«Artea kalera ateratzeak jendearekin hartu-emana sortzea ekartzen du»

Ane Olaizola 2011ko urt. 6a, 18:11

Arte erakusketen kontzeptuetatik haratago Gorka Larrañagak (Azkoitia, 1974) «espazio publikoak aktibatzeko» joerari ekin dio Mexikon, azken bost urteetako bere bizilekuan. «Hiriko kaosa» ardatz hartuta, argi kaxen bidez margoa eta objektuak nahasten ditu. - Zertan ari zara orain? Pintura espazio publikoetara eramaten dut azkenaldian. Erakusketaren kontzeptua aldatu dut; pertsonok ditugun kode kulturalak eta hiriko pauta estetikoak hartu ditut, eta horiekin argi kaxak egiten ditut. Kale erdian jarri izan ditut lanak, bertatik pasatzen diren pertsonak horretaz jabetu daitezen. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak Euskal Herritik kanpo bizi direnei banatu dizkien grabatuak ere egin ditut oraintsu. - Zer suposatzen du artea kalera ateratzeak? Artearen kontzeptuaren baitan, ekintza erradikala dela uste dut. Maiz pentsatzen da artea goi klaseetako pertsonentzat dela. Artea kalera ateratzeak jendearekin hartu-emana sortzea ekartzen du. Artea kalean egonik, jendeak ez du espazio edo galeria batera sartzeko beldurrik. Mexikon horrelako lana egin nuenean, kalean erositako gauza merkeekin osatu nituen lanak, eta jendea gauza horiek harrapatzera gonbidatzen nuen. Lapurreta ekintza horrek kaxetan uzten zuen arrastoa ikusten zen horrela. - Zer proiektu duzu buruan? Mexikoko galeria batean lortu dut erakusketa jartzea datorren maiatzerako, eta hori prestatzen ari naiz. Orain arte joera izan dut epe motzen barruan lan egiteko. Orain, ordea, lana lasai hartu nahi izan [...]

Arte erakusketen kontzeptuetatik haratago Gorka Larrañagak (Azkoitia, 1974) «espazio publikoak aktibatzeko» joerari ekin dio Mexikon, azken bost urteetako bere bizilekuan. «Hiriko kaosa» ardatz hartuta, argi kaxen bidez margoa eta objektuak nahasten ditu.
- Zertan ari zara orain?
Pintura espazio publikoetara eramaten dut azkenaldian. Erakusketaren kontzeptua aldatu dut; pertsonok ditugun kode kulturalak eta hiriko pauta estetikoak hartu ditut, eta horiekin argi kaxak egiten ditut. Kale erdian jarri izan ditut lanak, bertatik pasatzen diren pertsonak horretaz jabetu daitezen. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak Euskal Herritik kanpo bizi direnei banatu dizkien grabatuak ere egin ditut oraintsu.
- Zer suposatzen du artea kalera ateratzeak?
Artearen kontzeptuaren baitan, ekintza erradikala dela uste dut. Maiz pentsatzen da artea goi klaseetako pertsonentzat dela. Artea kalera ateratzeak jendearekin hartu-emana sortzea ekartzen du. Artea kalean egonik, jendeak ez du espazio edo galeria batera sartzeko beldurrik. Mexikon horrelako lana egin nuenean, kalean erositako gauza merkeekin osatu nituen lanak, eta jendea gauza horiek harrapatzera gonbidatzen nuen. Lapurreta ekintza horrek kaxetan uzten zuen arrastoa ikusten zen horrela.
- Zer proiektu duzu buruan?
Mexikoko galeria batean lortu dut erakusketa jartzea datorren maiatzerako, eta hori prestatzen ari naiz. Orain arte joera izan dut epe motzen barruan lan egiteko. Orain, ordea, lana lasai hartu nahi izan dut. Lanean ondo pentsatuta eta prestatuta jarduteko garaia iritsi dela uste dut.
- Nolako erakusketa izango da?
Nire ibilbidean inflexio-puntua izango den lan heldu bat izatea nahi dut. Azken sei urteetako lanen sintesia izango da erakusketa. Egunerokotasunari kasu egiten dioten objektu handiak ezarriko ditut bertan; auto zatiak hartuko ditut adibidez, eta bertan argia, irudia, margoa eta objektua bera elkartuko ditut. Oinezkorik gabeko hiria sailaren hurrengo pausoa izango da, beraz. Horrekin batera liburu-disko bat ere egingo dut. Liburuan, beste esparruetan egiten dudan lana azalduko dut; saiatzen naiz soziologia esparruko gaiak ekartzen, eta horren inguruko testuak eta irudiak sartuko ditut. Diskoan hiriko irudiak jorratuko ditut, hiriko inguru giroarekin egiten baitut lana.
- Nolako harrera izaten du zure lanak?
Erantzun ona izaten dute. Euskal Herritik joan nintzenean jada ari nintzen neure tokia egiten hemen. Baina Mexiko ikaragarri handia izanik, artista bezala lan egiteko erraztasuna ematen du. Hiri kosmopolita da, gauza asko gertatzen da eta mugimendu handia dago. Beraz, proiektuak garatzerako orduan badago lan dinamika.
- Erakusketarik egingo al duzu Azkoitian?
Antonio Oteiza Fundazioarekin nabil harremanetan, datorren urtean herrira lan heldu bat ekartzeko asmoarekin. Plaza Berrian instalazio bat jartzea dut buruan, eta bertan herriarengandik jasotzen dudan pertzeptzioaren inguruko lana erakutsiko nuke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide