Arrate Illaro (Getxo, Bizkaia, 1989) eta Jabier Zabaleta (Orio, Gipuzkoa, 1960) Euskaraldiaren sorreran eragile izan ziren; lehen lerroan Illaro, maila nazionalean; lehen lerroan Zabaleta ere, herritik eragiten.
Nola azaldu zen lehen Euskaraldi hura?
ARRATE ILLARO: Barrutik kanporako zabalkunde bat egin genuen. Bilera pilo bat egin genituen euskalgintzako eragileekin: haiekin partekatu, kontrastatu eta osatu genuen ariketa. 2017ko azaroan azaldu zitzaion gizarteari, Arriagan egin zen ekitaldian.
JABIER ZABALETA: Bai, nik gogoan dut guk herrian lehen bilera 2017ko azaroan edo egin genuela.
Nola ikusi zen horrelako zerbait antolatzeko beharra?
A.I.: Kaleko erabileraren datuek esaten zuten bazegoela geldialdi bat. Gauza berriak eta beste era batera egiteko beharra sortu zen. Aldi berean, herrietan-eta esperimentu batzuk egiten hasi ziren, Lutxo Egiak egin zuena Bilbon, edo Lasarten, Donostiako Egian... bazetorren zerbait, eta pentsatu genuen horri guztiari forma ematea, eta egin ziren dinamika horietatik elikatu zen gero Euskaraldia izan zena.
J.Z.: Herrietan ere nabarmena zen euskalgintzak ez zeukala gihar nahikorik; ez genuen aurrera egiteko bide argi bat ikusten. Eta Euskaraldia iritsi zenean, ilusio handia sortu zuen. Lehen bilera irekira deitu genuenean, 2018ko otsailean, aretoa bete egin genuen. Bazegoen ilusio bat, bide berri bat ikusten zelako.
A.I.: Bai, ilusioa eta konplizitatea ere bai gerora. Ilusioa sortu zuen beste arrazoi bat zera zen, nire ustez: hau herrietatik sortu zela.
J.Z.: Konfrontazio giro batetik gentozen, euskalgintza eta erakundeak aurrez aurre ibiliak ginen urte luzetan, eta ikusten zen gauzak beste modu batera egiteko saiakera bat. Egitasmo honetan, erakundeak eta euskararen aldeko mugimendua inplikatuta zeuden, eta hori gauza berritzaile bat zen, ordura arte ez zelako egin maila horretako ariketarik Euskal Herri osorako. Horrek eragin zuen bestela biltzen ez zen jende bat mahai baten bueltan eseri eta helburu beraren alde lan egiteko prest egotea. Horrek esplikatzen zuen guk egin genuen batzarrean alderdi guztietako jendea egotea.
A.I.: Euskaraldia egin ahal izan dugu lankidetza esparru batean egin delako. Horrek eskatzen zuen euskalgintzako eta erakundeetako langileak berdinetik berdinera aritzea, eta horregatik heldu gara honaino.
Harrera ona izan zuen, beraz?
A.I.: Bai, bueno, egia da motxila batzuk bazeudela, eta esparru batzuetan kosta egin zela. Jende askorentzat zaila zen, eta denbora behar izan genuen erakusteko ariketa hau lankidetzan egin behar zela. Uste dut oso garrantzitsua dela azaltzea euskararen erabilerarako pausoa luzera begirako prozesua dela gizarte moduan, eta norbanakoarentzat ere pauso bat egitea eskatzen duela.