Nahikari Usarraga (Donostia, 1980) elikaduran adituak Elikadura irizpideak prozesu onkologikoetan hitzaldia eskainiko du datorren astelehenean, hilaren 26an, Minbiziaren Aurkako Elkartean (Balea kalea, 2), 17:30ean. Doakoa izango da saioa.
Elikadura zaintzea beharrezkoa da edonorentzat. Minbizia dutenentzat edota sendatze prozesuan daudentzat are gehiago. Zein onura izan ditzake elikadura egokia izateak halako kasuetan?
Tratamendua jaso duten gaixoek orokorrean gose gutxi edukitzen dute, edota janariari ezinikusia izaten diote. Goragalea izaten dute askotan, eta irensteko zailtasunak. Tratamenduaren albo ondorioen eraginez gertatzen da hori. Ondorio horiek gutxiagotu daitezke dieta egokia jarraituz gero, eta errekuperazioa arinagoa izan daiteke. Horrek ez du esan nahi hiru hilabetean sendatu beharrean hilabete bakarrean egingo dutenik, baina asko lagun dezake. Tamalez, ez dago dieta miragarririk.
Prozesu onkologiko asko daude, eta horrenbestez, dietak aldatu egingo dira, ezta?
Elikadura guztiz aldatzen da organo kaltetuaren arabera. Ez da gauza bera eztarriko minbizia izatea, edo bularrekoa, edo kolonekoa. Ez dute zerikusirik. Eztarriko minbiziaren ondorioz irenstea kostatzen zaion batek, esaterako, natilla likidoak edota irabiakiak har ditzake. Irabiakien kasuan, ordea, garrantzitsua da, frutaz gain, esne pixka bat edota galleta batzuk ere gehitzea. Hala, proteinak eta kaloriak ere izango ditu. Haragia eta arraina purean jan ditzakete. Askoz ehundura goxoagoa du, eta erraz irents daiteke.
Irizpide orokorrak badaude, hala ere.
Denetarik jan beharra dago, baina askotan ezinezkoa da, usainak nazka ematen baitie eta botagurea eragin. Garrantzitsua da, ordea, egunean bospasei aldiz jatea, kantitate txikitan bada ere. Eta kantitate txiki horiek, behinik behin, gaixoak behar dituen bitaminak, mineralak eta proteinak izatea ezinbesteakoa da. Hori da agian zailena. Horregatik, gaixoak momentuan nahi duena jatea komeni da.
Gaixotasuna prebenitzeko dietarik ba al dago?
Denetarik jatea da garrantzitsua: fruta, barazkiak… Zuntza edo fibra hartzea ere beharrezkoa da, eta haragia gutxiago kontsumitzea. Astean bitan baino gehiago ez, behinik behin. Elikagai prozesatuak ere ez dira komenigarriak. Ahalik eta elikagai naturalenak jatea da egokiena.
Zeintzuk dira gaixoek dituzten zalantza nagusiak?
Jendea oso galduta egoten da, orokorrean. Medikuek sendatu zaituzte, baina zer egin gerora? Zein elikadura irizpide jarraitu behar dira prozesu onkologikoetan? Zer jatea komeni zait eta zer ez?Zer egin dezaket defentsak igo eta hotzeria ez harrapatzeko? Askotariko kasuak daude, eta hori dela eta, beharrezkoa da medikuarekin eta elikaduran aditu batekin harremanetan jartzea.