«Barruan daukadana ateratzeko modua da sorkuntza»

Zarauzko Hitza 2011ko aza. 9a, 11:52

Liburu artean marrazkiak. Letrak eta irudiak. Ilustrazioa. Zenbait liburutan azaltzen dira marrazkiak, eta horretan jardun nahiko luke Jon Arangurenek (Zarautz, 1987). Liburu artean jarri ditu ikusgai, aurrenekoz, bere marrazkiak, Garoa liburudendan. Azaro amaiera arte egongo dira bertan. Zertaz da erakusketa? Arte Eder ikasketak egin ditut azken urteetan Bilbon, eta han sortutako lanak dira. Izena Jaio jarri diot, baina ez jaiotzari buruzko lanak direlako, aurkezpen modukoa delako baizik; ingurukoei zer egin dudan adierazteko eta erakusteko. Gai zehatzen bat jorratu al duzu marrazkietan? Ez. Jaio hitzaren bost definizio hartu nituen, eta erakusketaren azalpenean jarri ditut, sortze prozesuarekin eta artearen lanarekin zerikusia dutelakoan. Baina ez du esan nahi bost gai jorratzen ditudanik. Era guztietako marrazkiak daude: batzuk klaseetarako egin beharreko ariketak dira, beste batzuk neure kasa sortutakoak. Sorkuntza horretan, zenbaitetan, kanta batean oinarritzen naiz. Adibidez, Lisabören kanta bat entzun, eta horren letra ilustratzen saiatzen naiz. Beti sortzen al duzu zerbaiten oinarrian, kasu horietan kanten letrekin egin duzun bezala? Ez beti. Musikarekin beti egiten dut horrela, baina beste kasuetan ez. Klaseko ariketa batean, irakasleak hitz bat eman zigun, edo ipuin bat, eta horrek esaten duena ilustratu behar izan genuen. Erakusketarako propio prestatu al duzu marrazkirik? Bat edo beste badago, baina gehienak azken urteetako sorkuntzak [...]


Liburu artean marrazkiak. Letrak eta irudiak. Ilustrazioa. Zenbait liburutan azaltzen dira marrazkiak, eta horretan jardun nahiko luke Jon Arangurenek (Zarautz, 1987). Liburu artean jarri ditu ikusgai, aurrenekoz, bere marrazkiak, Garoa liburudendan. Azaro amaiera arte egongo dira bertan.
Zertaz da erakusketa?
Arte Eder ikasketak egin ditut azken urteetan Bilbon, eta han sortutako lanak dira. Izena Jaio jarri diot, baina ez jaiotzari buruzko lanak direlako, aurkezpen modukoa delako baizik; ingurukoei zer egin dudan adierazteko eta erakusteko.
Gai zehatzen bat jorratu al duzu marrazkietan?
Ez. Jaio hitzaren bost definizio hartu nituen, eta erakusketaren azalpenean jarri ditut, sortze prozesuarekin eta artearen lanarekin zerikusia dutelakoan. Baina ez du esan nahi bost gai jorratzen ditudanik. Era guztietako marrazkiak daude: batzuk klaseetarako egin beharreko ariketak dira, beste batzuk neure kasa sortutakoak. Sorkuntza horretan, zenbaitetan, kanta batean oinarritzen naiz. Adibidez, Lisabören kanta bat entzun, eta horren letra ilustratzen saiatzen naiz.
Beti sortzen al duzu zerbaiten oinarrian, kasu horietan kanten letrekin egin duzun bezala?
Ez beti. Musikarekin beti egiten dut horrela, baina beste kasuetan ez. Klaseko ariketa batean, irakasleak hitz bat eman zigun, edo ipuin bat, eta horrek esaten duena ilustratu behar izan genuen.
Erakusketarako propio prestatu al duzu marrazkirik?
Bat edo beste badago, baina gehienak azken urteetako sorkuntzak dira.
Irakurri izan dizut lan hauek sortzea asko kostatako lana izan dela. Zer esan nahi izan duzu horrekin?
Beno, orokorrean denak arkatzarekin egindakoak dira, eta
saiatzen naiz xehetasun askorekin lan egiten. Orduan, denbora dezente eman behar izan diet. Honelakoa izaten da nire sorkuntzaren bidea: pentsatu egiten dut zer egin, eta horren inguruan irudiak ikusten ditut, eta gero, ateratzen zaidana egiten dut. Normalean, pentsatu dudanaren aurkakoa izaten da azkeneko emaitza, nire kasuan.
Zirriborro asko egiten dituena al zara?
Ez normalean. Zakarrontzira ez ditut orriak botatzen. Borragoma erabiltzen dut sarritan, hori bai.
Bilbon egindako lanak dira denak?
Bai.
Zenbateko eragina izan du Bilbo hiriak lanetan?
Eragin handia izan du. Bilbok ez ezik, baita Leioako Arte Ederretako giroak ere, baina ez hezkuntzaren kalitateagatik, ez baita ona. Gero, Bilbo hiri handia izanik, aberasgarria da. Hemen baino gehiago mugitzen da artearen mundua, eta inspiratzeko aukera gehiago ematen du.
Erakusketa hau amaitzean, zer egiteko asmotan zabiltza?
Ez daukat erakusketaz erakusketa ibiltzeko asmorik. Hau zerbait pertsonala izan da, nire ingurukoek zertan ari naizen ikus dezaten. Nahiko nuke ilustrazioan hasi, liburuak edo dena delakoak ilustratzen. Umeentzat eta egiten da, baina helduentzako ere egin nahiko nuke; hala ere, zaila da.
Zergatik da zaila?
Beno, artearen munduan aukera gehien ilustrazioan dago, eta zaila dela esan dut, ona izan behar delako, eta nik ez dakit zer naizen.
Jende asko ari omen da gerturatzen erakusketa ikustera.
Hala esan didate liburudendakoek, eta inaugurazioan ere jende dezente bildu zen. Kritika onak ari naiz jasotzen; harritu egiten da jendea.
Sorkuntzaren baitan, beste arlo batzuetan ere aritzen al zara?
Bai. Eskultura, marrazkigintza, pintura… Denetarik gustatzen zait. Sorkuntza den edozer gustatzen zait, eta sortu beharra daukat. Baina erosoen marrazkigintzan nabil, arkatzarekin, xume-xume.
Zergatik sortu beharra?
Beste batzuek idatzi, hitz egin edo kantatu behar duten bezala, nik sortu egin behar dut. Azken batean, barruan daukadana ateratzeko modua da. Tarte batean ezer sortu gabe egoten banaiz, ezinegona izaten dut. Eta erakusketako marrazki hauetan ere, biluztu bezala egin naiz; momenturen batean sentitu izan dudana azaltzen dute, azken batean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide