Zuzena, dotorea, eredua

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko ots. 14a, 06:00

Hizkuntzalari zuzena zen Manuel Lasarte (Leitza, 1927), dotorea eta aberatsa. Etorri handiko bertsolaria gazteen maisu eta eredu izan da, askoren idolo. Herenegun zendu zen Aretxabaletan, 84 urte zituela, eta umezurtz utzi ditu bertsolaritza munduko hainbat eta hainbat pertsonaia. Atzo egin zuten haren aldeko hileta ospakizuna Orioko San Nikolas parrokian, eta euskal kulturako  zein haren gertuko lagun asko eta asko bildu ziren bertan, bertsolari handiari azken agurra eskaintzeko. Leitzako Franki baserrian jaio zen Lasarte, eta hamabi urte zituela lekualdatu zen Aiara. Handik Oriora joan zen bizitzera; Zarautzen ere egin zuen zenbait urte. Hamazazpi urterekin hasi zen bertsotan, eta lehiaketetan parte hartu ez bazuen ere, berrogei urtetik gora jardun zuen herriz herri. Bertsolaria izateaz gain, idazlea ere bazen, eta hainbat lan idatzi zuen: Bertso mordoxka (1970), Gordean neuzkanak (1975), Enbor zarraren ezpalak (1995), Kantuaren ordañez (1997) eta Plaza gizonak (2005). Azken hori Antonio Zabalak Auspoa sailean argitaratu zuen, eta haren esanetan, «bertsolari bezain prosagile bikaina» zen leitzarra. 1994ean Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki-ren inguruko liburua kaleratu zuen, eta 1995ean, berriz, Manuel Olaizola Uztapide-ri buruzkoa. Bi urte lehenago Beranduko lanak (bizitza eta bertsoak) autobiografia plazaratu zuen Auspoak. Bilduma horren baitan eman zuen argitara Iñaki Zubizarretak Manuel Lasarte. Iturria ondare liburua, 2008an. «Hizkuntza sena izugarria» Eskola zaharreko bertsolaria zen, eskolatu gabea baina hizkera dotorekoa. Lasarteren kide Patxi Etxeberriaren arabera, «izugarri hizkuntza dotorea» zerabilen: «Euskara izugarri ongi erabiltzen zuen. Eskolatu gabea zen hura— garai hartan ohikoa zen—baina berezkoa zuen gaitasuna». Hartu-eman handia izan zuen Etxeberriak Lasarterekin; Oriora bizitzera joan zenean ezagutu zuten elkar. Ordutik, elkarrekin ibili ziren batetik bestera. «Garai hartan bertsolari gutxi ginen. Asko ziren onak, baina Lasarte punta-puntakoa zen», nabarmendu du Etxeberriak. Andoni Egañaren arabera ere, «hizkuntza sena izugarria» zuen hilberriak. «Esan nahi zuena egoki esaten zuen, beti asmatzen zuen. Ez zituen esaldiak bortxatzen eta esamolde bereziak erabiltzen zituen». Haren bertsoak «belarrira oso ondo sartzen» ziren. «Gauzak zehazteko dohaia» zuen Sebastian Lizasoren ustez. «neurrian eta erriman nagusi» zen. «Maisu handia zen, hizkuntza dotoreduna». Xabier Euzkitze bertsolari eta kazetariak ere haren «maisu-hizkuntza» nabarmendu du. «Hitzik distiratsuenak, zuk esan dizkidazunak», esanez gogoratu du azpeitiarrak Lasarte. Horrez gain, «etorri izugarria» zuela nabarmendu du Etxeberriak. «Inoiz ez zenekien hasitako bertsoa nola bukatuko zuen. Ezin zitzaion tankera hartu. Herri bertsolari ikaragarria zen». Era berean, «ahots ederra» ere bazuela dio azpeitiarrak. «Oso ona zen kantuan. Belarri eta bihotz asko goxatu zituen». Gazteen eredu Haren ibilbidearen hastapenetan Uztapide eta Iñaki Eizmendi Basarri izan zituen bidaide, besteak beste. 60. hamarkadan, berriz, ondorengo belaunaldietako bertsolariekin aritu zen plazarik plaza, Lazkao Txiki-rekin, Jon Lopategirekin, Joxe Lizasorekin eta Joxe Agirrerekin, kasu. «Belaunaldi berrien» eredu izan zen, hala. Imanol Lazkano bertsolariak adierazi duenez, gazteen «idoloa» zen. «Bertsolari gisa beste inork ez zituen dohainak zituen». Haren arabera, «hizkuntzalari ona» zen, eta «kontaeran, erriman eta neurrian ez zen parekorik». Lizasoren esanetan, gazteen «ispilua» zen. «Bidea markatu zien askori. Herriz herri ibili zen, eta gazteei erakutsi zien plazako jarduna zer den». Hori dela eta, «izar handi bat itzali» dela nabarmendu du bertsolari azpeitiarrak. Gutxitan egokitu zitzaion Lasarterekin bertsotan aritzea; izan ere, bera hasi eta «berehala» utzi zion leitzarrak plazaz plaza aritzeari. Hala ere, haren bertsoak idatzita daudela gogoratu du, eta horiek «altxor garrantzitsua» direla. Egañak bat egin du Lizasorekin: «Bertsolari gazteentzat eredu izan da Lasarte. Nik neuk Auspoako liburu guztiak irentsi nituen. Haren argia itzali bada ere, ondare garrantzitsua utzi du».  Egañari ere hainbatetan egokitu zitzaion Lasarterekin oholtza gainean aritzea, baina zarauztarrak harekin egindako bidaia du gogoan, batez ere. «Bere azken jaialditik herrira buelta harekin egitea tokatu zitzaidan, 1986ko ekainean. Autoan eraman nuen Oriora.  Jai iluntzea zen, eta ni nekatuta nengoen. Oriora iristean, ordea, etxera eramateagatik txikito batera gonbidatuko ninduela esan zidan, eta nik onartu. Bat beharrean dozena erdia ere hartuko genuen elkarrekin. Benetako ohorea izan zen niretzat, oso oroitzapen polita daukat gau hartaz». Oriori lotuta Oriorekin lotura estua izan zuen hilberriak—haren bizitzako urte gehientxuenak bertan eman zituen—eta udalerriko alkate Beñat Solaberrietak «herriari zion miresmena» gogoratu du. «Oriok Euskal Herrian zehar izan duen enbaxadore finenetako bat izan da Lasarte; oso eskertua agertu izan zaio beti». Hori nabarmen daiteke haren bertsotan; izan ere, Lasartek askotan erabili zituen bertsotarako gai gisa herria bera, herriko arrantzaleak, baserritarrak eta arraunlariak, besteak beste. Horrez gain, herriko lehen bertso eskolan maisu lanetan aritu zen, eta gazteei bere zaletasuna eta ezagutza transmititzeko ardura ere hartu zuen. Xabier Sukia Orioko bertsolari eta kazetaria izan zen Lasarteren ikasle kuttunetako bat. «Bere hitzek asko balio zutela gogoan dut. Gora begiratzen genion, errespetuz. Gizon serioa zen, eta, irribarrez baino, umorea hitzez erakusten zuen; ironia betez, askotan». Eskoletan irakatsitakoarekin, herriko bertso emanaldietara ere «gustura» joaten zen Lasarte «bere umeak» ikustera. Orio aukeratu zuen baita ere lurperatzeko. Hala esan zuen, behinik behin, herriari eskainitako bertsoan: Noizbait bukatu bear bizitza laburra, orrek ematen ditu kezka ta bildurra; bi gauz eskatze`izkizut Orio xamurra, bizitzeko ogiya ta ildakuan lurra. «Orioko lurretan hartuko du betirako atseden Manuel Lasartek», dio Solaberrietak. «Oriotarrek gogoan izango dute euskal kulturari egindako ekarpena, eta Oriori adierazitako esker ona».   Bertsoa ‘Lasarteren jarioa’ Lasarten jarioa ez zen ez makala, rimatan ere bazun aukera zabala, pentsatzen zuna esan zetorkion ahala, badakigu hamaika sufritua zala, betiko atsedena gozatu dezala. Joxe Luix Gorrotxategi . Azkoitia, Errezil eta Azpeitiko bertsozalez osaturiko Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kide Joxe Luix Gorrotxategik Manuel Lasarteren omenez idatzi du honako bertsoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide