Sebastian Uria Donostiako Elizbarrutiko bikario judizialak Zuzenbide Kanonikoaren Kodea euskaratu du. Lehenengo aldia da latinezko Codex Iuris Canonici deritzana euskaraz kaleratzen dena, eta Uriak adierazi duenez, latinezko testuaren ezaugarriak «ahal den neurrian» mantentzen saiatu da, eta «ñabardurarik galdu gabe» itzuli du. «Ez da komentario soila, eta hizkera berezia baliatu behar izan dut, garbia eta ulerterraza. Hala ere, euskara jasoan dago idatzita, Axular bezalako autore klasikoen idazkera erabili dut», nabarmendu du.
Hala, elebietan argitaratu du Idatz argitaletxeak liburua; zutabe paralelotan euskarazko eta latinezko testuak aurkituko ditu irakurleak 800 orri inguruko lanean. «Hutsune bat zegoen arlo horretan. Zuzenbide Kanonikoaren Kodeak euskaraz ere behar zuen izan, Biblia euskaratu zen moduan», adierazi du.
Teknikoa baina ulerterraza
Bertan, erritu latindarreko Eliza Katoliko osorako oinarrizko arautegia islatu du bikario judizialak. «Elizaren funtizonamenduaren oinarria da honako testua. Bertan bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak, norbanakoen eta elkarteen inguruko informazio, sakramentuak eta beste hainbat alor jasotzen dira», adierazi du apaiz zarauztarrak.
«Testu teknikoa da baina kontsultarako baliagarria izan daiteke», azaldu du. Ildo horretatik, unibertsitate munduko jendeaz gain, herritarrek ere erabili dezakete, «gaiaren inguruan izan ditzaketen zalantzak argitzeko».
Elizaren esparru guztiak
Zarauztarrak 1752 kanon euskaratu ditu, eta zazpi liburutan banatu. Horretaz gain, Elizaren esparru guztiak lantze aldera, osagarriak batu dizkio Uriak testuei; hala nola, hitzaurreak, aurkibide analitikoa eta adiztegia.
Era berean, kanon bakoitzaren iturriak erantsi dizkio liburuari bikario judizialak orrialde guztien oinean.