen, eta urrutira espazioa ikustea txokea da; desoreka sentitzen da. Hori gertatzen omen zen; entzuna nuen. Baina entzuna izatea kontu bat da, eta bizitzea bestea.

Askatasunak nolako kolorea du?
Asko pentsatzeko betarik ere ez nuen izan; bat-batekoa izan baitzen nire kaleratzea. Nik ez nuen uste txanda honetan sartuko nintzenik, uste nuen hurrengoan sartuko nintzela. Libre gelditu behar zuen bat neu nintzela esan zidatenean, ezin nuen sinetsi. Telebistaz jakin nuen, gauez, eta hurrengo goizean atera nintzen. Beraz, pentsatzeko asti handirik ez nuen izan. Bezperan ez nuen ia lorik egin. Ezin nuen barneratu hurrengo egunean kaleratuko nintzela. Batetik hurrengo egunean kalean egongo nintzela ikusten nuen, baina bestetik kalera irtetzeko oraindik urte batzuk pasatuko zirela pentsatzen nuen. Ezin nuen barneratu. Bi hilabete lehenagotik data jakingo banu, beno, baina bat-batekoa izan zenez, ezustekoa zen. Ezusteko handia.

Hiru helegite onartu zituen Konstituzionalean, zurea tartean; baina beste askorena ez dute onartu.
Alde batetik ezustekoa hartu nuen. Baina bestelako sentsazioa izan zen 22 helegitetatik hemeretzi atzera bota zituztela jakitea. Espetxean denok asimilatuta genuen oraingo honetan Parot dotrina kendu egingo zutela. Hala uste dut. Agian izena zuten bakarren batzuri oztopoa jarriko ziotela uste genuen, baina gainontzeko denak kalera joango ginela. Inola ere ez genuen espero emaitza hori. Oraindik ere ez dut ulertzen zergatia. Egoera berean asko geunden, eta zergatik onartu zituzten hiruren helegiteak eta gainontzekoenak ez?

2006an Parot delakoa ezarri zuteneko berria  nola jaso zenuen? Kalera irteteko eguna zehaztuta izan, eta kartzelaldia luzatu zizuten hainbat presori.
Indarrean jarri zutenean kalera irtetear zirenentzat izan zen okerrena. Parot doktrina indarrean jarri zenetik hiru urtera aplikatu zidaten niri. Denbora horretan barneratu egin nuen neuri ere ezarriko zidatela. Ez nuen itxaropenik, eta txip-a aldatzeko denbora eman zidan, burua egoera berrira egokituz. Baina aurrenekoentzat gogorragoa izan zen… Nik baten kasua ezagutu dut: 7 urteko alaba zuen, eta espetxetik irteterako oporretara elkarrekin joateko planak eginak zituzten. Baina  ateratzeko bi hilabete gelditzen zitzaizkionean Parot doktrina ezarri zioten, eta izugarrizko txokea izan zuen. Gero, kideen laguntzarekin-eta buelta ematea lortu zuen. Nik bezala barneratzeko denbora izan dugunon kasuan gehien sufritzen dutenak etxekoak dira. Data bat jarrita duzu, eta egun horretan kalean izango zaren itxaropena dute.

Aurrera begira nola ikusten duzu Parot doktrinaren kontua?
Nahiko gaizki. Epe motzera behintzat, gaizki. Agian pare bat urtera hasiko da aldatzen. PPren gobernuak ez zuela ezer emango ikusten genuen, batetik. Baina, bestetik, doktrina kontuarekin epaileen kontua zela esan, eta busti gabe aukera polita zutela ikusten genuen. Kontua da, ordea, epaileei PPkoek ematen dietela agindua. Neurria bertan behera utziko zutelakoan geuden, eta ez da hala izan. Europan helegitea aurkeztuko da, baina beste 6-7 urte pasatu daitezke bertatik erantzuterako, eta ordurako jendea zigorrak ondo beteta egongo da. Eta zer gertatuko da neurria medio kartzelan egindako beste urte horiekin? Ez dakigu ezer.

Gainontzean, egoera politikoa nola ikusten duzu?
Gure aldetik eman beharreko pausoak emanda daude. Madrilen 500 bat lagun zerbait egitekoak dira, eta hori ondo dago. Europatik ere behartuko dute Espainiako Gobernua. Baina kontua da, gauza bat egiteko esaten dutela, eta hori egindakoan beste zerbait egiteko eskatzen dutela. Noiz ipiniko dute topea? Agian armak uztean aldatuko dira gauzak. Baina momentuz presoak ere ez dituzte hurbildu, eta gizartea hori eskatzen ari da. Belaunikarazi egin nahi gaituzte, eta irudi hori dute helburu. Gauzak pertsonalki egin nahi dituzte, ez kolektibo moduan. Ezer ez dago garbi.

Gure aldetik egoera nahiko ondo dagoela uste dut. Sei hilabete dira erakundeak armak uztea erabaki zuena, eta pentsatzen genuen dena urtebetean izango zela. Baina horrenbeste urtetako prozesuak bere denbora beharko du amaitzeko. Hala ere, nik uste dut beste pare bat urtean gauzak nahiko argituko direla, eta baldintzapeko askatasunean eta hiru laurdenak beteta, jendea kaleratzen hasiko direla. Azken batean, legea bete besterik ez dute egin behar [Espainiako Gobernuak]; baina legea bete baino, belaunikarazi egin nahi gaituzte. Ezkertiarrok indarra hartu dugula ikusi dute, eta horren beldur dira. Nola erantzungo duten ez dago jakiterik, baina alde askotako presioak izango dituzte. Azken batean, gatazka ixtea kosta egiten da.

Nolakoa izan da 25 urteko espetxealdia?
Norberak bere buruari jartzen dion disziplinak markatzen du barruko egonaldia. Neu nahiko izorratuta nago, eta azken urteetan ez dut kirolik egin. Beraz, liburuetara eta eskulanetara jo izan dut. Eguna planifikatu egin behar da. Horrela azkar pasatzen da denbora. Txarra da ez antolatzea; eguna luze joaten da, eta pentsatzeko denbora asko izaten da. Moduloan bakarrik edota kideekin egon, kontua asko aldatzen da; niri denetik tokatu zait. Eta zein egoeratan zauden ere, aldea egoten da. Okerragoa da egoera isolamenduan. Dena den, horrelakoetan buruari gaizki nago esaka ezin da jardun; bestela zoratu egiten zara. Horregatik, egoera txarretan zeure buruari animoak eman behar dizkiozu, eta ez nagok horren gaizki esan. Nork bere buruari animoak eman behar dizkio, eta kideen babesa ere behar da.

Mansillako kartzelatik atera zara, baina espetxe bat baino gehiagotan egon zara, ezta?
Ez gehiegitan. Herrera de la Manchan (Ciudad Real, Espainia) 11 urte egin nituen egoera nahiko gogorrean. Borroka dinamika handia genuen orduan; egunero zerbait egiten genuen, zigorpean egoten ginen. 11 urtetik zortzi zigorpean igaro nituen: bakartuta, asteburutan ziegatik atera gabe… Ixiar [Ixiar Arrizabalaga, emaztea] ere kartzelan zegoen, eta ni Herreran egon nintzen 11 urte horietan ez genuen elkar ikusi ere egin. Aurretik zibilez ezkonduta geunden, baina elkar ikusteko elizaz ezkontzea erabaki genuen, eta Bonxeko kartzelako kaperan ezkondu ginen. Han, familia lotura tarteko, hilabeteko baimenarekin egon nintzen. Gero Bonxetik Villabonako (Asturias, Espainia)  espetxera aldatu ninduten. Gerora ikusita, okerrena Villabonakoa izan zen; 5 urte eta erdi aislamenduan pasa nituen. Kartzela nahiko txikia da, eta patioa ere halakoxea du; eguzkirik ere ez da sartzen. Handik eraman ninduten Mansillara, eta orduan konturatu nintzen Villabonan oso gaizki egon nintzela; orduantxe espazioa sentitu nuen, zerua ikusten nuen… Mansillan egon naiz ondoen, bai moduloagatik, baita jendeagatik ere. Momentu txarrak izan ditut, baita onak ere, baina han egon behar. Baldintza hobeek umoretsuago egonarazten dute, bestela uste gabean urduritasuna eta estresa pilatu egiten dira. Hogei egunetik behin buruko min handia izaten nuen; matematikoa zen. Medikuak esan zidan estresaren ondorioak pilatu egiten direla, eta modu batera edo bestera bideratzen direla; nik izugarrizko burukominak izaten nituen. Hiru aste daramat kalean, eta ez dut buruko minik izan.

Orain kalean, herrian, egunerokoari heldu behar…
Egunak igaro ahala, lekura egiten hasiko naizela iruditzen zait. Etxean ere hasi naiz otorduak-eta prestatzen. Laister ohituko naiz egoera berrira.

Zestoan pil-pilean dago hainbat kontu; zekorketen inguruko galdeketa, besteak beste.
Beti esan izan dut galdeketan nire botoa eman nahi nuela, nola edo hala. Ea zer ateratzen den.

 

 

Manifestazioko irudi bat

Larunbateko manifestazio jendetsua; besteren artean, Joxe Mari Perez 'Txuri' pankarta eusten (Argazkia: Herrira)

Salbuespen egoera amaitzea galdegin dute Zarautzen

[Amaia Ventas] Ehunka herritarrek hartu zuten parte larunbateko manifestazioan Zarautzen, Salbuespen neurriak amaitu. Bizi osorako zigorrik ez! lemapean. Herrizaingo Sailak debekatu egin zuen manifestazioaren bukaeran aurreikusita zegoen idatzia irakurtzea, baita antolatzaileen edozein hitz ere, atxilotuko zituzten mehatxupean. Aurrez, egun horretan egitekoak ziren Joxe Mari Perez Txuri zarauztarrari ongietorria eta elkartasun ekitaldia ere debekatu zuen. Zarauzko preso ohia joan zen, besteak beste, manifestazioaren buruan, pankartari eutsita.

Galarazpenaren harira, Zarauzko Herrirak Espainiako eta Frantziako gobernuen jokabidea salatu du: «Argi geratu da berriz ere garai berri honetan batzuek eskema zaharkituen arabera funtzionatzen dutena. Ez Zarautzen bakarrik, Espainiako eta Frantziako gobernuek orohar iraganeko jokabideari eusten diotela erakusten digute egunez egun». Espainiako zein Frantziako espetxeetan 640 euskal preso politiko daudela gogoratu du taldeak, eta horietatik hamalau «larriki gaixo» daudela. «Bakartzeak, umilazioak eta jipoiak, irainak eta jazarpenak egunerokoak izaten jarraitzen dute hainbat espetxetan». Horrez gain, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Parot delako dotrina berretsi duela gogoratu du: «Bizi osorako espetxe zigorra ontzat eman du, hamarnaka euskal preso politikori espetxe zigorra luzatzea ahalbidetuz. Senideengan ere eragin kaltegarriak ditu espetxe politika honek».

Hala, «euskal presoen aurkako muturreko neurriak lehenbailehen» bertan behera utzi behar direla dio Herrira taldeak, eta euskaldunei dagokiela Espainiako zein Frantziako agintarien jarrera aldaketa eskatzea. «Espetxe politika jazarpenerako erabiltzeari utzi, eta konponbide gakoetan jartzeko eskatzen diegu». Ildo horretatik, datozen asteetarako antolatu dituzten ekitalditan parte hartzera deitu dituzte Herrira taldeko kideek herritarrak: «Gogorarazten dizuegu asteazkenean badugula ospakizunerako hitzordu berria, [Aritz Labiano] Labi eta [Haritz Gartxotenea] Zaporra aske utzi, eta herrian bueltan izango baititugu». Horrez gain, maiatzaren 19an «beste hitzordu garrantzitsu bat» izango dela jakinarazi dute Herrirako kideek: Plazak Bete Eguna. Azkenik, ekainaren 2a Herrira Eguna izango da Zarautzen, taldeak antolatuta. «Hiru egun hauetan parte hartzera gonbidatzen dugu herritar oro», jakinarazi du taldeak.

 

 

Parot doktrina medio, Uzkudunek eta Arrutik preso jarraitzen dute

Martxoan Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 1997/2006 dotrinaren gaineko ebazpena eman zuen, eta 2006an Auzitegi Gorenak indarrean ezarritako Parot delakoa berretsi zuen. Hala ere,  dotrinaren kontrako hiru helegite onartu  zituen; tartean Juan Mari Igarataundi zestoarrarena eta Joxe Mari Perez Txuri zarauztarrarena. Baina Urola Kostan Parot delako medio, bi lagunek preso jarraitu beharko dute; Juan Carlos Arruti Paterra azpeitiarrak eta Maritxu Uzkudun errezildarrak, hain zuzen.

Parot delakoa ezarrita, 2019ko iraila arte luzatu zioten kartzela zigorra Juan Carlos Arruti Paterra-ri. 2009ko irailaren 10ean bete zuen ezarritako zigorra, baina Parot doktrinarekin beste hamar urtez luzatu zioten. Guardia Zibilak 1989ko irailean atxilotu zuen Irunen, ETAkoa izatea egotzita. Gaur egun Kordobako kartzelan (Andaluzia, Espainia) dago, etxetik 780 kilometrora.
Maritxu Uzkudunek 2009ko abuztuan bete zuen ezarritako zigor osoa, baina orduan Parot doktrina ezarri eta zigorra 30 urtera  luzatu zioten, 2021eko otsailaren 5a arte. Gaur egun Granadako Albolote espetxean (Andaluzia, Espainia) dago, Errezildik 900 kilometrora. Uzkudun 1991an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, ETAko kidea izatea leporatuta.

Parot Doktrinaren inguruan Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakia «gatazkaren konponbidearen aurkakoa» dela salatu du Gernikako Akordioko eragileek. «Herritarren gehiengo zabalak Auzitegi Konstituzionalaren erabaki politiko hori gure herriaren bake eta konponbide nahiaren aurkako eraso gisa interpretatu du», diote.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide