Orion ekingo diote Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari

Urola Kostako Hitza 2011ko mai. 4a, 15:27

Igandean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta bertsolariek Orion izango dute lehen hitzordua. Hala jakinarazi dute Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak, Oroitz Azurmendi Elkarteko koordintzaileak eta Unai Manterola Orioko Errikotxia Bertso Eskolako kideak gaur Orion egin duten agerraldian. Jauregik adierazi du duela lau urte Gipuzkoako Txapelketa egin zenetik bertsolaritza "indartu eta sendotu" egin dela, eta horren isla izatea nahi dute aste honetan hasiko den txapelketa. Guztira 76 bertsolarik hartuko dute parte txapelketan, 2007an baino bi lehiakide gutxiagok, hain zuzen ere. Horietatik 23 lagunek lehenengo aldiz hartuko dutela parte jakinarazi dute antolatzaileek. Halaber, euskaldeko hainbat bertsolari izango dira igandetik abendura bitartean oholtza gainean; Ibai Esoain, Egoitz Eizagirre oriotarrak, Jokin Uranga, Josu Oiarzabal Xenpelar, Beñat Lizaso eta Urko Egaña azpeitiarrak, Nahikari Gabilondo, Felix Zubia, Aitor Urbieta, Oier Aizpurua eta Oier Aranzabal zarauztarrak, Nekane Zinkunegi eta Eneritz Arzalluz errezildarrak, Maialen Velarde zumaiarrak, besteak beste. Horiek guztiak lehen fasean hasiko dira; izan ere, 76 parte hartzaileetatik 60 lehjen itzulian hasiko dira; beste 16ak bigarrean fasean hasiko dira, 2007ko txapelketan final zortzirenetan izan baitziren; horien artean daude Iñigo Manzisidor Mantxi zarauztarra, Xabier Sukia eta Iñaki Gurrutxaga oriotarrak, Uxue Alberdi getariarra eta Ainhoa Agirrezaldegi aizarnazabaldarra. Final laurdenetara, berriz, duela lau urteko sei finalista gehituko dira. Antolatzaileek lehenengo itzulirako herri txikietara jo dute; Orion hasiko den txapelketa Donostian amaituko da abenduaren 18an, orain lau urte bezala, eta bitarte horretan, Azkoitian edota Azpeitian eskainiko dituzte saioak. Goiz eta arratsaldez izango dira saioak; Orion, 11:30ean eta 17:30ean izango dira saioak, Herri Ikastolako aretoan. "Inoizko txapelketarik handiena" izango dela nabarmendu du Azurmendik; izan ere, aurtengo edizioak berezitasun propioak ditu, "iraupen, baliabide, edota eragile kopuruei" dagokienez, besteak beste. Halaber, Elkarteko koordintzaileak jakinarazi du hastear den txapelketa iaz egin zuten "gogoeta fasearen ondorioa" dela. Hasunarketa horretatik abiatuz zehaztu dituzte txapelketaren helburuak; beraz, txapelketatik haratago, "bertsogintza gizarteratzea" edota bersozale eskolei behar adinako "garrantzia ematea" dute xede. Manterolak, bere aldetik adierazi du "ohorea" dela txapelketa Orion hastea: "herriko lau bertsolarik hartuko dute parte, baina txapelketa  Errikotxiaren lanaren ondorio ere bada", nabarmendu du. Txapelketaren beste helburuetako bat da "bertsoaren inguruan aritzen diren guztien artean harremanak sendotzea". Horretarako, saioak egingo dituzte herrietan bazkariak antolatu dituzte arduradunek; Orion, beraz, Balea elkartean bilduko dira igandean, 14:00etan. Bazkarietara joateko txartelak www.gpuntua.com helbidean eskuratu daitezke. Halaber, saioetara joateko sarrera ere euskarri horren bidez erosi ahal izango dira. Internet bidez saltzen ez diren sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, lehiatilan. Lehiakideez gain, hamabosna lagunez osatutako epai-mahaia eta gai-jartzaile taldea izango da txapelketak irauten duen zortzi hilabetetan zehar. 2007ko txapelketak lortu zuen "errefentzialtasuna" mantentzea nahi dute oraingoan ere; hori hala, Gpuntua markari eutsi diote arduradunek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide