Gorka Gonzalez (Zarautz, 1977) txirrindulari profesionala izandakoa da. Eskarmentu badu, beraz, txirrindularitza munduan. Egun ez du lasterketatan parte hartzen, bere kasara aritzea gustatzen zaio. Hala ere, aurten beste erronka bat jarri dio bere buruari: 23 urtez azpiko elite taldea zuzentzea. Horren inguruan aritu zaio Urola Kostako Hitzari.
Lehenengo aldiz Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteak elite taldea osatu du.
Bai, lehendik infantilen, kadeteen eta jubenilen taldeak genituen Zarauztarra elkartean. Aurten beste talde bat gehitzea adostu dugu: 23 urte azpiko elite mailako taldea. Taldekideak afizionatuak dira, ez dira profesionalak, beraz. Futbolean bigarren mailako jokalariak deritzogunak dira taldekideak, amateur-ak alegia.
Nolatan erabaki duzue 23 urte azpiko elite taldea osatzea?
Orain arte jubenilak ziren elkarteko txirrindulari zaharrenak; 19 urte artekoak, alegia. Azken urteotan ez da egon afizionatu mailan talderik. Hori konpontze aldera, iaz jubenilak izandakoak mugitzen hasi ziren eta zenbait karreratan parte hartu zuten. Aurten, ordea, zerbait serioagoa egin nahi izan dute. Hala, hamahiru bat txirrindulari elkartu eta gerora, zuzendari tekniko izatea proposatu zidaten. Gustura onartu nuen proposamena. Denboraldiarekin hasteko irrikitan gaude.
Hurrengo astean ekingo diozue denboraldiari, ezta?
Bai, hala da. Ildo horretatik, iraila bitartean astebururo lasterketak izango dira. Egitaraua gutxi gorabehera lotuta dugu. Asteburutan Euskal Herriko lasterketetan lehiatuko dira. Horietaz gain, apirila amaieran Arabako Hiru Egunak frogan izango dira gazteak, eta ekainean, berriz, Bidasoako Biran.
Zein izango da zure lana zuzendari tekniko gisa?
Afizionatu mailan normalean txirrindulari bakoitzak bere prestatzaile fisikoa izaten du, eta bakoitzaren ezaugarrien araberako entrenamenduak egiten dituzte. Bakoitzak bere entrenamenduak zehaztuta izaten ditu, eta hori lantzen du astean zehar. Horretaz gain, taldekide guztiak noizbehinka elkartzen dira, entrenamendu bateratua egiteko. Oso zaila da hitzordua jartzea, ordea. Asko ez dira zarauztarrak eta eskolak izaten dituzte, gainera. Ez da erraza, beraz, guztiak elkartzea. Horregatik, asteburutan egin ohi ditugu entrenamenduok. Gerora, lasterketatan nik zein Iban Iriondok gazteak bide onetik joan daitezen laguntzen diegu, nondik nora ibili eta taktika lantzen saiatu, besteak beste.
Profesionala izandakoa zara zu.
Bai, sei urte inguru egin ditut profesional mailan jokatzen. 2006an utzi nion lehiatzeari. Lasterketak utzi eta ondorengo bi urteetan nahiko deskonektatuta egon nintzen txirrindularitza mundutik. Gerora, pixkanaka-pixkanaka txirrindularitzarekiko grina berreskuratzen hasi nintzen, eta orain nire kasara aritzea gustatzen zait.
Zure esperientzia baliagarri izango zaie, beraz, txirrindulariei.
Hala espero dut. Niretzat ere erronka berria da taldeko zuzendari tekniko izatea. Oraindik hasi ez bagara ere, entrenamenduetan egiten duten lanarekin eta gazteekin oso gustura nago. Ni elite mailan nenbilenean zuzendari gisa Arsene Gonzalez txirrindu profesional ohia izan nuen, eta asko lagundu zidan. Hori dela eta, Gonzalezek nirekin egin zuen moduan, gazteoi neure esperientzia helaraztea da nire nahia. Froga askotan hartu izan dut parte eta momentu onak zein txarrak igarotzen dira frogetan, hori jakinarazi nahi diet. Bestalde, batzuk argi dute profesional izan nahi dutela, eta bide horretan nire babesa eta laguntza izango dute.
Gazteok ikusita, ez zaizu lehiatzeko grina piztu?
Egia esan, bizitzako aldi hori bizi nuen, eta nahikoa dut horrekin. Orain lagunekin eta nire kabuz jarduten dut txirrindulari gisa, nire erritmora.