Orioko Udalak kudeatuko ditu katu koloniak aurrerantzean

Julene Sorarrain 2025ko uzt. 2a, 17:00

Katu kolonientzako etxola bat, Antxiola kalean. (Julene Sorarrain)

Orioko Udalak herriko katu kolonien kudeaketa etikorako programa berria aurkeztu zuen atzo Salatxo aretoan. Bertan izan ziren Olatz Santamaria Hirigintza zinegotzia eta Gema Algora ingeniari agronomoa gaiaren inguruko xehetasunak ematen, eta amaieran, hitza hartu zuten hainbat herritarrek.

Orioko Udalak herriko katu kolonien kudeaketa etikorako programa berria aurkeztu zuen atzo Salatxo aretoan. Bertan izan ziren Olatz Santamaria Hirigintza zinegotzia eta Gema Algora ingeniari agronomoa gaiaren inguruko xehetasunak ematen.

2023an Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko legea indarrean sartu zenetik, udala herriko katu koloniak kudeatzeko programa berria osatzen aritu da, eta bi behar nagusi identifikatu zituzten prozesuaren hasieran: alde batetik, kalean, orubeetan eta ageriko erantzulerik gabeko toki publikoetan dauden katuak babesteko eta laguntzeko beharra; bestetik, martxoaren 28ko 7/2023 Animalien Ongizatearen Legea betetzeko beharra.

Aurrekariak

Bi erantzukizun horiek abiapuntutzat hartuta, dagoeneko martxan jarri dute sistema berria: Harrapatu, Antzutu eta Askatu (HAA) metodoa, albaitaritza zerbitzua, elikatzaile taldeak eta katuzaleen elkartea finkatu dituzte programaren oinarri nagusitzat.

Katu koloniek hainbat urte daramatzate herrian, eta boluntarioak dira kolonia horiek kudeatzeaz eta zaintzeaz arduratu direnak orain arte, hain zuzen ere, HAA metodoa aplikatuz. Santamariak zehaztu zuenez, gaur-gaurkoz zortzi koloniatan banatutako 80 katu inguru dituzte erregistratuta. Kolonia horiek herrian zehar zabalduta daude: Iturbide, Estropalari, Antxiola, Oa, Abaromendi eta San Martin kaleetan, hondartza bidean eta baratzeetan, zehazki. Eremu horiek seinaleztatuta eta babestuta daude, boluntarioek katuak elikatzeko eta garbitasuna mantentzeko erraztasunak izan ditzaten. Hala eta guztiz ere, hemendik aurrera udaleko teknikariek baloratuko dute kokapenaren egokitasuna, "osasun publikoko eta animalien babeserako irizpideen arabera".

Santamariak azaldu zuenez, katu koloniak harrapatu, antzutu eta askatzeko metodoaren helburua hauxe da: animalia horiek babestea eta haien populazioa behar bezala kontrolatzea, antzutzearen bidez eta osasun kontrolaren bidez, horretarako beharrezkoak diren baldintzak betetzen badira. Bestalde, herriko bi albaitaritza zentroak arduratuko dira katuen osasun arloko prozedurez, eta kostuak udalaren kargu egongo dira. Gainera, beste helburuetako bat da katakumeen edota behar bereziak dituzten katuen adopzio prozesuak martxan jartzea, eta Katualai elkarteak egingo ditu bitartekari lanak.

Arduradunei dagokienez, kontrolatutako kolonia bakoitzak "zaintzaile arduratsu bat" izango du. Zehaztu zutenez, arduradunak egon behar du udalarekin harremanetan, koloniarekin zerikusia duen edozein gai ebazteko, eta gainera, arduradun direla egiaztatzen duen agiria ere izango dute. Hortaz, hemendik aurrera udalaren ardura izango dira, besteak beste, kolonia berrien erregistroa egitea, laguntzaileak prestatzea edota aldian behingo ikuskapenak egitea.

Ikuspuntu ezberdinak

Aurkezpena amaitu ostean, bertaratutakoek gaiaren inguruko iritzi ezberdinak partekatu zituzten. Alde batetik, batzuk katu koloniek sor ditzaketen "ingurumen kalteak" ekarri zituzten mahai gainera. Hain zuzen ere, bi arazo azpimarratu zituzten. Alde batetik, duela gutxi argitaratutako ikerketa baten arabera, “herriko baratzetako katuen gorozkiek toxoplasmosiz gaixotasuna zabaldu” dutela azaldu zuten, "barazkien %70 baino gehiagori" eraginez. "Hau arazo larria omen da, izan ere, baratze horiek herritar asko elikatzen dituzte".

Bestetik, hondartza inguruan aurki daitekeen igel espezie babestuak edota bertan geldialdiak egiten dituzten txori txikiek jasan ditzaketen «arriskuak» ekarri zituzten gogora. "Kolonia horiek kendu egin beharko lirateke hondartza eremutik, beste espezien babesa ere bermatzeko".

Baratzetako koloniaren arduradunek, beste aldetik, katu jabeen "kooperazio eza" azpimarratu zuten. "Baratzeen jabeek saguak akatzeko erabiltzen dituzte katuak. Izan ere, ez dituzte katuak antzutzen, ezta beraien osasunaren inolako jarraipenik egiten ere, eta ondorioz, ezbeharrak gertatu daitezke".

Boluntarioak "behin baino gehiagotan" jarri dira harremanetan baratzetako jabeekin, katuen ardura zuzena hartzeko. Jaso duten erantzuna, ordea, "ezezkoa" izan omen da beti, eta ondorioz, ezin diote arazoari aurre egin. Bestetik, lana ez dela “erraza” gaineratu zuten. “Ordu asko igarotzen ditugu katuak kaioletan harrapatzen, kumeak autoetatik ateratzen edota gaixo daudenak albaitariena eramaten”. Gainera, beren ustetan, koloniak gaur-gaurkoz “oso kontrolatuta” daude, hau da, antzututa, bizkarroirik gabe, eguneroko janari errazioa emanda eta etxolak garbi mantenduta. “Egiten dugun lana errespetatzea bakarrik eskatzen dugu”.

Azkenik, Anuska Esnal alkateak hartu zuen hitza. “2023ko legeak katuen komunitatea zaintzera eta babestera behartzen gaitu, eta ildo horretan jarraituko dugu, betiere herritarren iritziak eta ekarpenak jasoz».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide