Errezil sagarraren festa da igandean, Errezilgo Azokak antolatuta

Urola Kostako Hitza 2011ko abe. 2a, 17:06

 Ibarbi sagarra, Errege sagarra eta Errezil sagarra; baditu izenak sagar mota honek. Igandean protagonista izango da Errezilen, bereziki antolatutako festan, 10:00etatik 14:00etara bitartean, frontoian. Errezilgo Azoka taldeak antolatu du, Errezilgo Udalaren laguntzarekin. Errezilen Ibarbi sagarra bezala ezagutzen dute batik bat sagar mota hori. Ernioren aurrealdean, Errezil herriaz bestaldean dago Ibarbi auzoa. Inguruan, berriz, Errezil sagarra edo Errege sagarra bezala da ezaguna. Jaki askotarako sagar ederra dela dio Mariaje Galarragak: «Jaki asko egiteko oso ona da sagar mota hau. Gauza askotarako balio du, onena da: konpota egiteko, gozoa egiteko (irasagar edo menbriloarekin egiten denaren modukoa), egosteko, gordinik jateko... Konpotan ere ez da erraz puskatzen, eta gozorako ere egokiena da. Gordinik jateko ere onena oraintxe dago». Urrian biltzen da errezil sagarra, eta asko irauten du. Hala dio Errezilgo Azokako kide eta Iraolazaharra baserriko Mariaje Galarragak: «Sagarra bildu eta lauzpabost hilabete irauten du». Baina aurten sagarra harrak jota eta oso ustelkorra dagoela dio Galarragak. «Sagarraren iraupenean zerikusi handia du eguraldiak. Gainera, guk baserritarrok ez dugu sagarrik tratatzen». Horrez gainera, aurten beste kontu bitxi bat gertatu zaie sagastiei: «Bi aldiz loratu dira aurten sagastiak. Sagarra jaso eta gero, udazkenean, berriro loratu da arbola». Inoiz horrelakorik gertatu denik ez du gogoan Galarragak, eta horren arrazoia eguraldi epela izan daitekeela uste du: «Fenomenoa ez da normala. Gure inguruan behintzat, fruitua jaso eta gero loratu egin da berriro arbola». Sagarra nabarmenduz Errezilgo Azoka taldea Errezilgo bost baserritarrek osatzen dute, «bost emakumek». Igandeko Errezil sagarraren azoka talde horrek antolatutakoa da. Badira urteak sagar horren bueltako festarekin hasi zirena. «Dagoeneko urte asko dira; hamazazpi urte edo izango dira. Urte batean edo bestean huts egin genuen, eta sagarrik ez zegoelako ez genuen azokarik antolatu». Herriaren izena duen sagarrari protagonismoa emateko asmoarekin hasi ziren azoka antolatzen. Errezilgo Azokakoen sagar eta sagarkien postuez gainera, herriko artisauen postuak, gaztain erreak, taloak eta sagardoa ere izango dira igande goizean Errezilen. Sagarkiekin sei- zazpi postu izango dira frontoian. Dagoeneko iganderako sagarkiak prestatzen hasita daude Errezilgo Azoka osatzen duten kideak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide