«Zinemaldiko hiru filmetan parte hartzea aurten soilik gertatu da»

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 16a, 10:00

Gaur emango diote hasiera Donostiako Zinemaldiaren 59. edizioari. Hilaren 24ra bitartean, Euskal Herriko naiz nazioarteko ehunka film eskainiko dituzte Donostiako zine aretoetan, eta horietako hainbatek lortuko du maskor preziatua. Tartean, eskualdeko zinemagileen lanak ikusi ahal izango dira jaialdiak iraungo duen bederatzi egunetan; Alberto Gorritiberea zumaiarraren Arriya edo Telmo Esnal zarauztarraren Urte berri on, amona! filmak, esaterako. Urola Kostako hamaika aktore ere izango da pantaila handian; hala ere, Kandido Uranga (Zumaia, 1955) aktore zumaiarrak presentzia nabarmena izango du jaialdian, Zinemira saileko Naufragio, Arriya eta Bi anai filmetan hartu baitu parte. Parte hartu duzun filmeek nolako harrera izatea espero duzu Zinemaldian? Ez dut ezer espero. Naufragio eta Arriya filmak dagoeneko estreinatuta daude. Arriya-k oso harrera ona izan du Euskal Herriko hainbat herritan. Espainian ez dakit nola hartu duten. Printzipioz, jende gutxi joaten da zinema aretoetara, are gutxiago Espainiako filmak ikustera, eta oraindik eta gutxiago Euskal Herrikoak ikustera. Espainiako eta Euskal Herriko filmeek harrera ona izan dezaten marketin asko egin behar da. Gustura al zaude film horietan egindako lanarekin? Oso pozik nago film horietan parte hartu izanarekin. Zuzendariak nahiko gazteak dira, eta hirurak ere zintzoak dira euren lanekin. Zinea ikusteko begirada propioa dute, eta barruan dutena emateko ahalik eta modu zintzoenean jokatu dute. Hori oso garrantzitsua da niretzat. Horrez gain, gustura nago egin dudan lanarekin, adostasun kutsua badu ere. Hala ere, gusturago egongo nintzateke etorkizunean lanean jarraituko banu, horrelako zuzendariekin lan eginez. Hala ere, Zinemaldiko hiru filmetan parte hartzea ez da seinale txarra, ezta? Ez, alderantziz. Baina esan behar dut orain arte ez zaidala horrelakorik suertatu. Aktore moduan 30 urte daramat, eta Zinemaldian eskainikodituzten hiru filmetan aritzea ez da ohikoa; aurten soilik gertatu da. Aurrerantzean batean behintzat parte hartuko banu, ez nintzateke kexatzeko moduan izango. Hiru filmeek antzekotasunik ba al dute euren artean? Printzipioz ez. Hiru zuzendariak desberdinak dira. Naufragio eta Arriya-ren kasuan gidoia eurek sortu dute, euren bizipenetatik eta istorioetatik abiatuta. Bi anai-k, berriz, Bernardo Atxagaren eleberria du oinarrian. Baina ez da mugatzen liburuko istorioa kontatzera; hori aitzakia hartuta, istorioaren interpretazio propioa egiten du zuzendariak. Eta pertsonaiek ba al dute antzekotasunik? Pertsonaiek fisiko eta ahots bera izango dute, baina hortik aurrera beharbada ez dute antz handirik. Hala ere, Naufragio eta Arriya filmetan immigrazioa eta deserriratzea presente dute nire pertsonaiek. Horrez gain, Naufragio-ko pertsonaia oso oldakorra da. Gauzak ez ditu gehiegi pentsatzen, eta aztoratu egiten da. Bi anai filmeko pertsonaldia, aldiz, oso pentsakorra da. Guztietan ere, badirudi bakoitzak bere bizitzari aurre egin behar diola. Bizitzea ez da erraza. Behin jaioz gero, kondenatuta gaude bizitzera, eta pertsonaia bakoitzak ere nolabaiteko bizi ezintasunari egin behar dio aurre. Kostatzen zaie erronka hori gainditzea. Nola ikusten duzu aurtengo Zinemaldia? Egia esateko ez dut askorik jarraitzen jaialdia. Zinezalea naiz, eta Zinemaldia izaten denean joaten naiz. Aparteko aukerarik egin gabe joaten naiz, egoki suertatzen zaizkidan filmetara, eta ezustekoak hartzen ditut. Zinema areto batera joan, eta argiak itzaltzea soilik gauza handia da niretzat. Beraz, ez dakit zein film emango dituzten jaialdian. Baina badakit aurtengo zuzendaritzak begirada berezi bat eman nahi izan diola Euskal Herrian ekoitzi diren filmeei. Hala baldin bada, ondo deritzot. Bertako zinema konplexurik gabe bultzatzen bada, eta bere neurrian baloratzen bada, oso ongi iruditzen zait. Zu partaide zaren hiru filmak Zinemira sailaren barruan daude. Sailak Euskal Herrian ekoiztutako filmak biltzen ditu. Nola ikusten duzu bertako zinemaren panorama? Zinemaren inguruan aritzen garenok lan egin nahi dugu, istorioak kontatu. Gure zineman sinestu behar dugu, eta modu zintzo eta leialean baloratu behar dugu hori. Euskal Herrian ekoizten da, urte batzuetan gutxiago eta beste batzuetan gehiago. Gai hau sakonago jorratu behar da agian; hori adituek egin behar dute, eta ez dakit zein izan daitezkeen horiek. Halako jaialdi batek zertan lagun diezaioke aktore bati? Hogeita hamar urte daramat honetan; mundu honetan ez naiz atzo jaioa. Ez dakigu filmek nolako oihartzuna izango duten, eta, beraz, egunerokoa bizi behar da. Beste proiekturen batean lanean ari al zara orain? Momentu honetan Goenkale telesailean ari naiz lanean, oso pozik. Horrez gain, badaude proiektu batzuk, baina oraindik guztiz gauzatu gabe daude.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide