Joxe Mari Odriozola Dandi Ekuador eta Zarautz artean bizi da, «erdibidean». Urte ugari egin ditu Ekuadorko Palenque hirian bizitzen; egun urtean hilabete pasatzen du bertan. Lehenengo aldiz joan zenetik egoera asko aldatu dela dio zarauztarrak: «Pixkanaka aurrerapausoak ematen ari dira, burujabeagoak dira lehen baino, baina pausoak poliki-poliki ematen dituzte. Eurek sinistu behar dute aurrera egin dezaketela».
Odriozola 1.999ean iritsi zen lehenbizikoz Palenque hirira. «Euskal Herrian ederki bizi gara, baina noizbehinka gure ingurutik haratago begiratu beharra dago. Gu ez gara munduaren zilborra, eta beharrean daudenei kasu egin behar zaie», nabarmendu du. Pentsamendu horrekin jo zuen Zarauzko Iñaki Larrea apaizarengana, eta haren bitartez ezagutu zituen Elizbarrutiko Misioak. «1948tik Palenquen lanean dihardute misioko kideak. Ederki hartu ninduten», azaldu du. Hori dela eta, 2003ko Gabonak arte geratu zen bertan: «Asko zegoen egiteko». Gerora, udaro joaten hasi zen bertara, «gaitz txar» batek jo zuen arte. Iaz eta aurten maiatza osoa pasa du Palenquen, eta Palenqueko Lagunak gobernnuz kanpoko erakundearekin elkarlanean dihardu.
«Zarautz bezalakoa da biztaleria aldetik, 22.000 herritar inguru ditu. Hala ere, ezin duzu inoiz jakin; asko ez daude erroldatuta. Bizimoduari dagokionez, oso bestelakoa da». Izan ere, Dandik bi herrialdeen artean hainbat desberdintasun nabari du: «Euskal Herrian bi metro egiten baditugu aurrera, Ekuadorren bi zentimetro besterik ez dituzte egiten».
Pobrezia eta indarkeria nagusi
Palenquen pobrezia da nagusi. Baina ez da arazo bakarra: «Indarkeria ikaragarria dago. Euskal Herrian lehenengo lana aurkitu bezain pronto, etxebizitza bat erosteko aurrezten hasten zara. Han, lehen ordainsari horrekin arma bat ordaintzen dute».
Horregatik, heziketa garrantzitsua dela dio: «Iritsi eta lehenengo gauza pentsatu nuena horixe izan zen: mutiko horiek eskolara joan behar dute. Hori baita herriak aurrera egiteko bidea». Haren esanetan, eskola bazegoen, baina hiru irakasle soilik zituen. «Egun hamahiru bat maistrak ematen dituzte eskolak. Euskal Herritik zein Urola Kostatik bidalitako laguntzagatik ez balitz, ez litzateke posible izango». Izan ere «handia» da eskualdetik Palenquera bidalitako «laguntza».
Laguntza horiei esker eraiki zuten, baita Manuel Sesma ospitalea ere. «Osasun alorrean ere gabezia handia zegoen», dio. Lehenengo urteetan, esaterako, larunbatetan soilik hartzen zituzten gaixoak bost kilometrora zegoen hiritik etorritako medikuek. 2002an inauguratu zuten Manuel Aitaren omenez eraikitako zentroa. Egun 22 lagunek dihardute bertan lanean, medikuek eta erizainek: «Asko aurreratu da alde horretatik». Ospital inguruan egindako lanagatik hiriko seme kuttun izendatu zuten.
Udalaren laguntza
«Pobreak izan arren, nortasuna behar dute izan», dio. Zarauzko Udalaren laguntzari esker, «aurrerapausoa» eman dute alderdi horretan; izan ere, Zarautz bilketa zentroa eraiki du hirian. Horri esker, herritarrek kudeatzen dituzte biltzen dituzten elikagaiak, mailegu-emaileen bitartekotzarik gabe, eta «ateratako irabaziak eurentzat dira, bestela %20 kentzen zieten hilero» .