Zarauzko Bilduk azken egunotan zabor bilketaren inguruan izandako hainbat albisteren aurrean ondokoa esan nahi du:
- · Europako zuzentarauak eta hondakinen inguruko legeak hondakin guztiak birziklatzera behartzen gaitu eta errauskailuaren sistemak ez du hondakin guztiak birziklatzeko bidea bultzatzen.
- · Herri bezala zabortegi bat zer den badakigu eta sufritzen ari gara. Ez dugu horrelakorik ez hemen ez inon nahi. Urteta ixteko ere bidea berdina da, ahalik eta zabor gutxien sortu behar dugu ahalik eta gehien murriztu, berrerabili eta birziklatuz.
- · Gure hauteskunde programan esaten genuen, ahalik eta sistema eraginkorrena aztertu eta aukeratu behar genuela eta Zero Zabor bidean jarriko ginela. Urtetak sortzen dituen kalteak gainditzeko derrigorrezkoa da jaso dugun zabor politika zaharkitua gainditzea, irtenbide eraginkorra eta zentzuduna eman behar diogu. %80 edo gehiago birziklatzea lortzen duen sistema eraginkorra martxan jarri behar dugu, gure herriari egokituta eta erritmoak errespetatuz, horrela soilik lortuko baitugu zabortegiak suposatzen dituen kalteak atzean uztea.
- · Une honetan, eta iaz azaroan eta abenduan egin genuen apustuaren ondoren, hondakinen %36 birziklatzen dugu. Gutxi da. Beste herri batzuk %86tik gora ari dira birziklatzen. Zergatik jarraitu behar dugu gaizki egiten, ondo egin badezakegu?
- · Erraustegirik gabeko hondakinen kudeaketa posible dela erakutsi da. Alternatiba horretan, teknologia toxikoak baino, herritar aktiboak hartuko ditugu lagun. Arazo larri bat dugunaren kontzientzia dugu eta konponbidea ematen saiatuko gara, sukaldez sukalde eta etxez etxe. Birziklatzearen ala erraustearen artean hautatu beharrak, teknologia toxikoen eta jendearengan dugun konfidantzaren artean hautatzea esan nahi du. Eta gu herritarrekin gaude; eta beraiekin, eta ez euren aurka, egingo dugu bidea.
- · Hainbat alderdi eta eragilek bezala (Zarautzen Ezker Batuak, Aralarrek, ELAk, LABek, Arkamurkak, Greenpeacek eta Uztaro nekazaritza kooperatibak, besteak beste), Zarauzko Bilduk ere, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzalearen babespean, Usurbilgo itunarekin bat egin zuen 2010eko Azaroaren 5ean. Bertan, lehenik eta behin, zaborren kudeaketa eredua aukeratzeko orduan osasuna lehenetsiko dela berresten zen, ekonomia faktoreak ere kontuan hartuko direlarik. Horrez gainera, aipatu bezala, Urtetako zabortegiari dagokionean, lege eta zuzentarauetan adierazita dagoen bezala, zabortegiaren itxiera aldarrikatzen genuen. Osasun, ingurumen eta ekonomia arrazoiak direla medio, erraustegiaren aukera baztertu egiten genuela eta hondakinen kudeaketaren inguruan, hondakin gutxi sortzea, berrerabiltzea eta birziklatzea bezalako balioak eta kontzeptuak landuko zirela genioen. Zarautzen bezala Gipuzkoako herri denetan “zero zabor” programa ezarri eta hau garatzea eskatzen genuen, bilketarako alternatiba osasuntsuago eta ekonomikoagoak bultzatuz. Eta, azkenik, hondakinen gaikako bilketarekin estuki lotuta, Usurbilgo Atez-Ateko bilketa sistema begi onez ikusten da, besteak beste eraginkorra delako, emaitzak berehalakoak direlako eta lanpostuak sortzen dituelako.
- · Sinatzaile haiek (Ezker Batua, Aralar, Ezker Abertzalea eta Eusko Alkartasuna; ELA eta LAB; Pagoeta, Arkamurka eta Greenpeace) norabide horretan urratsak emateko eskatzen zioten Udalari. Eta Bildu horretan ari da. Pasa den udazkenean, organikoa bereizita jasotzeko kanpaina indartu zuen, eta 3.243 familiak eman zuten izena. Epe laburrean, autokonpostatzea indartzeko kanpaina bat egingo dugu, herritarrak horretara gonbidatuz eta organikoa biltzeko bestelako neurri batzuk ere sustatuko ditugu, sortzaile handietan batez ere.
- · Baina batez ere, herritarra jarri nahi dugu konponbidearen erdian. Herritarrak du hondakinen arazoari konponbidea emateko giltza. Arduraz jokatuz, birziklatuz, berrerabiliz eta gutxiago sortuz. Bilduk zentzu horretan urrats ausartak emango ditu. Herritarrei begira eta herritarrekin, bilketa sistemen inguruko informazioa, ezagutza eta parte hartzea zabalduz, jakinik herritarren erantzuna arduratsua izango dela.
- · Bukatzeko, ingurumenean eta osasunean duen eraginagatik, gai hau serioegia da alderdi interesengatik eztabaida politikoan arma bezala erabiltzeko. Hau onartezina da. Hondakinen kudeaketak erantzukizuna eskatzen digu udal ordezkariei, eta ez nolanahikoa. Erantzukizunaren eta benetako argudioen ordua da, herri osasuntsu eta arduratsu batean bizitzea denon eskubidea baita.