Espainiako Txapelketa irabazi du Oriok trainerilletan

Aritz Mutiozabal 2025ko mai. 25a, 17:15

Orioko gizonezkoen trainerilla. (utzitakoa)

Oriotarrak nagusi izan dira Galizian, eta atzetik utzi dituzte, hurrenera honetan, Zierbena, Chapela eta Ares. 

Espainiako LXXVIII. Trainerilla Txapelketa irabazi du Orioko gizonezko ontziak, gaur eguerdian, 14:15ean jokatu duen finaleko estropadan. Nagusi izan dira oriotarrak, Zierbenaren aurretik, eta 13:37, 45 denboran osatu dute 3.500 metroko proba. Bizkaitarrei sei segundoko aldea atera die, eta hirugarren eta laugarren izan diren Chapelari eta Aresi, hurrenez hurren, hamazazpi eta ia hogei segundo.

A Pobra do Caramiñalen (Galizia) jokatu da modalitateko Espainiako txapelketa, atzo hasi eta gaur bukatuz. Orioko klubak ontzi bakarra aurkeztu du, gizonezko absolutuena, eta atzotik jada garbi erakutsi zuen garaipenaren bila joan zirela; kanporaketa lehen postuan gainditzeaz gain, jardunaldiko denbora onena egin zuen (13:40,98). Gaur, aipatu marka hiru segundoan hobetu eta ongi merezitako bandera erdietsi dute.

Bestalde, atzo, traineru denboraldiaren atariko gisa, XXIV. Mutrikuko Bandera jokatu zuten, eta Orio A taldea bigarren sailkatu zen, Donostiarraren atzetik, bederatzi segundora. Hirugarren Zierbena izan zen, eta laugarren Getaria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide