Herriko musika taldeek eta barkalariek indarra batu dituzte, eta Arranpla ZMK Zumaiako Musika Kolektiboa jarri dute abian (izen hori jarri diote, oraingoz). Talde bakoitzak bere kasa funtzionatzen zuen orain arte, modu indibidualean; hau da, bakoitzak bere bidea aurkitu behar izan du, grabatzeko edo kontzertuak lotzerako orduan. Ondorioz, euren arteko harremana sustatuz, bat egin eta elkar laguntzeko beharra sentitu dute herriko musikariek.
Itaka taldeko Jon Brakamonteren eta Unai Eizagirreren ekimenez sortu zen kolektiboaren ideia. Lehenengo bilera urria bukaeran egin zuten, eta, orduan, Ubilloseko entsegu lokaletako musika taldeak bakarrik bildu ziren. Ondoren, azaroan, bigarren bilera batera deitu zituzten herri osoko taldeak eta bakarlariak. «Horrenbeste talde izanda, guztia koordinatzea zaila da, baina talde gehienak lan egiteko prest agertu dira», azaldu du kolektiboko zuzendari Jon Brakamontek.
Brakamonterekin batera, honako kide hauek osatzen dute zuzendaritza batzordea: Aitor Ramos da zuzendariordea; Xabier Garmendia, idazkaria; Beñat Fernandez, diruzaina; eta Aritz Uribe-Etxeberria, Luis Garcia, Jurgi Taboada eta Unai Eizagirre ordezkariak. Arranpla elkartea hamabost musika taldek, lau bakarlarik eta parte-hartzaile batek osatzen dute oraingoz. Elkartea martxoaren 10ean aurkezteko asmoa dute, gaztetxean.
Kolektiboak hainbat helburu zehaztu du. Oro har, elkartean dauden musika taldeei eta bakarlariei sorkuntzak zabaltzen lagunduko die. Horrekin batera, musikarekin zerikusia duten talde, elkarte edo erakundeekin harremanetan jarri eta elkarlana bideratu nahi dute; besteak beste, tokian tokiko kultur etxeekin, kafe antzokiekin, gaztetxeekin, diskoetxeekin eta komunikabideekin. Era berean, kontzertuak eta musika jarduerak antolatu nahi dituzte herriko tabernetan eta gaztetxean, baita festetan ere. Uda aldean, esaterako, jaialdi bat antolatzekoak dira.
Entsegu-lokalen kudeaketa
Zumaiako Udalak lagata, herriko musika taldeek Usategian izango dituzte entsegu-lokal berriak. Oraindik ez dira bertaratu; otsaila bukaeran egingo dute. Hamar talde eta bakarlari bat ariko dira bertan; eta gainerakoak Ubilloseko betiko lokaletan jarraituko dute. Udalak, gainera, kolektiboaren esku utziko du entsegu-lokalen kudeaketan. «Horregatik ere adierazi genien musika talde guztiei elkarteko partaide izatea komeni zela», dio Brakamontek.
Kolektiboak udalaren babesa du, eta hori «seinale ona» dela iritzi diote. Izan ere, «urte asko daramagu lokal berriak eskatuz. Orain arte, hiru lokal txikitan moldatzen ginen guztiok, eta horrenbesteko erabilerarekin nahiko zaharkituta daude. Beraz, lokal berriak ditugu, bai, baina Ubillosekoen egoera hobetzeko lanean ari gara». Guztira zortzi entsegu-lokal izango dituzte aurrerantzean; bost Usategian eta hiru Ubillosen, hain zuzen ere.
Lokal berrietan grabazio estudio bat ere izango dute. Beraz, maketak edo abestiak grabatzeko bitartekoak izango dituzte eskura. «Grabazio estudiorako bi arduradun jarri nahi ditugu, baina talde guztiak grabatzea sekulako lana izango denez, ikastaro bat eskainiko diogu jendeari, estudioak izango duen ekipamendua nola erabiltzen den erakusteko», adierazi du elkarteko zuzendariak.