50 urte beteko dira aurten Aranzadi Zientzia Elkarteko hainbat kidek Altxerri kobazuloaren harri hotz eta hezeak milaka urtez gordetako historia eta arte ondarea ezagutu zutela. Goi Paleolitoko Madelein garaiko irudiak aurkitu zituzten haitzuloan 1962an Felipe Aranzadi, Javier Migliaccio eta Juan Cruz Vicuña gazte donostiarrek. Eta Aranzadi Zientzi Elkartearen Historiaurre Saileko orduko zuzendari Joxe Migel Barandiaran antropologo, etnologo eta arkeologoaren laguntzarekin, bertan aurkitutakoak sailkatu eta aztertu zituzten ondoren. Une hartatik bertatik, bestelakoa izan zen haitzuloaren etorkizuna. Haitzulo soil izatetik gizateriaren historia ezagutzeko giltza bihurtu zen Altxerri. 1956an topatu zuten zuloa, auzotarrek.
Arte ondarea
Altxerriko, Ekaingo, Santimamiñeko eta Izturitzeko kobek Bizkaiko Golkoko historiaurreko haitzuloen multzoa osatzen dute, beste hainbat kobazulorekin batera. 2008an Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak Kantauri Itsasertzeko Paleolitoko Labar Artea multzoan, Euskal Herriko lau koba horiek Gizateriaren Ondare izendatu zituen. Altxerriko koba Beobategaña mendiaren ekialdeko hegalean dago,Aian. Haitzuloa itxi zutenetik arkeologo, antropologo eta aditu gutxi batzuk izan dute Altxerrira sartzeko aukera. Dena dela, haitzuloaren garrantziagatik asko izan dira bertan milaka urtean gordetako ondarea azaldu dutenak.
Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek Altxerri 8 gunetan bereizi zuten, bertako ondarea aztertu ondoren; denera 120 irudi inguru aurkitu zituzten bertan. Haitzuloko paretetan animalia ugari agertzen dira irudikatuta, grabatu teknikaren bidez nagusiki, baina bisontea da protagonista nagusia, irudikatuena baita.
Haitzuloa oso zabala da lehen zatian, baina mehetu egiten da gero, galeria luze bat eratuz, eta lurra bera ere zeharo malkartuz. Kobazuloko lehen irudi sortak sarreratik 100 metro ingurura daude; guztira 50 bat irudi dira, gehienak grabatuak. Barrunbe estu eta luzexka batean daude, pertsona bakarra sartzen den eremuan. Estalagmita mantu batean gora abiatu, eta arku txiki baten azpitik igaro behar da irudi gehiago ikusteko: bisonteak, zaldi bat, sarrio bat, ahuntz bat eta uro bat, besteak beste. Barrurago elur oreinak, bisonteak, suge itxurako irudi bat, eta zeinu batzuk ere ikus daitezke. Grabatuez gain, margotutako irudiak ere badaude, baina haitzuloko hezetasunagatik, denboraren poderioz irudi asko desagertu egin direla uste dute adituek. Haien esanetan gizakia Goi Paleolitoan hasi zen margotzen, eta ordukoak dira kobako irudiak.
Historiarrean adituek azaldu izan dutenez, Euskal Herriko eta, oro har, Kantauri kostako beste hainbat haitzulotan irudikatuta ez dauden animalien marrazkiak aurki daitezke bertan. Hori ada Altxerri berezi egiten duen ezaugarrietako bat. Elur-oreina, saiga antilopea, tripontzia eta erbi artikoaren marrazkiak topatu dituzte, besteak beste, Aiako leizean.
Herriarentzat garrantzitsua
Herrian Altxerri moduko ondare artistiko-historikoa izateko «ohorea» herri gutxi batzuk dute. Aiako alkate Igor Itunainek aitortu du hori: «Altxerriko kobazuloa ondare oso garrantzitsua da Aiarentzat, eta, oro har, Euskal Herriarentzat, gu nondik gatozen ezagutzeko hainbat pista ematen duelako. Bertan aurkitu ziren arrastoen bidez zientzialariek jakin dezakete garai hartan, orain dela 13 mila urte, Aiako lurretako lehen biztanle horiek nola bizi ziren, eta ingurunearekin zer-nolako lotura zuten».
Adituen artean sortu duen ikusmina eragin zuen Altxerrik Aian ere. Izan ere, Altxerri haitzuloaren inguruko misterioak zeresana eragin izan du Aian. «Altxerriren inguruan hainbat istorio kontatzen da. Garai hartan gaztetxoak zirenak haitzuloa itxi aurretik bertara sartzen zirela kontatu izan dute, baina beste sarrera batzuek erabiliz. Horiek denak susmoak eta istorioak dira, eta ezer ez dago garbi. Nik uste dut umetan denok sartu izan garela herri inguruan zeuden kobazuloetara, horiek izaten zuten misterioagatik; agian historian zehar herritarrak sartuko ziren Altxerriko kobazulora beste sarreraren bat baliatuz, baina 1956. urtera arte ez zen Altxerri hor zegoen ezagutza zehatzik».
Ezagutaraztea helburu
Aiarrek, eta eskualdeko eta inguruko herrietako bizilagunek badakite Altxerri haitzuloa non dagoen, eta zer dagoen bertan. «Altxerri da, akaso, Gipuzkoan eta Euskal Herrian ditugun kobazuloetatik ezezagunena. Egia da. Kontuan hartu behar da sarbidea zaila izateak Altxerri ezagutzea ere zaildu egin du. Nik neuk uste dut eskualdeko eta inguruko herritarrek ezagutu ezagutzen dutela, baina agian askotan etxe ondoan izanagatik ez gara jabetzen Altxerrik duen garrantziaz; kanpotik etorri behar zaizkigu adituak horren balioa azaltzera. Altxerriren balioa oinarri hartuta, kobazuloa ezagutarazi egin behar dugu aurrerantzean», uste du Aiako alkateak.
Aiako Udalak Altxerriren inguruan egin nahi duen museoak haitzuloaren ondare garrantzitsua, eta horrek duen balioa gizarteari ezagutarazten laguntzeaz gain, «kobazuloa herritarrek euren ondare moduan sentitzeko» balioko duela uste du Iturainek. «Oso zaila da Altxerri irekitzea, bertan dauden irudiak kaltetu daitezkeelako. Herritarrok kobazuloko ondarea bertatik bertara ikusteko aukerarik izango ez dugunez, museoan bertako ondarea aurrerapen teknologikoen bidez haitzuloan sartu gabe ezagutzeko aukera izango da».
Karmen Garate
«Joxe Migel Barandiaranek denboraldiak egin zituen gure baserrian»
Altxerri kobazuloak gordetzen duen historia eta arte ondarea munduko historiaurrean adituek ongi ezagutzen badute ere, orain dela mende erdira arte auzoko bizilagunek jolasleku misteriotsu moduan erabiltzen zuten. Karmen Garatek (Aia, 1947) Altxerri baserriko eta jatetxeko etxeko andreak, gogoan du haitzulo soil izatetik gizateriaren historiaren froga izatera pasa zen garaia.
Aranzadiko arkeologoek kobazuloa ezagutu aurretik, bizilagunek ezagutzen zenuten, ezta?
Altxerri kobazuloa gure baserriko lurretan dago, baserritik oso gertu, gainera. Horregatik hartu zuen haitzuloak baserriaren izena. Milaka urtean ezkutuan egon zen haitzuloa, baina baserri aurretik pasatzen den errepidea egiten ari zirenean, harria menditik ateratzeko mendia dinamitatu behar izan zuten, eta, horretan zebiltzala, zulo bat azaldu zen. Hasieran inork ez zekien zulo horrek nora zeraman, eta gure aita eta auzoko gizonak izan ziren bertara sartzen lehenengotarikoak. Orduan inork ez zuen imaginatu ere egiten haitzuloak zuen historia eta garrantzia. Kobazulo bat aurkitu zen albistea zabaldu zen, eta inguruko herrietako jendea kobazuloa ikustera etortzen hasi zen, oso haitzulo ederra baita. Halako batean Donostiako arkeologia ikasle talde bat etorri zen, eta arkeologikoki interesgarria zela konturatu zirenean, Aranzadi Zientzia Elkarteari abisua pasa, eta ordutik aurrera hasi ziren Aiako haitzuloa aztertzen
.
Aditu ugari bildu zen garai hartan Altxerriren inguruan, beraz.
Bai, lan handia egin zuten haitzuloa aztertzen. Joxe Migel Barandiaran ere hemen izaten genuen, kobazuloa ikertzen. Barandiaranek zortzi-hamar eguneko denboralditxoak pasatzen zituen baserrian, eta beharrezko datuak biltzen zituenean etxera bueltatzen zen, gaia sakonago aztertzeko.Urteak igaro zituen Barandiaranek horrela. Egia esan, guretzat ohorea izan zen Joxe Migel Barandiaran etxean izatea. Gauza asko kontatzen zizkigun; oso gizon jakintsua eta xumea zen. Gure aitona adin handikoa zen, eta oso lagunak egin ziren biak; Barandiarani sorginen inguruan berriketan aritzea asko gustatzen zitzaion, eta gure aitonak bere arbasoek kontatutako istorio asko zekizkienez, oso gustura aritzen ziren biak solasean.
Zuek kobazuloa ezagutu zenutenean, pentsatu al zenuten horrenbesteko garrantzia izango zuenik?
Ez. Gure aita eta gainontzeko auzotarrak bertan sartu ziren lehen aldian oso kobazulo ederra zela konturatu ziren. Gu umeak ginela kuxkumekoka askotan jolasten ginen kobazuloan, eta gure kasa ere sartzen ginen bertara. Baina espeleologia ekiporik ez genuenez, ezin izaten genuen barrurantz gehiegi sartu, argia ez zelako iristen. Garai hartan ez genuen pentsatu ere egiten haitzuloa iraganeko bizitza ezagutu ahal izateko horren garrantzitsua izango zenik. Izan ere, bertan aurrerago adituek aurkitu zituzten margo eta tresna zatiak ez zituen inork lehenago identifikatu. Altxerrin ikerketak egiten ari zirenean, Barandiaranek erakutsi zizkigun irudiak; lehen begiratuan ez genituen marrazkiak ikusten, baina Barandiaranek behatzarekin irudiaren trazatua markatzen zuenean ikusten genituen. Oso garrantzitsua da Altxerriren moduko ondarea etxean bertan izatea. Baina etxean eskura dagoenari ez zaio behar adinako garrantzia ematen. Sarritan gertatzen da hori.
Denbora asko pasa al zuen haitzuloak irekita?
Bai, denbora askoan egon zen irekita. Oriotik eta inguruko beste herrietatik neska eta mutil koskorrak haitzuloa ezagutzera etortzen ziren, eta jendea hara eta ona ibiltzearekin haitzuloaren sarreran zeuden estalaktita asko puskatu egin ziren. Haitzuloa baserriko lurretan badago ere, Aranzadik itxi zuenean Gipuzkoako Foru Aldundia egin zen horren jabe, eta orain hark kudeatzen du.
Oraindik ere etortzen al dira ikerlariak haitzuloa aztertzera?
Oraindik ere interes handia du adituentzat. Iaz, esaterako, ikertzaile asko etorri ziren. Kobazuloaren mapak Barandiaranek egindakoak ziren, eta nahiko zaharkituta zeudenez, berriak egin dituzte. Horretan zebiltzala, uste baino luzeagoa dela konturatu ziren. Horretaz gain, argazki gehiago atera dituzte. Denborarekin Altxerriren inguruko informazio gehiago izango dela uste dut.
Zer iruditzen zaizu Aiako Udalak Altxerriren museoa egin nahi izatea?
Ondo iruditzen zait, baina nahiago nuke erreplika Aian egin beharrean hemen egingo balitz. Jende asko etorri izan da betidanik Altxerri haitzuloari buruz galdezka, sartzeko aukera dagoela pentsatuz, propio hori ikustera. Haitzuloa itxita egon denez, guk geuk ezin izan diegu ezer erakutsi, eta pena da.