rerantzean zinegotziek ez dute Udala ordezkatuko ekitaldi erlijiosoetan. Aralar-EB alderdiak herenegungo osoko bilkuran aurkeztu zuen mozioa, eta udalbatzak baiezkoa eman zion, gehiengoz. Koalizioko bozeramaile Andoni Ibargurenek adierazi zuenez, Zarauzko Udalbatzak erakunde publikoen akonfesionaltasun eta Eliza-Estatua banaketaren legezko printzipioak bete behar ditu, eta, hori dela eta, udal ordezkariek ezin dute izaera erlijiosoa duten ekitaldietan ofizialki parte hartu: «Demokratikoki hautatu dituzten erakunde publikoetako ordezkariek ezin dute Udalaren izenean elizkizunetan parte hartu, aipatutako printzipioa urratu gabe, eta herritar guztiak modu bidegabean ordezkatuz».
Jokaera hori «ilegala» izateaz gain, «guztiz onartezina» dela gaineratu zuen Ibargurenek, eta erakundearen izaera demokratiko, ordezkatzaile eta akonfesionala «zalantzan jartzen» duela.
Arrazoiok medio, udal ordezkariek ospakizun erlijiosoetan parte ez hartzearen aldeko mozioa aurkeztu zuen Aralar-EBk, eta gehiengoz onartu zuten udal ordezkariek, PSE-EEren, Bilduren eta Aralar-EBren aldeko botoekin. PPk eta EAJk kontra bozkatu zuten.
Errespetu kontua
«Mezetara joatea ez da errespetu falta; hori esatea gehiegizkoa da», erantzun zuen PPko bozeramaile Rafa Olaizolak. Ildo horretatik, mozioaren kontra bozkatu zuen. Horren aurrean, Aralar-EB taldeak «ohitura» ez dela «nahikoa arrazoi» erantzun zuen: «Niretzat ohitura dela esatea ez da inoiz izango nahikoa argudio babesten ez dudan zerbait mantentzeko».
PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak alderdiak mozioa babesten duela esan zuen: «Ez dugu egoki ikusten udal ordezkari gisa elizkizunetan parte hartzea. Bakoitzak bere sinesmenak izan ditzake, baina ezin da inor baztertu. Beraz, norbaitek elizkizunetara joan nahi badu, joan dadila, baina norbanako gisa».
EAJko bozeramaile Imanol Lasak, ez zuen bat egin Aralar-EBren mozioarekin: «Udalaren eta Elizaren arteko harremana ona izan da beti eta hala izaten jarraitzea nahi dugu, horregatik ez dugu mozioaren zergatia ulertzen. Errespetu kontua da, gonbitak onartu izan ditugu kristau izan ala ez. Zarautzen, gainera, hainbat ekitaldi Elizan edo harekin elkarlanean antolatzen ditugu, Udako Musikaldia eta Schola Cantoruma, esaterako».
Elkarlan hori «egokitzat» jo zuen Ibargurenek, baina elizkizunetan udal ordezkari gisa parte hartzea bestelako kontua dela nabarmendu zuen: «Norbanako gisa joatea egokitzat jotzen dugu, Udala publikoki ordezkatzen duen inolako protokolorik gabe».
Harreman horrek jarraituko duela gaineratu zuen Bilduko zinegotzi Eider Illarramendik. «Ni neu ere kristau praktikantea naiz, baina ezin dugu Elizara joan bandera bizkarrean hartuta, gure sinesmen bera ez duen jendea baitago herrian».
Ibarguren ordezkari
Bestalde, Ibarguren izendatu zuen Udalbatzak Urola Kostako Udal Elkarteko kide gisa, aho batez. Ekaineko plenoan postu hori Bilduko zinegotzi Iñaki Eizagirrek beteko zuela adostu zuen, baina ardura horri uko egin zion Eizagirrek. Ildo horretatik, EAJri eta Bilduri eskerrak eman zizkion Aralar-EBko bozeramaileak, bera proposatu izanagatik.
«Duela hiru bat urte alderdi txikiek ere mankomunitateko batzordean parte hartu beharko luketela proposatu genuen, baina ez zen posible izan. Alderdi txikiok ere badugu zeresana, eta parte-hartzea sustatu ahal izateko etxetik hasi beharra dago», nabarmendu zuen.
Ildo horretatik, enplegua sortzearen alde lan egiten saiatuko dela esan zuen Ibargurenek, formakuntza eskainiz. Era berean, zaborraren kudeaketa egokia bultzazea eta birziklatze indizeak igotzea izango dira haren egitekoak.