Elkarrekin, are hobeak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko mar. 28a, 06:30

Musika kubatarra, Afrika iparraldekoa, flamenkoa, salsa, rumba, jazza… Kultura askotako eraginak koktel-ontzi batean sartu, ongi nahastu, eta Tik Tara proiektua aterako da. Hori guztia, euskarazko ukituekin. Talde zarauztarrak larunbatean eskainiko du kontzertua, Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak antolatutako Udaberri Festen baitan. Bizardunak, Gatibu, Txarrena, Bongo Botrako, Vendetta, Skandalue elektrotxaranga eta Egurra eta Kitto taldeak izango ditu lagun Munoako karpako taula gainean, 17:00etatik aurrera. Betiko musikaz gogaituta, «zerbait berria» sortu nahi izan dute taldekideek. Ez dute musika estilo jakin batera mugatu nahi, ordea; are gehiago, proiektua hazten doan heinean, eraginak gehituz doaz. «Gidoi moduko bat idatzi genuen hasieran, proiektuaren garapena finkatzeko; nolabait esateko, haurtzarotik heldutasunera», azaldu du Harkaitz Bastarrikak, taldeko abeslariak. Garai bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta horiek islatu dituzte euren kantuetan. «Batzuk lasaiagoak dira, haurtzaroa islatuz; besteak, ordea, sutsuagoak, nerabeagoak, flamenko ukituekin», dio. Imanol Epeldek, Julen Zulaikak eta Mikel Antzak lagundu diete hitzak egiten. «Guk musikaz badakigu; idazteaz, ordea, ez hainbeste». Hala, garai bana aipatu, eta hortik abiatuz, mugarik jarri gabe, sortu dituzte letrak Epeldek, Zulaikak eta Antzak. Taldeko tronboi-jotzaile Josu Gonzalez de Durana Tete-k adierazi duenez, letrak euskaraz izatea nahi izan dute, nahasketa «are aberatsagoa» izan dadin. Azkenik, zortzikotea Musikaren gisara, taldeak ere izan du garapena. Hasiera-hasieran lau musikarik osatzen [...]

Tik tara taldekoak

Ezkerretik eskuinera, Tik Tara taldeko Joseba Gallego, Harkaitz Bastarrika eta Josu Gonzalez de Durana 'Tete' (Argazkia: Amaia Ventas)

Musika kubatarra, Afrika iparraldekoa, flamenkoa, salsa, rumba, jazza… Kultura askotako eraginak koktel-ontzi batean sartu, ongi nahastu, eta Tik Tara proiektua aterako da. Hori guztia, euskarazko ukituekin. Talde zarauztarrak larunbatean eskainiko du kontzertua, Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak antolatutako Udaberri Festen baitan. Bizardunak, Gatibu, Txarrena, Bongo Botrako, Vendetta, Skandalue elektrotxaranga eta Egurra eta Kitto taldeak izango ditu lagun Munoako karpako taula gainean, 17:00etatik aurrera.

Betiko musikaz gogaituta, «zerbait berria» sortu nahi izan dute taldekideek. Ez dute musika estilo jakin batera mugatu nahi, ordea; are gehiago, proiektua hazten doan heinean, eraginak gehituz doaz. «Gidoi moduko bat idatzi genuen hasieran, proiektuaren garapena finkatzeko; nolabait esateko, haurtzarotik heldutasunera», azaldu du Harkaitz Bastarrikak, taldeko abeslariak. Garai bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta horiek islatu dituzte euren kantuetan. «Batzuk lasaiagoak dira, haurtzaroa islatuz; besteak, ordea, sutsuagoak, nerabeagoak, flamenko ukituekin», dio.

Imanol Epeldek, Julen Zulaikak eta Mikel Antzak lagundu diete hitzak egiten. «Guk musikaz badakigu; idazteaz, ordea, ez hainbeste». Hala, garai bana aipatu, eta hortik abiatuz, mugarik jarri gabe, sortu dituzte letrak Epeldek, Zulaikak eta Antzak. Taldeko tronboi-jotzaile Josu Gonzalez de Durana Tete-k adierazi duenez, letrak euskaraz izatea nahi izan dute, nahasketa «are aberatsagoa» izan dadin.

Azkenik, zortzikotea
Musikaren gisara, taldeak ere izan du garapena. Hasiera-hasieran lau musikarik osatzen zuten taldea: Joseba Gallegok, Bastarrikak, Danel Sanchezek eta Josemi valentziarrak. Proiektua hazten joan den neurrian, taldekideak gehitu zaizkie; beste batzuk bidean geratu dira. Egun, guztira, zortzi kidek osatzen dute Tik Tara: Bastarrikak (ahotsa), Gallegok (perkusionista), Tete-k (tronboi-jotzailea), Sanchezek (gitarra- eta tiple-jotzailea), Amaia Uretak (piano-jotzailea), Eusebio Soria Ebi-k (baxu-jotzailea) eta Mikel Alberdik (tronpeta-jotzailea). Eta taldekideen arteko «giro ona» nabarmena da. «Gure mugen jakitun gara», dio perkusionistak.

«Bakarka ez gara hain onak izango, baina elkartzen garenean talde polita osatzen dugu. Gogo handia jartzen dugu elkarrekin jotzerakoan».

Duela urte eta erdi inguru hasi zuten ibilbidea, eta erantzun ona jasota, animatu eta aurrera egiteko indarra «soberan» dute. «Hasieran jendeak erotuta geundela esaten zigun; halako musikak euskarazko letrekin ez datorrela bat. Aurreiritziak dira. Izan ere, hizkuntzak musika mota horrekin ondo ematen du», dio taldeko abeslariak. Eta hala da: «Askok zoriondu gaituzte».

Laster, diskoa
Momentuz Tik Tararen lehen letran, t-n, daudela nabarmendu du Gallegok: «Hau hasiera besterik ez da». Hala ere, kontzertuak eskaintzeaz gain, diskoa lantzen ari dira egun. Lokala grabatzeko egokitu dute, eta hilabete pare bat barru diskoa osatuta izatea espero dute. Eurek ekoiztuko dute, eta Gallegoren arabera, «lan gogorra» dute aurretik. «Zortzi gara. Zortzi instrumentu jotzen ditugu, eta musika kubatarra izanda, guztia ondo lotu, forma eman eta lan biribila sortzea zaila da».
Aurrera begira, haien zuzenekoek musika soila ez izatearren, ikus-entzunezko elementuak gehitzeko asmoa ere badute; antzerkia, kasu. Momentuz, Udaberri Festen izango dira larunbatean, zarauztarrak dantzan jartzeko prest. Hainbat sorpresa izango dela aurreratu dute, gainera, Tik Tarako kideek.

———————————————

Egitaraua
Udaberri fest
-Martxoak 31, larunbata. Bizardunak, Gatibu, Txarrena, Bongo Botrako, Vendetta, Skandalue elektrotxaranga, Tik tara eta  Egurra eta Kitto taldeen kontzertuak, Munoan 17:00etatik aurrera.
-Apirilak 28, larunbata. Igor Yebra eta Korrontzi eta Oinkari-k Urratsa  ikuskizuna aurkeztuko dute, udal kiroldegian 22:00etan.
-Apirilak 30, astelehena. Soziedad Alkoholika, The Brutal eta Ihes Naiz taldeen kontzertuak, udal kiroldegian 22:30ean.
-Maiatzak 26, larunbata. Rosario Floresen eta Vanpopel taldearen kontzertuak, udal kiroldegian 22:30ean.

Sarrerak: Eguzki, Txiki Polit eta  Itxas-Lur tabernetan, kutxa.net plataformaren bidez, servikutxa kutxazainetan,  943-00 12 00 telefonora deituta edo lehiatilan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide