Hausnarketarako espazio bat

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 18a

Aita-semeak banku batean eserita, atzetik ikusita. (Pixabay)

Gizonek zaintzaren inguruan dituzten bizipenak partekatzeko tailerra eskaini du Gorka Iriartek Saregilen. Tailerra jada amaituta, balorazio positiboa egin du.

Antropologiako ikasketak amaitzear da Gorka Iriarte (Iruñea, 1981), eta duela gutxi murgildu da zaintzaren munduan. Hain zuzen, Emagin formazio eta ikerketa feministarako elkartearekin harremanetan jarri ostean, gizonei zuzendutako zaintza tailerrak eskaintzen hasi zen urrian, Orioko Saregile emakumeen etxean. Dagoeneko ikastaroa burututa, balorazio positiboa egin du iruindarrak.

Zer aldatzen da gizonek zaintzea erabakitzen dutenean? izenburupean, Iriartek guztira hiru saio eman ditu Saregilen, gizonek zaintzaren inguruan dituzten bizipenak eta gogoetak partekatu, eta ondoren, ariketa kolektibo horretatik ondorioak eta irakaspenak ateratzeko helburuarekin.

Horretarako, ikastaroak alde teoriko nahiz praktikoa izan ditu. Alde batetik, zaintzaren alde teorikoa landu dute, eta prozesu horretan funtsezkoa izan da zaintzaren erregimena ezagutzea. Izan ere, Iriarteren iritziz, Euskal Herrian zaintza oraindik "feminizatuta, familiarizatuta, arrazializatuta eta prekarizatuta" dago, eta hori da, haren ustetan, gaur egungo zaintzaren "argazki globala". Zaintzen zeharkakotasuna ere aztertu dute: "Hau da, ulertu behar da zaintza ez dela ekintza zehatz bat bakarrik, baizik eta esparru guztietan aurki daitekeen ikuspegi bat".

Eta, azkenik, hirugarren saioan, feminismoa planteatzen ari den "zaintza sistema publiko-komunitarioaren inguruan" hausnartu dute. "Komunitatea ezinbestekoa da zaintzak eta bizitzak bizigarri egiteko. Gure eguneroko harremanetan dago bestelako planteamenduei lekua emateko oinarria", esan du Iriartek.

Bestalde, parte hartzaileek beren egunerokoan bizi dituzten adibideak partekatu dituzte euren artean. "Kontatzen dugun problematika horren beste aldean jartzea izan da helburua, tailerra norberaren bizipenetatik abiatuta izateko". Iriartek azaldu duenez, konpromiso batzuk jarri zituzten mahai gainean ikastaroaren hasieran. "Horretarako, gure bizitzako esparru ahalik eta gehienetan identifikatu genuen ea zer harreman mota genituen, nolako zaintzak jasotzen eta ematen genituen, eta hain zuzen, ikuspegi horretan sakontzeko zein konpromiso hartzen genituen", gehitu du nafarrak.

Ikuspegi maskulinotik

Nola ikusten da, ordea, zaintzaren kontzeptua gizonen ikuspegitik? "Azken finean, horrelako tailer batera gerturatzen denak badu begirada 'zorrotzagoa'. Hala ere, hiru saioetan zehar ikusi genituen adibideek argi utzi dute zaintza oraindik oso lotuta dagoela menpeko egoera batzuetara, esaterako, gure gurasoak edo bere kabuz baliatzen ez den norbait zaintzera, baita momentu zehatz batean norbait ospitalera eramatera edota norbaitentzat bazkaria egitera ere; hau da, oso ekintza konkretuei lotuta dago". Tailerraren helburua, ordea, zaintzaren ikuspegia zabaltzea izan da. Izan ere, Iriartek kontatu duenez, parte hartzaile askok zioten zaintza beraientzako "umeari gosaria egin eta ikastolara eramatea" zela, adibidez. "Baina zaintzak badira gure emozioak ere, badira gure egoera mentalak, besteengan egunerokoan pentsatzea eta harreman sare batzuk bizirik mantentzea. Tailerrera gerturatzen direnek begirada zorrotza badute ere, hemendik kanpo oraindik lan asko dago egiteko. Izan ere, oraindik egongo da zaintzan pentsatu ere egiten ez duenik", aitortu du Iriartek.

"Bestalde, tailer honen harira ikusi ahal izan dugu, gizonok zaintza edo biolentzia bezalako gaiak lantzen hasten ez bagara, aurrerapauso eskasak eman ahal izango direla gizonen pribilegioak atzean uzteko ibilbidean", gehitu du. Hori ez ezik, azken saioko balorazioaren ostean, gizontasunean arakatzea "zintzilik" geratu dela adierazi du Iriartek: "Parte hartzaileek egoera honetan euren pribilegioak zein diren zehaztearen falta sumatu dute, geroago horiek arakatu eta gainditzeko urratsak egin ahal izateko".

"Gune eroso bat"

Urritik abendura bitartean egindako ikastaroan, guztira 11 lagun elkartu dira emakumeen etxean, eta zaintzaren eta gizontasunaren bueltan lan eginda, denak "oso pozik" geratu direla kontatu du Iriartek, bereziki "autokritika egiteko aukera" izan dutelako. "Zaintzaren inguruan, politika konkretu batzuei buruz hitz egiteko aukera izan dugu, eta gaur egungo argazkia osatzeko baliagarria izan zaie ikastaroa batzuei, baita argazki hori bakoitzaren bizitzarekin lotzeko ere. Datuak landu ditugu, etxeko lanak egin dituzte, eta autokritika egin dute".

Hala eta guztiz ere, Iriartek kontatu du parte hartzaile batzuek "beren gizontasunean hausnartzeko eta horren inguruko lanketa egiteko beharra" sumatu dutela, eta datorren hiruhilekoari begira, gai hori jorratzeko proposamena jarriko dutela mahai gainean. "Hori ez ezik, parte hartzaileek zioten tailerretik harago ez zutela espaziorik beste gizonekin horrelako gaiak lantzeko, eta tailerraren bitartez, gune eroso bat sortu dela elkarren artean eztabaidak izateko".

Pribilegioez

Hortaz, zer aldatzen da gizonek zaintzea erabakitzen dutenean? Iriartek hurrengo galdera planteatzen du, ikuspuntu aproposagoa lantzen duelakoan: "Zer aldatzen da gizonok gure pribilegioak alde batera uzten ditugunean? Nik begirada hor dut jarrita une honetan. Mundu bidegabe eta desorekatu honetan, aletxo bat jartzen dugu gizonok gure pribilegioak, praktikak, pentsatzeko moduak eta harremanak zalantzan jarri, eta zerbait bizigarriagoa eta osasuntsuagoa planteatzen dugunean; hau da, desoreka hautsi eta mundu berdinzaleago baterantz jotzen dugunean, hain zuzen".

Iriarteren arabera, horrek ez du esan nahi egun batetik bestera egoera aldatuko denik. "Prozesu luze eta gogorra izango da, baina oinarri-oinarrizkoa iruditzen zait, gizonoi dagokigunez, gure praktikak aldatzea. Izan ere, horrek eragina izango du komunitatean, eta geroxeago, baita gizarte antolaketa orokorrean ere".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide