
Orain, ohikoa da emakumeak bertsogintzan ikustea. Plazaz plaza ibiltzen dira. Normaltzat hartzen da hala izatea, eta dena eginda dagoela eman dezake aditzera. Oraingo egoera lehen egin dutelako gertatu da, baina badago zer egin, eta ez dagokie bakarrik emakumeei eta bertsolaritzako jendeari. Hausnarketa hori Ainhoa Agirreazaldegirena da.
Gaur, halakoak eta gehiago entzuteko aukera izango da Azpeitian, Emakumeen Txokoan, 19:30etik aurrera, Agirreazaldegi berak eta Uxue Alberdi bertsolari lagunak hitzaldia emango dutelako, gai honen jiran:
Emakumeak bertsolaritzan.
«Hiru zati izango ditu gure jardunak», azaldu du Agirreazaldegik. «Hastapenei buruzkoa izango da aurrenekoa. Emakumeak nola hasi ginen bertsotan, eta hasierako bertsolari haiek beren burua nola ikusten zuten azalduko dugu». Aitzindari haien lanari segida eman zioten gero beste batzuek, eta horixe izango da hitzaldiaren bigarren zatia: «2.000 urtea pasatxoa zela, hamar-hamabost bertsolari emakumezko elkartzen hasi ginen, asteburu pasak- eta eginez. Konturatu ginen norberaren kezkak eta sentimenduak besteenak ere bazirela. Graziarik ez genuela egiten denon ustea zela konturatu ginen, esate baterako». Lauzpabost urteko hausnarketa egin zuten, eta bertsozaleak ere biltzen joan zitzaizkien. «Teorizatzen jardun genuen, irakurri ere asko irakurri genuen, eta bidea elkarrekin osatzen joan ginen», gaineratu du Zarautzen bizi den Elgetako bertsolariak.
Hausnarketa hedatuz joan zen bertsolaritzaren baitan, eta bi arlo nabarmendu ditu: «Bertsozale Elkartean generoaren gaia mahai gainean jarri zen, eta gai-jartzaileei ere zer pentsatua eman zitzaien. Horrez gain, entzulea ere aktibatu egin genuen generoaren gaiaren jiran». Horrekin bukatuko dute hitzaldiko bigarren zatia, eta hirugarrenean, beste alderdi honi eutsiko diote: «Emandako urratsak aztertuko ditugu, eta aurrera begira zer egin daitekeen».
Hiru ordu-laurden inguruko jarduna egingo dute bi bertsolariek, eta, ondoren, galderak egiteko aukera emango zaie entzuleei. Orain artean, hainbat lekutan eman dute hitzaldia, eta harrera ona izan dutela esan du Agirreazaldegik: «Gizonezkoak ere joaten dira gure hitzaldira, eta gustatzen zaigu. Azken batean, enpatia sortu beharra dago bi generoen artean».
«Kanpotik aztertzekoa da»
Hitzaldian barrena, datu honen berri emango dute ziurrenik, bertsolari emakumezkoak txapelketatan izaten ari diren presentziari buruzkoa: «Uxue eta biok kopuruak aztertzen aritu gara, eta herrialdeko txapelketa guztiak kontatuta, emakumeok parte-hartzaileen %20 gara. Euskal Herrikoan, %30 gara. Ez dira zenbaki handiak», egin du gogoeta Agirreazaldegik.
Arrazoiak aztertzen hasita, hau ekarri du gogora: «Emakumeak ez daki bere leku publikoaren errekonozimendua onartzen. Batzuek iristen dira lekua hartzera, baina gero utzi egiten dute».
Kopuru horrek gora egin dezan, «galdera asko daude egiteko», Gipuzkoako Txapelketan finalerdietan izango den bertsolariaren ustez. Itaun horietako batean, sakontasun handiko gaia aipatu du: «Emakumeak auto-exigenteak gara, eta kontraesanak daude emakumeon izaera horren eta bertsolaritzaren ezaugarrien artean». Bat-bateko jarduna jarri du adibidetzat: «Momentuko zerbait izanik, geure buruari gehiago barkatu beharko genioke kantatzen dugunaren inguruan. Baina gehiegi eskatzen diogu geure buruari».
Sakontasun horren baitan segitu du hausnarketak: «Izaeraren araberako bertsolaritza antolatu beharko litzateke. Bertsolari bat erosoago ibil daiteke berrogei entzule baino ez dauden lekuan, adibidez; eta beste bat deseroso egon daiteke pilotalekuan kantari. Horregatik diot, izaeraren arabera antolatu beharko litzatekeela».
Gogoeta horiek denak bertsolaritzaren baitan ari dira egiten, eta hori aldatu egin behar dela uste du Agirreazaldegik: «Kultur munduan ez dago kontzientziarik generoaren gaiaren inguruan. Nire iritziz, kanpotik aztertu beharreko gaia da. Izan ere, ematen du gu geu ari garela geure burua defendatzen, eta ez da horrela».
Hausnarketa horiek denak eta beste asko gaurko hitzaldian plazaratuko dituzte bi bertsolariek. Trukatu egin nahi dituzte entzuleekin, eta entzuleen ekarpenak ere gustura hartuko dituzte. Azken batean, bertsolari emakumezkoen aldeko lana bertsolaritzaren baitatik egin dute, eta aurrerantzea kanpotik egin behar dela diote. Egin beharra dago.