Javier Elorzak (Soraluze, 1953) badu eskarmentua antzinako idatziak berridazten. Historialaria da, eta «bokazioz» aritzen da lan horietan. Zumaiako Udal Artxibategia aztertu ostean, udalerriko 1256 eta 1520 urte bitarteko dokumentazio osoa berridatzi du.
Euskal Herriko Erdi Aroko Iturriak bildumaren baitan kaleratu du Eusko Ikaskuntzak
Zumaiako Udal Artxibategia (1256-1520). Duela zortzi bat mendeko Zumaiaz eta dokumentuok berridazteko aurrera eraman duen prozeduraz aritu zaio Elorza Urola Kostako Hitzari.
Zumaiako artxibategia aztertzerakoan, dokumentu askorekin egingo zenuen topo. Zer nolako testuak berridatzi dituzu?
Bai, hala da. Lan horretan hasi aurretik ez nuen espero hainbeste idatzirekin topo egitea. Guztira, 111 eskuorri transkribatu ditut. Lehenengoa 1256koa da, azkena, berriz, 1520koa. Eusko Ikaskuntzako ordezkariek data horien baitan jarri zidaten muga. Hortik abiatuta, askotariko dokumentuak izan dira landu ditudanak.
Normalean, udal artxibategietan aurkitzen ditudan dokumentu zaharrenak herri gutunak izaten dira, herriak sortu zireneko dokumentuak. Baina Zumaian herri gutuna baino lehenagoko testuak aurkitu nituen, 1256koak hain zuzen. Herri gutuna 1375ekoa da. Bi dokumentu ziren horiek, bata Orreagako Komentukoa eta bestea, berriz, Zestoa eta Zumaia arteko mugen eta lurzoruen ingurukoa. Esan bezala, biak oso dokumentu zaharrak ziren, larrukiak edo pergaminoak. Halako dokumentuak topatzea ez da oso ohikoa, eta hain zaharrak izanik, nahiko zaila izaten da horiek berridaztea; izan ere, oso egoera txarrean egon izan ohi dira. Horietako bat, gainera, apurtuta eta orbanez beteta zegoen, eta tinta zabalduta zuen. Azkenean, nola edo hala lortu dut bertako informazioa nolabait transkribatzea.
Ez da lan makala izan, orduan, lan hori burutzea?
Egia esan, nahikoa buruhauste eman dit. Ikaragarri zaila egin
zitzaidan hasieran transkribatzea. Zortez, Valladolideko (Espainia) Kantzeilaritzan dokumentu horren kopia bat zegoela jakin nuen eta oso baliagarri izan zitzaidan lan horretarako. Kopia horregatik izan ez balitz, ezingo nuke jatorrizko dokumentua berridatzi.
Lan nekeza da, eta bokazioa behar da hori burutu ahal izateko. Kasu batzuetan hiru lerro berridatzi ahal izateko egun osoa behar izan dut, eta aspergarria egiten da. Nik soberan dut bokazioa, eta gustura egiten ditut lan horiek. Lehendik Eibarko, Soraluzeko eta Elgetako artxibategiak aztertu ditut eta bertako dokumentuak berridatzi. Badut eskarmentua.
Orreagako Komentua aipatu duzu. Garrantzi berezia du dokumentu horrek, ezta?
Bai, idatziak Orreagako Komentuak zumaiarrekin egindako hitzarmena jasotzen du. Komentuak bazuen hainbat ondasun Zumaian eta inguruetan; mendiak, zoroak eta lurzoruak, besteak beste. Herri izaera izan baino hiru urte lehenago, Zumaia sortze aldera, komentuak lehenengo zumaiarrei egindako lagapena biltzen du idatziak. Oso garrantzitsua da idatzia Zumaiaren historiarako.
Jasotako dokumentuok garai bateko Zumaia irudikatzen lagunduko dute, biztanleen bizimodua eta orduko egoera.
Bai, bereziki biztanleen inguruko informazio zuzena ematen dute idatziek. XV. mende amaierako dokumentu bat izan da deigarriena, Ofizioen tasa deritzona. Idatzian ageri denaren arabera, garai hartako korrejidorea Zumaiara joan zen, bertako beharginen deklarazioak jasotzera. Bakoitzaren jardueraren inguruko aitortza ekonomikoa biltzen du, eta horren bitartez jakin dut zeintzuk ziren antzinako zumaiarren lanbideak. Hala, jostunak, errementariak, harginak eta zapatariak ageri dira zerrendatuta, besteak beste. Itsasgizonak ez dira ageri, noski, ofizio librea baitzen honakoa. Baina harritu ninduena zera da, kimatzaile ugari zeudela. Dirudienez, XV. mendearen bueltan Zumaian eta inguruetan herritar askok txakolingintzan ziharduen. Bitxia da, tradizio luzea du alor horrek.
Zumaiaz gain, beste hainbat herri ren inguruko informazioa ere topatu duzu bertako udal artxibategian, ezta?
Bai, Zumaiarekin muga egiten duten herrien inguruko datuak jaso ditut, Getariakoak, Debakoak eta, batez ere, Zestoakoak. Azken honekin Erdi Aroan sekulako lehia izan zuten zumaiarrek, mugak zirela-eta. Aizarnazabalgo zenbait baserritarrek ez zuen Zumaiarekin bat egin nahi; nahiago zuten Zestoarekin elkartu. Horren harira, hainbat gatazka egon zen. Gipuzkoako Batzar Orokorrak hartu behar izan zuen esku auzian, bitartekari gisa.
Zein prozedura jarraitu duzu zure lana burutzeko?
Guztira, urte eta erdi egin dut lan honetan. Lehenengo dokumentuak digitalizatu behar dira, eta gerora, berridatzi. Prozesu oso luzea da, baina ohitua nago. Denbora badaramat halako gauzak egiten. Hala ere, teknologia berriei esker, egun askoz errazagoa da. Gaur dokumentu ia guztiak digitalizatuta daude, eta bi ordenagailuri esker, amen batean egiten da lana. Lehen artxibategira bertara jo behar zenuen, dokumentuak fotokopiatu behar ziren... Nahiko konplikatua zen.
Zure lana norentzat izango da baliagarri? Nori zuzenduta dago Euskal Herriko Erdi Aroko Iturriak bildumako ale hau?
Azken batean Zumaiako sorreraren inguruko informazioa izateko balioko du dokumentazio honek, garai bateko toponimia lehenengo zumaiarren bizimodua eta lanbideak ezagutzeko,besteak beste. Oro har, norbere jatorriaz jabetzeko baliagarri izango delakoan nago.