Zarauzko Udalak surf teknifizazio zentroaren aldeko apustua egin du. Ildo horretatik, Instant Sport S.L. ingeniaritza enpresak sortutako wavegarden teknologia bidez funtzionatzen duen olatu artifiziala Zarautzen kokatzea aztertzen ari da. Hori dela eta, teknika berria Asti kirolgunean ezarri ahal izateko kudeaketa lanetan murgilduta dago erakundea.
Zarauzko alkate Jon Urienen aburuz, Asti da instalazioa kokatzeko “lekurik egokiena”. Hala, olatu artifiziala kirolguneko kantinaren inguruan kokatzea aurreikusi du. Horrenbestez, bertako lurjabeekin harremanetan jarri dira udal ordezkariak, egokitzapen lanekin hasi ahal izateko lurzoruak eskuratzeko “guztiekin adostasunera iritsi asmoz”.
Era berean, gunearen eskumena duten beste erakundeen baimenak lortu beharra du Udalak. Hori horrela, beharrezko izapideak jarri ditu abian. Bestalde, Ingurumen sailarekin eta Uren Zuzendaritzarekin hainbat bilera egin dituzte udal ordezkariek, “ziurtagiriak ahalik eta azkarren lortzeko eta Zarautzen ekipamendu honen instalazioa gauzatzearren”.
Jakinarazi dutenez, arkitektu bat ere kontratatu dute. Ekipamendua eraiki ahal izateko kontuan izan behar diren aldaketa urbanistikoak aztertzea izango da haren egitekoa.
“Pizgarria”
“Instalazioa Astin kokatzeak gunearen berrantolaketa egitea ekarriko du, eta are gehiago garatuko da”, nabarmendu du Urienek. Izan ere, olatu artifiziala “pizgarri garrantzitsua” izango da herriarentzat: “Arlo turistikoa, ekonomikoa, industriala eta kirol arloa sustatzeko tresna baliagarria izango da”.
Urienen arabera, “surf arloari ekarpen garrantzitsua egiteaz gain, bertako biztanleei irabazi ekonomikoak ekarriko dizkion ekimpamendua izango da”. Hala, Zarautzek surf arloan duen “tradizio luzeak babes itzela jasoko du”: “Profesionalei zein zaleei urte osoan zehar olatuez gozateko aukera eskainiko dio teknika berri honek”. Ildo horretatik, “surfeko teknifikazio zentroa sortzeko aukera emango du, eta horrek eskolen eta kluben zerbitzuak hobetzeko balioko du”.
“Instalazio honek kirol arloan eskaintzen dituen zerbitzuak hobetuko dira egungo lokalak modernizatzeko eta erabiltzaileen behar berrietara egokitzeko egingo diren lanei esker”, gehitu du Urienek. Surfaz gain, uretako bestelako kirolei bideratutako ekipamendua izango dela nabarmendu du.
Alderdi ekonomikoari dagokionez, sektore turistikoak “onurak” izango dituela adierazi du, “olatu artifizialaz gozatzeko herrira etorriko diren surflariak kaleetan zehar ere ibiliko direlako, eta gure ekonomia sustatzen lagunduko dutelako”. “Azken batean, udalerria sustatzeko eta bertako biztanleei bizi kalitate hobea eskaintzeko inbertsio berriak eta ekimen berriak erakartzea da helburua”, nabarmendu du.
“Herri surflaria”
Alkatearen iritziz, instalazioa Zarautzen gauzatu nahi izatea “ez da kasualitatea”: “Herria nazioartean ezaguna da herri surflaria delako. Sei izarreko txapelketak antolatzen ditugu eta kokapen ezinhobea du kirol hori praktikatu ahal izateko, esaterako”. Bestalde, “olatu artifiziala behin betikoz Astin kokatzen bada”, Instant Sport enpresaren egoitzak Iritan “lekua izan dezakeela” dio Urienek.
Wavegarden teknologia
Instan Sport ingeniaritza enpresak sortu du olatu artifiziala, Wavegarden teknologiaz baliatuz. Hala, 1 eta 1,6 metro inguruko «itsasokoen gisako olatu perfektua» altxarazten duen gailua asmatu eta patentatu dute. Hiru eta sei milioi euro arteko kostua izango du azpiegiturak, eta Aldundiaren laguntza jaso dute enpresako kideek hura finantzatu ahal izateko. Olatu artifizialak itsasoko uhinak bezala jokatzen du: garbi sortzen da, eta hodi formara lehertu. Hodi forma, gainera, hasieratik bukaeraraino mantentzen da, eta horrek kalitatea gehitzen dio uhinari.
Ildo horretatik, edozein luzeretara eta ibilbidetara egokitzen da. Era berean, olatuaren indarra molda daiteke eta, maila guztietako surflariak trebatzeko modukoa izango da.