Euskal Herrira etortzen naizenean, paisaia guztiz berdea dela ikusten dut. Txori asko daude, eta euria ere sarri egiten du. Haurra nintzenean bizi nintzen herria gogorarazten dit. Maroko inguruko margolanak egiterako orduan asko laguntzen dit horrek», dio El Asri Abdelfattah margolariak. Abdelfattahek bezala, Youssef Harribou margolariak ere buruan ditu sorterriko ohiturak. Hala, oroitzapenetik abiatuta egin dituzten margolanak Orioko kultur etxean daude ikusgai, gaurtik uztailaren 29ra .
Euren herrialdeko dantzariak, jaietako ohiturak, herritarren egunerokotasuna, kaleak edota emakumeen janzteko modu anitzak kolore biziz irudikatzen dituzte Marokoko bi margolariek.
Harribou Zestoako Arroa Behea auzoan bizi da azken urteetan. Etxe ondoan duen garajean egiten ditu lanak, eta lehenengo aldiz jarri ditu bere erakusgai. Abdelfattaha, berriz, Marokon ospe handia duen margolaria da, eta bizitza osoa badarama ere margotzen, Euskal Herrian eginiko lanak dira kultur etxean ikus daitezkeenak.
Harribouk eta Abdelfattahak Marokoko kultura anitzak jorratzen dituzte: «Marokon herri bakoitzean kultura propioa dute. Amazig kulturako pertsonek, esaterako, janzteko eta festarako modu propioa dute, eta guk ohitura eta kultura aniztasun hori margotzen dugu», dio Harribouk.
Hala ere, bakoitzak gai jakin batzuk margotzen dituztela dio Harribouk: «Nik, esaterako, Marokoko tradizioetara jotzen dut margotzerako ordua. Asko gustatzen zait hango ohiturak islatzea, eta horretarako bertako txokoak eta egunerokotasuna margotzen dut». Hori irudikatzeko emakumearen irudia asko erabiltzen du. «Izan ere, sorrera irudikatzen du».
Artistaren ustez Marokoko tradizioa asko aldatu da, eta zehaztasuna du maite sustraietara jotzerakoan. «Musulmanen jatorrizko ohiturak erakutsi nahi ditut. Gure arbasoak naturari lotuta bizi zirela kontuan izan behar dugu. Kulturalki umilak izan gara, eta hori gogorazi nahi dut lanen bidez».
Abdelfattahek, berriz, gaurko eta atzoko festak eta margotzen ditu, koloreekim mugimendua sortuz. «Haurra nintzenean, eta ikastera joaten nintzenean, Gnawa taldeak ikusten nituen, dantzan. Izugarrizko beldurra ematen zidaten. Hala gogoratzen dut. Orain halako gaiak margotzen ditut», dio artistak. Horrez gain, Marokoko ezaugarri diren sinboloak ere erabiltzen dituela adierazi du, baina ikusleari pentsatzeko tartea ere eskaini nahi dio, interpretazioari tartea eginez.
Gizaki irudia oso ohikoa da haien lanetan, baina aurpegiak abstraktuak izan ohi dira: «Gure tradizioan ez da egokia izan pertsonen aurpegiak marraztea.
Txikia nintzenean, aitaren aurpegia marrazten saiatzen nintzen, baina izugarri haserretzen zitzaidan», dio Abdelfattahek, oroitzapenetatik tiraz.
Abdelfattahek eta Harribouk euren kabuz ikasi dute margotzen. Biak ala biak haurrak zirenean hasi ziren horretan, gainera. «Bizi nintzen herriko kultur etxean nire anaietako batek egiten zuen lan, eta etxera ekartzen zituen artearen inguruko aldizkariak. Txikitatik interesatu zitzaidan mundu hori, eta ikusten nituen artistek egiten zituzten lanak egin nitzakeela amesten nuen. Kultur etxeko arduradunak esan zidan bertan erakusketa jartzeko gutxienez 40 lan egin behar nituela, eta hainbeste egiteko energia banuela konturatu nintzen. Azkenean, obra guztiak egin nituen, eta herrialdeko artista askoren oniritzia jaso nuen». Ordutik, erakusketa ugari jarri ditu Afrikako herrialde horretan Abdelfattahek.
Azken urteetan lan mordoxka bat egin dute bi artistek. Eta margolan horietako batzuk besterik ez dituzte jarri erakusgai Orioko kultur etxean. Era berean, Orion ez ezik, inguruko beste herrietan ere erakusketak jartzeko asmoa dute bi artistek.