Orioko Udalak, Azti ikerketa zentroarekin elkarlanean, Oria ibaian karbono urdindun ekosistemak lehengoratzeko lanen lehen fasea amaitu du. Ekimen honen helburua da "ingurumenaren babesa, biodibertsitatearen kontserbazioa eta klima aldaketaren aurrean jarduteko konpromisoa" uztartzea.
Iazko uztailetik abendura, Zostera noltei izeneko landare espeziea landatu dute Oria ibaiaren itsasadarrean. "Marearteko eremuetan hazten den landare honek funtzio garrantzitsua betetzen du: itsas espezie askorentzat babes eta hazkuntza gune izateaz gain, karbonoa xurgatzeko eta metatzeko gaitasuna du, eta klima aldaketaren aurkako aliatu naturala da", azaldu dute espeziearen inguruan.
Hiru izan dira proiektuan erabilitako lehengoratze teknikak: beste itsas belardi batzuetatik ekarritako landare zatien transplantea; beste estuario batzuetan bildutako hazien ereintza; eta itsasertzera iristen diren landare hondakinen birlandaketa. Itsasadarraren hiru gunetan egin dituzte lan horiek, aho inguruan eta erdialdeko bi eremutan, zehazki. "Horri esker, ingurune desberdinetan egindako esku hartzeen bilakaera alderatu ahal izango da", gehitu du udalak.
Lehenengo fasea amaituta, proiektuak jarraipena beharko du datozen urteetan, eta iaz egindako landaketak beste hainbat tokitan errepikatu beharko dituzte, "itsasadarrean itsasbelarra berreskuratzea lortzeko", hain justu. Hori ez ezik, etorkizuneko jarraipena egiteko oinarri zientifikoak ere ezarri dituzte, eta sedimentu laginak hartuta, itsas belardiek modu naturalean zenbat karbono metatzeko ahalmena duten ikusi ahal izango dute datozen urteetan.
Udalak jakitera eman duenez, proiektuak "onura zuzenak" ditu ingurumenean zein herritarrengan, "ekosistemak sendotzeaz gain, itsasadarraren kalitate ekologikoa hobetzen duelako eta naturan oinarritutako irtenbideak sustatzen dituelako klima aldaketari erantzuteko", hain zuzen ere.