«Arbasoen izendegia mantentzeko» toponimoen mapa berria osatu dute

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2011ko urt. 31a, 14:44

Zarauzko toponimoen mapa eguneratua osatu berri dute Ingurumen Sailak, Euskara Departamenduak eta Turismo Bulegoak elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Ingurumen zinegotzi Alejandro Vazquezek jakinarazi duenez, «arbasoek jarritako izendegia mantentzea» da mapa berriaren helburua. «Horretaz gain, lekuen izenak egoki erabiltzeko balioko du, eta leku berriak ezagutzeko», nabarmendu du Ingurumen zinegotziak. «Zaharkitua» Vazquezen arabera, azken toponimoen mapa 1995ean osatu zuten, eta «zaharkitua» zegoen jada. Hori dela eta, lehendik jasota zituzten izendegiei berriak gehitu dizkiete. «Etxe berriak egin dituzte azken urteotan, eta horiek ere sartu ditugu mapan, adibidez», azaldu du. Gainera, etorkizunean egingo diren edo egiteko asmoa duten proiektuak ere gehitu dituzte: «Horren adibide da Getariako sahiesbidea. Marra bereziarekin markatu dugu, orientatiboa baita. Ez dakigu zehazki nondik nora izango den. Gauza bera egin dugu Errotaberrirekin edota Salberdinekin, esaterako». Sinbologia lausoa erabili dute, baita ere, «egonkorrak ez diren eremuak» islatzeko; Iñurritza inguruko padurak, kasu. Gainera, udalerri inguruko irlak edo enklabatuak ere jasotzen ditu: «Badira Zarauzkoak diren baina herritik kanpo dauden hainbat lur. Aia inguruan daude batzuk, Elkano auzo aldean, zehazki». Era berean, «definizio maila handiko» ortofotoa ere jasotzen du mapa berriak: «Horri esker zehaztasun handiko mapa lortu dugu; izan ere, etxeak, bidexkak, basoak, baserriak eta beste hainbat xehetasun ikus daitezke». Horretaz gain, mendi ibilbideak [...]

Zarauzko toponimoen mapa eguneratua osatu berri dute Ingurumen Sailak, Euskara Departamenduak eta Turismo Bulegoak elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Ingurumen zinegotzi Alejandro Vazquezek jakinarazi duenez, «arbasoek jarritako izendegia mantentzea» da mapa berriaren helburua.
«Horretaz gain, lekuen izenak egoki erabiltzeko balioko du, eta leku berriak ezagutzeko», nabarmendu du Ingurumen zinegotziak.
«Zaharkitua»
Vazquezen arabera, azken toponimoen mapa 1995ean osatu zuten, eta «zaharkitua» zegoen jada. Hori dela eta, lehendik jasota zituzten izendegiei berriak gehitu dizkiete. «Etxe berriak egin dituzte azken urteotan, eta horiek ere sartu ditugu mapan, adibidez», azaldu du.
Gainera, etorkizunean egingo diren edo egiteko asmoa duten proiektuak ere gehitu dituzte: «Horren adibide da Getariako sahiesbidea. Marra bereziarekin markatu dugu, orientatiboa baita. Ez dakigu zehazki nondik nora izango den. Gauza bera egin dugu Errotaberrirekin edota Salberdinekin, esaterako». Sinbologia lausoa erabili dute, baita ere, «egonkorrak ez diren eremuak» islatzeko; Iñurritza inguruko padurak, kasu.
Gainera, udalerri inguruko irlak edo enklabatuak ere jasotzen ditu: «Badira Zarauzkoak diren baina herritik kanpo dauden hainbat lur. Aia inguruan daude batzuk, Elkano auzo aldean, zehazki».
Era berean, «definizio maila handiko» ortofotoa ere jasotzen du mapa berriak: «Horri esker zehaztasun handiko mapa lortu dugu; izan ere, etxeak, bidexkak, basoak, baserriak eta beste hainbat xehetasun ikus daitezke». Horretaz gain, mendi ibilbideak ezagutzeko baliagarri izango da toponimoen mapa, eta baita beste hainbat puntu interesgarri ere, kultur ondarea, kultur eta kirol instalazioak eta zentro ofizialak, besteak beste.
Zuzenketak elkarlanean
Bestalde, aurreko mapan egindako hainbat akats zuzendu dute: «Euskaltzaindiaren arauen arabera, zuzenketak egin ditugu lehengo mapan», adierazi du Vazquezek. Ildo horretatik, atera berri duten mapan akatsen bat aurkituz gero horren berri ematea «eskertzekoa» izango dela nabarmendu du.
Hori dela eta, okerren bat topatzen badute, herritarrek 943-00 51 20 telefono zenbakira deitu dezakete edota kultura@zarautz.org helbide elektronikora mezua bidali.
«Lan sakona egin dugu, baina merezi izan du», dio Vazquezek. Mapa osatzeko guztira urtebete behar izan dute Udaleko sailek. «Izen zaharrak begiratu genituen lehenengoz, Euskara Departamenduak aztertu zituen, eta gerora izenen esanahiak ikertu genituen», gogoratu du Ingurumen zinegotziak.
5.000 ale
Guztira, Zarauzko toponimoen maparen 5.000 ale argiratu dituztela azaldu du Ingurumen zinegotziak. Interesa dutenek Udalean bertan, Turismo Bulegoan edota Sanz Enea liburutegian eskuratu dezake ale bat. Gerora, ikastetxeetan ere banatuko dituzte, eta pixkanaka herriko hainbat erakundetara zabalduko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide