Patxi Etxeberria: "Ikasten ari naiz bertsolari gazteekin"

Urola Kostako Hitza 2011ko urt. 21a, 11:47

Duela bi urte, 2009an, omenaldia egin zioten Patxi Etxeberriari (Orio, 1930). 50 urte betetzen ziren plazaz plaza bertsotan ekin zionetik, eta merezi zuen halako lanak lagunen, bertsozaleen eta beste hainbat jenderen esker ona. Halako ekitaldiak, askotan, ibilbide baten amaieraren hasiera izan ohi dira. Baina Etxeberriak plazaz plaza segitzen du. Getarian gozatu ahal izan zuten bere jardunaz larunbatean, sanantonetako bertso jaialdian. Gaur egungo bertsolariak eta lehengoak batu zituzten oholtza gainean. Ezusteko gonbita izan zela onartu du oriotarrak, Lasarte-Oriako taberna bateko txoko batean lasai eserita dagoen bitartean: «Ez nintzen inoiz tokatu sanantonetan kantari. Harritu egin ninduen gonbitak, eta pentsatu nuen maila emango ote nuen Egaña, Lizaso eta horien alboan». Horra azkeneko saioa, oraingoz. Azkena egoteko ezinbestekoa da hasiera, Etxeberriak berak dioen bezala, «hasitako dena amaitzen da eta». 1959raino begiratu behar da atzerantz hasiera hartaz mintzatzen hasteko: «Aginagan izan zen, sariketa bat. Bertsolari gazteak bildu ginen. Gogoan ditut Joxe Agirre, Txomin Garmendia eta beste hainbat kantari. Joxek irabazi zuen». Huraxe izan zuen aurreneko plaza Lasarte-Orian bizi den Orioko bertsolariak. Baina bertsotan hasi, lehenago hasi zela kontatu du: «Garai hartan, ohitura zen tabernatan kantatzea, lagunartean. Kantatzen ez zuenak erronda ordaindu behar zien besteei, eta kantatu beharra zegoen». Bestelako molde batean ere kantatu izan zuela akordatu zaio: «Orioko sanjuanetan izan zen, koplari. Beste bat aritzen zen, baina zahartu egin zela eta, niri eskatu zidan bere lekua hartzeko». Etxeberriak dio bertsotarako zaletasuna umetatik izan zuela: «Bertsolaritza ume-umetatik dut oso maitea». Herentzia kontua izan zela uste du: «Osaba bat, gure ama zenaren anaia, oso polita izan behar zuen bertsotan, plazatan ibili ez bazen ere, eta osabaren zerbait gurutzatuko zitzaidan; beste gainontzean, inor ez dut ezagutu familian bertsotan». Batengatik edo besteagatik, kontua da bertsolaritzari heldu ziola Etxeberria gazteak. Baserrian jaioa izanagatik, hainbat lanbidetan jarduna da, eta horietako bat du arrantza. Ez da ohikoa bertsolari arrantzalea izatea, eta berak ere onartzen du: «Izango da norbait, baina plazatan ibilitakoen artean, ez dakit. Oso lotua da arrantzalearen ofizioa, eta ez daukazu inorekin lotzerik, eta ez zen erraza bertsolari ere izatea». Itsasoan 11 bat urte egin zituen, eta gero lehorrean hasi zen lanean. Inaxi Etxeberriarekin 1955eko azaroan ezkondu eta gero, hiru hilabete geroago Lasarte-Oriara joan ziren bizitzera. Baina Orion jarraitzen zuen lanean Etxeberriak, eta joan-etorria bizikletaz egiten zuen. Kantari, jakina: «Beti nuen buruan bertsoa. Itsasoan ere aritzen nintzen, eta ohean ere bai, esna egonez gero behintzat». Bertsolarien fama txarra Handik hiru urtera heldu zen Aginagako saioa. Estreinaldi ofiziala. Bertsolarientzat garai txarrak zirela kontatu du: «Diktadura garaia zen, eta niri inoiz ez bazitzaidan ere ezer txarrik tokatu, badira bertsolariak amarratuta eramandakoak, barrenenean edukitakoak, eta zigortuak ere bai». Politika giro petralaz gain, bertsolariak bazuen beste zama handi bat: «Orduan ez zen girorik bertsotarako. Nonbait aritzen baginen, berehala jakiten zuen jendeak, eta zabaldu ere bai mozkorrean ibili ginela. Bertsolaria, orduan, alferra eta mozkorra zen jendearen begietan, nahiz eta baziren langileak eta zintzoak ere». Aitortu du, zintzo asko, bera parranda zalea zela: «Ni beti listo parrandarako». Bertsolarien etxeetan ere ez zeukaten estimazio handirik. Kanpoan otso eta etxean ere otso. Baina etxe barreneko uste txarrak aldatzen hasi ziren. Joxe Agirreri gertatua kontatu du: «Uztapidek esan zion berarekin joan behar zuela kantari halako lekuren batera. Joxeren amak kopeta belztu zion, seme zaharrena zen eta baserriko lanerako huraxe zegoen. Baina joan zen, eta 500 pezetarekin bueltatu zen. Amak diru hura ikusi zuenean, esan zion semeari: ‘Atzo hau irabazi al duk? Nahiago nuke bihar ere joango bahintzake!». Berari gertatua ere lotu du Joxe Agirreren pasadizoarekin: «Afaritarako eserita nengoela, koilara ahora eraman, eta telefonoa. Halako lekutatik deitu, eta Xalbadorrek ezin izan zuela azaldu kantatzera, eta ea joango nintzen faborez. Eta joan egiten nintzen halakoetan, andrea eta umeak etxean lagata. Baina etxerakoan, 5.000 pezetako dirua ikusteak poza ematen zuen. Zuk sakrifizioa egin eta lortutakoak izaten ziren. Pobreen etxean poz handia ematen zuen horrek. Hura ez balego....». Etena egin eta gero amaitu du esaldia: «Hura ez balego, dirurik ez balego, beharbada ez ginen hainbeste ibiliko bertsolariok». 1980ko txapelketa Plazaz plaza, herriz herri, hainbat eta hainbat saio egiten zebilen Etxeberria. Uztapide, Basarri, Lazkao Txiki, Mitxelena, Joxe Lizaso, Joxe Agirre ... Horiek denak eta gehiago zituen kantu lagun. Umiltasunez mintzo da: «Horiek asko ibiltzen ziren, eta gu atzetik gindoazkien, eta ez ginen haien mailara hurreratu ere egiten, baina beste horiek eman duten maila eman ez dudan arren, oso gustura nago; suertetsua izan naiz”. Bidea pausoz pauso eginez, 50 urte zituela, 1980an, Euskal Herriko Txapelketan aritu zen. 1967tik ez zen lehiatzen, eta berriz hastea nola erabaki zuten kontatu du: «Hamabi urte ziren Txapelketa ez zela jokatzen. Bilera egin genuen Loiolan, eta Abel Muniategik esan zigun zer egin beharko genukeen. Azkenean, erabaki zen joan nahi zuenak joatea, eta joan nahi ez zuena ez joatea». Etxeberria joan zen, eta baita finalera heldu ere. Meritua kendu dio bere buruari: «Onenak ez ziren atera eta!». Txapelketakoa esperientzia ezberdina izan zela esan du: «Plazetan gai librean aritzen ginen normalean, eta txapelketan gaiak zeuden». Finaletik ez zen ezer gabe joan etxera. Saria eman zioten. Doinu gehien ateratzeatik txapelketan: «Ez nuen berririk batere atera, baina zaharrak asko erabili nituen, buruan erraz erabiltzen nituen-eta. Finaleko egunean, bazkaltzen ari ginela, Jose Antonio Arana Martija Euskaltzaindiakoa etorri zitzaidan, eta esan zidan oso aberatsa nengoela doinuetan, 19 aterata neuzkala, eta ea bat gehiago aterako nuen arratsaldeko saioan. ‘Ahal dudana egingo dut’ erantzun nion». Uztapide zuen alboan bazkaritan, eta zestoarrak zer esan zion azaldu du: «Aholku hau eman zidan: ‘Hi lasai, orain artekoa oso ondo doa-eta. Bestela ere, badizkik nahikoa buruhauste horko lanak’. Eskerrik asko esan nion, aholku onak ematen zituen Uztapidek. Baina atera egin nuen hogeigarren doinua, ia konturatu gabe». Eta saria eman zioten: «Otañoren bilobak bidali zuen saria, doinu gehien ateratzen zuen bertsolariarentzat». Baina erdi banatu egin zuen saria: «Amurizak doinu berria atera zuenez, erdi banatu egin zuten. Gero, jendea etorri zitzaidan ea zergatik ez nuen erreklamatu galdezka. ‘Zer uste duzue zuek!’, erantzun nien». Bertso eskolara Bere kasa ikasi zuen bertsotan Etxeberriak, «bati entzun eta besteak esana ahoan hartuta. Ez zegoen bertso eskolarik orduan». Orain ere ikasten ari dela adierazi du: «Jartzen dut belarria, Egaña bertsotan ari dela belarria jarrita egoten naiz, ‘nola esan du halakoa’ pentsatuz, eta inbidia pixka batekin... Ikasteko gogo ikaragarriarekin». Ikasi nahi horrek bultzatuta ere, Lasarte-Oriako bertso eskolara joaten da: «Astero biltzen gara, ostegunetan, pare bat orduz aritzeko. Ez naiz irakasle lanetan ibiltzen, nik ez dakit, eta ezin nezake ezer erakutsi». Harrituta dago gazteen jardunarekin: «Ikaragarri ikasita daude. Aditu egiten dut, eta ikasten ari naiz bertsolari gazteekin». Adibide hau jarri du ikasitakoaren berri emateko: «Gure garaian, bertsotan hasten ginenean, azkar kantatzen genituen, taka batek eta taka besteak, batzuetan bestearen txanda errespetatu gabe. Oraingo gazteek, aldiz, asko pentsatzen dute bertso batetik besterako tartean. Nik ere ikasi egin dut txanda gordetzen. A zer zoriona dudan gazte horiekin!». Gustura dabil, baina ikusten dizkio nolabaiteko ajeak egungo bertsogintzari, nahiz eta zera onartu: “Guk ez daukagu ideiarik ere oraingo bertsogintzaz». Ildo horretan, pena handi bat duela aitortu du: «Molde klasikoko bertsogintza galtzea. Baina horrela eman du buelta, horrela etorri dira gauzak, eta hartu egin behar». Gazteei zer esaten dien kontatu du: «Zuek oso ondo prestatzen duzue zuen burua txapelketatarako, baina askoz lan gehiago egin beharko zenukete gai librean». Azaldu du egin zutela horrelako saio bat behin, eta oso gustura aritu zirela: «Bakoitzak hogeina bertso bota genituen». Gai librean aritzearen alde onak ekarri ditu gogora: «Trebatu egiten da bertsolaria, konfiantza hartzen du». Onartuta dauka molde klasikoa galdu egingo dela, baina iragarpen hau egin du: «Euskal Herriak berriz ere maitatuko du gai libreko bertsoa. Faltan botako duela iruditzen zait». Orain, hogei bat plaza urteko Gazteekin ikasiz eta berak bere kasa ikasitakoarekin atontzen du bertso jarduna Etxeberriak. «Zer euskara erabiltzen dute, gainera», bota du, gazteen lana gogoan, berak ere euskara dotorea eta aberatsa erabiltzen duela kontuan hartu gabe. Ane Labaka bertso eskolako lagunaren bertso batzuk irakurtzen ari zela, andreari esan ziona kontatu du: «Niri jaio ere egingo ez zaizkidan hitzak daude hemen». Ikasi eta ikasi, plazan dabil oraindik. «Urtean hogei bat edo egiten ditut. Txamarka-txamarka beti ateratzen da espero ez duzun plazaren bat, lehengoan Getariakoa bezalakoa. 80 urterekin, norbaitek deitzea pozgarria da niretzat», esan du. Ez daude horien artean santaeskekoak, lehen oso gustukoak bazituen ere: «Zumaian asko ibili nintzen, eta oso gustura, etxekoa bezala, Iturbide zaharra eta Bitarte trikitixa jotzen zirela; jende ona zen. Kalean ibiltzen ginen, batez ere, eta gero, Anade elkartean afaltzen genuen olagarro zopa; inon ez dut jan han bezalako ona, nahiz eta aurreneko aldiz atera zigutenean, usain txarrarekin beldurtu egin ginen». Orain, saioia behar dela dio santaeskean aritzeko. Eduki badu sasoia, baina berak dioen bezala, «sasoiak urte gutxi irauten du». Baina daukanarekin plazaz plaza dabil. Gozatuz eta gozaraziz. Eta asko ikasiz, doinuetan oso aberats izan dena umiltasunaren doinu ederra ahotan hartuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide