Herritarrek egindako proposamenei erantzuna emateko asmoz, aurten Azpeitiko Udalak milioi eta erdi euro inguru inbertituko dituela azaldu du Eneko Etxeberria (Bildu) Azpeitiko alkateak, «herriko eremu guztiak hartuz, eta herritarren beharrei erantzuna emanez». Inbertsioak, «optimizazioei esker» ahalbideratu dituztela ere esan du. Denon Artean ekimenari bukaera emateko herri kontseilua egin zen herenegun Sanagustin kulturgunean. Ehun lagun inguru bildu zen bertan.
Azaroan abiatu zuen Udalak Denon Artean ekimena aurrekontu parte-hartzaileak egiteko asmoz. Ordutik, auzo eta alor desberdinetako ordezkariekin 27 batzar egin dituzte udaleko ordezkariek; 733 herritarrek parte hartuz. Bileretan herritarren proposamenak jaso dituzte eta herenegun hoiei erantzuna emateko azken bilkura egin zuten. Ekimenaren oso positiboa izan dela dio Udalak, eta urtero egiteko asmoa du, «hala herritarrei udala zertan ari den jakiteko perspektiba izateko aukera emango diegu».
Prozesu parte-hartzailea beste alor batzuetara zabaltzeko asmoa ere badu Udalak: «Alde zaharraren biziberritzeko esaterako».
Apirilean lehen onespena
«Parte-hartzea instituzionalizatzeko» araudi bat ere egingo du Udalak. Apirilean parte-hartzearen ordenantzari hasierako onespena ematea aurreikusten du Udalak. Gero, araudia hilabetez egongo da jendaurrean alegazioak edota proposamenak egiteko.
Aurtengo udal aurrekontua herritarren parte-hartzearekin tajutu nahi izan du Udalak eta horregatik abiatu zuten Denon Artean. Udalak diru sarreretan jaitsiera nabarmena du, hiru milioi eurokoa, hala azaldu dute: «2011n 19.531.111 euroko diru sarrera izan zuen Udalak eta 2012rako 16.563.950 euroko sarrera aurreikusten da». Mailegua eskatzeko ere Udala ez dago egoera onean, gaur egun 7.073.588 euroko zorra baitu Azpeitiko Udalak.
Ondorioz eta herritarren beharrei erantzuteko gastu korrientea jaistea erabaki du Udalak. «Sarrerak beheraka eta gastuak goraka inbertitzeko dirua gutxitu egingo litzateke. Baina guk, gastu korrientea optimizatu nahi dugu, eta hortik ateratako dirua herritarren beharrei erantzuna emateko inbertitu». Hala, gastu korrientea milioi bat euro jaitsi dute eta inbertsioetarako dirua igo dute: «Udal langileei ordu extrak kenduta, Euskara Patronatuko gastua murriztuz, aldi baterako zeuden bi udaltzain kenduta...»
Inbertsioetarako proposamenen berri ere eman zuten herenegungo herri kontseiluan, «ez dira proposamen itxiak, oraindik Udalbatzak onartu behar baititu».
Inbertsio egitasmo batzuk
Soreasun. Urbaninazio lanak: espaloia, aparkalekuak...
Sanjuandegi. Jose Antonio Agirre plaza eraberritu, bizilagunekin gastuak elkarbanatuz.
- Etxebeltzeko auzora zubia, igerileku atzetik.
- Loiolarako bide zaharra oinezkotu.
Etxebeltz-Loiolabide. Urbanizatu gabeko tokian aparkalekuak egin.
Santutxo-Arana. Espaloiak konpondu eta aparkalekuak egokitu.
- Pilotalekuko igogailuaren erabilera aztertu.
- Arana Goikoko haur parkea eraberritu.
Perez Arregi plaza. Trafikoaren antolaketa aldatu.
Olazko Andre Mariaren plaza. Oinezkotu, eta autoentzako aparkalekuak Santutxo eta Etxe Alai auzoen bitartean egokitu.
Alde Zaharra.
- Done Jakue kalean, haur parkea handitu Frontoi Txikiraino eta autoentzako aparkalekuen antolaketa aldatu.
- Herriko plaza oinezkotzea, eta Frantziskanetan aparkalekuak egitea.
- Bustinzuriko Errebalaren atzeko aldean, ibai aldera, aparkalekuak antolatzea.
Artzubia-Foru ibilbidea. Astotegian oinezkoentzako bidea egokitu.
Juan XXIII. Argi eta aparkaleku gehiago jarri.
Garmendi. Futbol zelai ondoan aparkalekuak.
Urrestilla. Herriko erdigunea oinezkotzea eta haurrentzako jolastokia tokiz aldatzea.
Lasao. Auzo lokala.
Aratz Erreka. Autoentzat aparkalekuak antolatzea.
Matxinbenta. Haur parkea lekuz mugitu eta egokitzea.
Landeta. Lau Bide aldetik Bordatxo aldera espaloia egitea.
Loiola. Argiak eta komun publikoak.
Arloetan, gastu gehikuntzak: Besteak beste, Gizarte Zerbitzuetan, Hezkuntzan, Kirolean, parte-hartzean eta politika ekonomikoan.