Ze urrun dago Kilimanjaro

Urola Kostako Hitza 2011ko ots. 24a, 16:26

"Tontorra, tontorra!". Mendizale baten hitzik desiratuena den hori edo beste antzekoren bat entzun zen 1976ko abuztuaren 10ean Kilimanjaroko gainean (5.895 metro, Tanzania, Afrika). Euskaraz eta ozen. Gailurrean ziren 11 euskal herritar: Kepa Urruzuno, Rafael Orofino, Fernando Zearreta, Javier Odriozola, Josu Agirre, Dario Fernandez de Arroiabe, Joakin Zubeldia, Joxe Mari Llavori, Joxe Mari Gutierrez, Luis Mari Aristegi zumaiarrak, eta Jose Manuel Murua zarauztarra. Azkeneko kanpamenduan, gaixorik igo ezinik 4.000 bat metrora zegoen Javier Carballo zumaiarrak ere entzungo zituen, akaso, arrakastaren oihu gozoak. Horra, Zumaian, gazte talde batek antolatu zuen espedizioaren lorpen handiaren azkeneko zatiaren kontakizuna. Tontorrean ikurrina jarri aurreko bidea askoz lehenago hasi zuten, ordea. Mahai baten bueltan dauden talde hartako lau kidek, Odrizolak, Carballok, Aristegik eta Zearretak azalduko dute nola gauzatu zen asmoa, bidaia nolakoa izan zen, gailurrerako bidean zer gertatu zitzaien, eta nola ez, halako bidaietan sortzen eta bizi izaten diren anekdotak. «Joakin Zubeldiaren ideia izan zen», hasi da Zearreta. «Lehenago igoa zen Mont Blanc mendira, Europako garaienera, eta Afrikako tontorrik doilorrena zapaldu behar genuela bururatu zitzaion. Horrela hasi zen dena». Bakarrik ezin joan, ordea, eta taldea osatu beharra zegoen. Taldekide denek ezaugarri bera izan behar zuten, halabeharrez: mendizaleak izatea. «Hortik aurrerakoak, espedizioaren beharren arabera antolatu genituen». Aristegik hartu dio hitza: «Mendizaleak behar genituen, eta gero, taldea osatzeko, osagarriak: argazkiak Carballok egingo zituen, Dariok itzulpenak, Kepa medikua zen, eta nik diru kontuak eramango nituen». Hasi ziren bilerak egiten, eta asmoa gorpuztuz joan zen. Bide horretan, ezusteko ezbeharrik ere izan zen: Rafael del Pilar kidea gaixotu egin zen, eta bere ordez, zarauztar bat sartu zuten 11 zumaiarren artean: Jose Manuel Murua. Hitz eta pitz aritze hutsa ez zen, baina, aski Kilimanjaroraino igotzeko. Prestatu beharra zeukaten mendizaleek. Del Pilar bera arduratu zen horretaz. Odriozolak kontatu du nola: «Zerrenda bat osatu zuen ariketekin, eta haiek egiten genituen. Saltaka ere joaten ginen, gauetan». «Mendi irteera batzuk ere osatu genituen», gaineratu dio Aristegik. Baina Carballorentzat, probarik zailena beste bat izan zen: «Txindokira igo behar genuen, baina eskalatuz. Niretzat oso gogorra izan zen». Ez zen samurragoa izan espedizioa finantzatzeko dirua biltzearena. «Enpresa batzuen ateak jo genituen, pegatinak ere atera genituen saltzeko... Eta halakoetan entzun ohi direnak entzutea ere tokatu zitzaigun: debalde zoazte oporretara! esaten ziguten batzuek». Kontuak kontu eta zailtasunak zailtasun, prestatu zuten prestatu beharrekoa, eta abiatu ziren Afrikarantz. «Egun oso bat pasatu genuen bidaian», gogoratu du Odriozolak. Kenya, Afrika Iritsi ziren kontinente beltzera. Nairobi, Kenyako hiriburua. «Lurra zapaldu orduko, bakoitzak bere irudipenak egin zituen», esan du Odriozolak. «Afrika zen, independentzia lortu berri zegoen herrialdea, eta egia esatera, nik esperientzia ona izan nuen», gehitu dio Zearretak. «Inpresio handiena bertakoen arteko ezberdintasunak eragin zidan: batzuk sekulako autoetan ibiltzen ziren, gidari eta guzti, baina beste batzuk kale gorrian botata zeuden, elbarriak, eskaleak...», azaldu du Carballok. «Pelikuletan ikusitako lekuetan gu geunden», bota du Odriozolak, orduko zirrara azalduz. Aurreneko inpresio horietaz haratago, eta bertako ezaugarriei begira egoteaz gaindi, bazuten zeregina aurreneko egun haietan. «Porter-ak kontratatu behar ziren, furgoneta alokatu, eta beste hainbat gauza», kontatu du Aristegik. Ez zeukaten denbora asko, Kilimanjaro azpiko parkera berehala abiatu behar zutelako: «Baimena oso mugatua zen, bost egun bakarrik genituen tontorrera abiatu, igo eta jaisteko», dio Odriozolak. Nairobitik Tanzaniarako bidea egun batez egin zuten: «Afrikako erritmoan», Zearretak. Aklimatatu gabe, gora Behin helburu zuten gailurraren azpiko parkean zirela, igotzea besterik ez zitzaien falta. Lanik zailena eta politena. Bost egin zituzten igotzeko eta jaisteko, «egun gutxiegi», Odrizolaren ustez: «Aklimatatzeko ez geneukan denborarik, baimena oso mugatua zelako». Eguneko 1.000 metro igotzen zituztela kontatu du Aristegik: «Horrela heldu ginen Kibora, azkeneko kanpamendura, 4.000 bat metrora». Gertu zeukaten tontorra, baina zatirik zailena ere bazen. «Goizaldean abiatu ginen», zehaztu du. Denek batera ekin zioten, eta gailurra ere denek batera zapaldu zuten; denbora tarte txikia egon zen batetik bestera. Ordurako, Carballo Kibon zegoen, kanpamenduan, gaixo, baina goranazko bideari ekin, ekin zion: «Azkeneko igoeraren bezperan gaixotu nintzen. Sukarra nuen, eman zizkidan medikuak eman beharrekoak eta gehiago, eta abiatu nintzen. Joakin, Mikaeal bertako gida, Orofino eta ni ginen atzean. Joakinek nirekin gelditu nahi zuen, nik ez igotzea erabaki nuelako. Esan nion igotzeko! Berak ezetz, nola geratuko nintzen 5.000 metrotan bakarrik, gau erdi-erdian. Bakarrik gelditu nintzen, erdi lotan. Gaua argia zen, ilargiaren argiari esker. Eta jaitsi nintzen behera, dendan sartu eta hantxe egon nintzen». Bitartean, besteak tontorrean ziren. Pozarren. «Malkoren bat edo beste ere erori zen», Aristegik. «Ikurrina eraman genuen, hemen legeztatua ez zegoen arren». Bakoitzak bere barnean gordetzeko momentuak izan ziren haiek. Helburua betea zuten. Afrikako tontorrik garaienean ziren gazte haiek. Baina jaitsi ere jaitsi beharra zeukaten. Altueraren gaitzak jota zeuden batzuek, zorabioak, botaka egiteak... Baina ohiko gauzak ziren. Beherakoan, egoera zelebreak bizi izan zituzten: «Nik lo hartu nuen», esan du Zearretak, «nekeak jota nengoen, eta egunsentia zenez, eguzki gozo-gozoa zegoen. Gelditu nintzen atseden hartzeko, eta lo seko gelditu». Odriozolak: «Nekeaz gain, urduri geunden, eta aurreko egunetan ez duzu behar bezala atseden hartzen». Taldea bitan, gero Gailurra zapaldu eta gero, aurrez zehaztuta zeukaten asmoei eutsi zieten. Taldea bitan banatu zen: gehienek mendian segitu zuten, beste tontor batzuk eginez, eta gutxi batzuek Kenyako kostaldea ezagutzera jo zuten. «Gutierrez, Orofino, Aristegi, Zubeldia eta ni itsas bazterrean ibili ginen». Zubeldia ez zen, berez, horrela ibiltzekoa, baina min hartu zuen egun batean –«Tarzanena egiten ari zela», gogoratu dira denak–, eta mendiz mendi ibili ezinda geratu zen. Astebetez egon ziren bi taldeak bereizita. Bakoitzak bere gustuak gozatu eta gero, bi taldeak elkartzeko unea iritsi zen. Hilabeteko bidaia amaierara heltzear zen, baina aurretik, bazter haietara joatea ondo baliatu beharra zuten: parke batzuk ikusten gelditu ziren. Horrelaxe joan zitzaizkien azken egunak. Zumaia, Euskal Herrian, zain zeukaten. Herrian zerbait berezia prestatu zieten galdetuta, ezezkoa izan da erantzuna: «Ez ziguten aparteko ongietorririk egin», oroitu du Zearretak. Aconcaguan saioa Huraxe izan zen talde hark, bere osotasunean, egin zuen bidaia bakarra. Baina hurrengo urtean, zenbait kidek Aconcagua (Hego Amerika) igotzeko ahalegina egin zuten: «Ez genuen lortu, tontorretik oso gertu gelditu arren Zubeldia eta biok», azaldu du Odriozolak. «Istorio luzea da hemen kontatzeko», eman dio amaiera kontakizunari. Hamabi laguneko talde hartatik Aristegi bakarrik bueltatu du Kenyara harrezkero: «Bost urte geroago izan zen, eta turista moduan joan ginen Del Pilar eta biok». Honela gogorarazi dituzte garai hartako kontuak, eta berriz ere gauza bera egingo luketela oso garbi daukate. Handia egin zuteneko ustea ez zaie ahaztu, garai hartan ez baitzen batere erraza tamaina hartako espedizioa osatu, prestatu eta Afrika aldera joatea. Urruti zegoen Kilimanjaro. Eta urruti dago. Pioleta, burruntzia, belarritakoa eta kasinoa Askotariko astia ematen dute hogeita hamar egunek. Pasadizo ugari gertatu zitzaizkien. Aurrenekoa, heldu eta berehala. Odriozolak kontatu du zer gertatu zitzaien: «Nairobira heldu eta lehenengo egunean izan zen. Kalean gindoazela, batek txistua bota zigun». Carballok eman dio segida: «Hotelean lapurreta ere izan zen». Hori dena ikusita, Zubeldia espedizio buruaren erreakzioa zein izan zen kontatu du Zearretak, haren hitzak gogora ekarriz: «Hemendik aurrera pioletarekin aterak naiz kalera!». Merkatu batean gertatua ere ez daukate ahazteko. Carballoren txanda da orain: «Ontzi asko eraman genituen, eta lekua egiteko, batzuk saltzea erabaki genuen. Joan ginen Indiako dendari batengana, eta merkeegi erosi nahi zizkigun. Presioa egiteko, hartu nuen burruntzali bat, joan nintzen alboko merkatura, eta hasi nintzen oihuka, salgaia erakutsiz jendeari. Sekulako jende piloa inguratu zitzaidan, eta massai bati oparitu nion. Dendariak hura ikustean, garestiago erosi zizkigun gauzak». Zearretak bukatu du istorioa: «Supermerkatu bateko zaintzailea zen massai hura, eta gero ikusi genuen zaintza lana egiten, ohiko makilaren ordez, burruntzalia eskuetan zuela». Han bertan, beste bati metalezko edalontzia oparitu zioten. eta hara zer geratu zen: «Belarritako bezala erabili zuen». Massaien tribu batean sartu, eta dantza eta kantu ere ibili zirela oroitu dira: «Polita izan zen hura!». Azkeneko kontakizuna itzuli bezperetan izan zen. Kasino bateko sarreran. «Sekulako itxura zelebrea geneukan», hasi da Carballo. «Ez ziguten sartzen utziko horrela, eta Orofinok eskatu zigun diru guztia berari emateko. Hartu zituen denak, eta joan zen sarrerera. Hangoari dirua erakutsi zion, billeteak banaka pasatuz esku artean, aberats plantak eginez. Utzi zigun sartzen». Testua: Aitor Manterola

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide