Eskubaloi sailak txistor postua jarriko du aurten Santomas azokan

Zarauzko Hitza 2011ko abe. 15a, 06:00

Egutegian Santomas eguna abenduaren 21a dela jartzen badu ere, zarauztarrak aurreratu, eta larunbatean hasiko dira eguna ospatzen.Urtero legez, AEK euskaltegiak Santomas azoka antolatu du hilaren 17rako. Euskarastaren baitan antolatu ohi du euskaltegiak ekimena, eta aurten ere bide beretik jarraitu du. Hala, larunbat goizean zehar festa giroa izango da nagusi Lege Zaharren Enparantzan. Urola Kostako AEKko zuzendari Amaia Olazabalek jakinarazi duenez, «euskarari eta euskal kulturari tartea eskaintzea» izango da ekimenaren helburua: «Zarautzen, kultur ekintza ugari daude, eta horietako bat da Santomas azoka. Gure herrian agenda anitza dugu, eta elkarte gehientsuenak, gainera, ekitaldiak euskaraz edota euskal kultura sustatuz egiten dute lan. Guk ere azokaren bitartez euskarari eta euskal kulturari tartea eskaini nahi diogu». Erreferentzialtasuna Ildo horretatik, taloak dastatzeko aukera izango da, besteak beste, baita «zintzurra bustitzekoa» ere. Era berean, makina bat produktu ere eskuratu ahalko da: «Baserritarren postuak, artisauenak eta bertako beste hainbat ekoizlerenak ere izango dira bertan». Bide horretan, «erreferentzialtasuna eskuratu duen topagune jendetsua» lortu dutela nabarmendu du Olazabalek. Bestalde, urtero bezala, txistor lehiaketa egingo da Santomas azokaren baitan. Inguruko hainbat harakinek hartuko du parte bertan, eta eguerdi aldera erabakiko da zein den aurkeztu dituzten txistorretatik onena. Era berean, AEKk zozkatutako bi otarrak nori egokituko zaizkion jakinaraziko dute antolatzaileek, ordu [...]



Egutegian Santomas eguna abenduaren 21a dela jartzen badu ere, zarauztarrak aurreratu, eta larunbatean hasiko dira eguna ospatzen.Urtero legez, AEK euskaltegiak Santomas azoka antolatu du hilaren 17rako. Euskarastaren baitan antolatu ohi du euskaltegiak ekimena, eta aurten ere bide beretik jarraitu du. Hala, larunbat goizean zehar festa giroa izango da nagusi Lege Zaharren Enparantzan.
Urola Kostako AEKko zuzendari Amaia Olazabalek jakinarazi duenez, «euskarari eta euskal kulturari tartea eskaintzea» izango da ekimenaren helburua: «Zarautzen, kultur ekintza ugari daude, eta horietako bat da Santomas azoka. Gure herrian agenda anitza dugu, eta elkarte gehientsuenak, gainera, ekitaldiak euskaraz edota euskal kultura sustatuz egiten dute lan. Guk ere azokaren bitartez euskarari eta euskal kulturari tartea eskaini nahi diogu».
Erreferentzialtasuna
Ildo horretatik, taloak dastatzeko aukera izango da, besteak beste, baita «zintzurra bustitzekoa»
ere. Era berean, makina bat produktu ere eskuratu ahalko da: «Baserritarren postuak, artisauenak eta bertako beste hainbat ekoizlerenak ere izango dira bertan». Bide horretan, «erreferentzialtasuna eskuratu duen topagune jendetsua» lortu dutela nabarmendu du Olazabalek.
Bestalde, urtero bezala, txistor lehiaketa egingo da Santomas azokaren baitan. Inguruko hainbat harakinek hartuko du parte bertan, eta eguerdi aldera erabakiko da zein den aurkeztu dituzten txistorretatik onena. Era berean, AEKk zozkatutako bi otarrak nori egokituko zaizkion jakinaraziko dute antolatzaileek, ordu berean. Giroa berotzeko, berriz, trikitilariak, Arraio Irratia eta beste hamaika kontu izango da larunbat goizean zehar udaletxe atariko plazan.
Euskal kultura bultzatzeaz gain, antolatzaileek kalean AEKren presentzia bermatu nahi dute azokaren bitartez. «Eskolaz kanpoko jarduera ere bada azoka; izan ere, euskaltegiko ikasleek ere hartzen dute parte azokan», gaineratu du Urola Kostako AEKko zuzendariak.
Hala, ikasleak ere postuan izango dira taloak jo eta jo. «Haientzat aukera bikaina da, herriko jendearekin elkartu eta euskaraz aritzeko parada izan ohi dute-eta. Mintzapraktikarako aukera ona da, beraz», adierazi du.
Bide batez, talo postuaren bitartez lortutako irabaziak ikasturtean zehar ikasleekin egiten dituzten jarduerak ordaintzeko zein azoka antolatzeko gastuei aurre egiteko baliatuko dituzte AEKkoek.
Eskubaloi taldearen postua
AEKk herriko eragileak gonbidatu ohi ditu txistor postua jartzera. Aurten, ZKEko Eskubaloi Saileko kideek hartuko dute ardura hori. «Eurek astinduko dituzte, beraz, zartaginak. Bildutako xoxak ere eskubaloizaleen gastuak ordaintzeko bideratuko dira, eurei ere krisiak eragin baitie», azaldu dute. Horrez gain, Euskarastearen baitan
antolatu duten azken ekitaldirako, Kopla Txapelketarako, sarrerak salgai izango dira azokan.
10:30etik aurrera erosi ahalko dira txartelak, eta norbanako bakoitzak gehienez bi eskuratu ahalko ditu. Sarrera bakoitzak bost euroko kostua izango du. Hilaren 23an egingo dute
Kopla Txapelketa, Putzuzulon, 22:00etan.
Getarian ere festa
Getarian ere larunbatean ospatuko dute Santo Tomas azoka. Besteak beste, txorizo jana, taloak eta musika izango dira herrigunean. Arratsaldean, berriz, gaztain erreak banatuko dituzte, Gure Txeruren eskutik.

Udan txaparrotan, neguan txamarratan

Zarautz Kirol Elkarteko eskubaloi atala hedatuz doa. Aurtengo kirol denboraldian jokalari eta talde kopurua handitu egin zaie, eta hazkunde hori dela-eta, diru-sarrerak ere areagotu zaizkie. Ondorioz, aurrekonturako irabazi pixka bat lortu nahian, bi ekitaldi antolatu dituzte abenduaren 17rako , larunbat honetarako. Goizean , Santomas azokan izango dira, udaletxeko plazan, eta postu bat jarriko dute, salda, txorizoa, sagardoa eta abarrekin.
Gauean, berriz, Aialako nesken partida amaitu ondoren, Txamarratan neguko festa egingo dute, Putzuzulo Amets Fabrikan izango da, eta bertan paella jana, Orioko batukada taldea, talde jolasak, karaokea, musika jartzaileak eta ezusteko ugari izango dira, besteak beste. Eskubaloiko jokalariek zarauztarrak bi ekimenotan parte hartzera animatu dituzte: «Denon eta denaren beharra dugunez, zuen zain izango gaituzue».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide