Zarauzko herrigunea akuifero baten gainean dago. Horren inguruan arituko da Alfonso Garcia aditua datorren astearteko ekitaldian. Bertan Gipuzkoako Foru Aldundiak akuiferoaren inguruan egindako azterlanaren nondik norakoak azalduko dizkie bertaratzen direnei. Hitzaldia udaletxeko pleno aretoan izango da, 19:30etik aurrera.
Masa porotsua
Lurpean, iragazkortasun baxuko oinarri arrokatsu baten gainean, hondartzako eta dunetako hondarrez osatutako masa bat dago. Masa hori oso porotsua da, eta bertan pilatzen den urak osatzen du Zarauzko akuiferoa.
Akuiferoa Zarauzko ia eremu lau osoan zabaltzen da, eta gehienez 30 metroko sakonera har dezake. Masa horren baitan pilatutako ura ez dago geldirik; mugitu egiten da. Mugimendu hori ziklo natural baten ondorioz gertatzen da: ura lurpean sartzen da, eta bertan zirkulatu ondoren, itsasoratu egiten da.
Akuiferoan sartzen den ur berria urbanizatu gabeko guneetan (biotopoa, Asti, Astazubi…) erortzen den euri-ura da, batez ere. Kanpoko jarduerek, ordea, eragin zuzena dute akuiferoan, ponpa bidez ur gehiegi ateratzeak, kutsadura kimikoak eta gune eraikietan ura jasotzeko dauden zailtasunak, esate baterako.
Akuiferoa “ezkutuanā egon arren, gure ingurunearen parte da. Hortaz, merezi du hura ezagutzea eta denon artean babestea.