Orio Kirola zerbitzu berria, laster martxan

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 10a, 15:00

Karela kiroldegiko kantxan, bizikleta estatikoak.

Udala esku orria banatzen ari da etxez etxe herriko kirol zerbitzuetan etorriko diren berrikuntzen eta daten berri emateko. Izan ere, aurrerantzean, herriko kirol ekipamendu guztiak modu bateratuan kudeatuko dira, eta Karela kiroldegiko leihatila izango da herriko kirolaren sarbidea. Maiatzean hasi eta irailera bitartean egingo dituzte aldaketak.

Orioko Udalak hilabeteak daramatza herriko kirol zerbitzuen kudeaketa eta eskaintza hobetzeko lanean bai adituekin txostenak egiten, bai herriko kirol elkarte nagusiekin hitzarmenak sinatzen, eta gaur jakinarazi du Orio Kirola zerbitzu berria martxan izango dela irailean. Aldaketak maiatzean bertan hasiko dira, eta horien guztien berri emateko esku orria ari da banatzen etxez etxe.

Udalak azaldu duenez, maiatzetik irailera egingo ditu aldaketak. Kiroldegiaren lizitazioa maiatzean ebatziko da, eta udalak orduan jakinaraziko du eskaintza berriaren, ordutegien eta abonamenduen inguruko informazioa. Kiroldegiaren ordutegia orduan aldatuko da eta eguerdian ere zabalik egongo da, adinekoei bideratutako eskaintza indartu egingo da, eta KOZ Kirol Orientazio Zerbitzua martxan jarriko da, herritarren bizitza aktiboa sustatzeko.

Udan, gimnasioetako ekipamendu berriak ekarri eta jarriko dituzte, eta zaintza eta aholkularitza zerbitzuak jarriko dituzte herritarren eskura.  Azkenik, irailean, obrak eta egokitzapenak bukatuta, indarrean sartuko da Orio Kirola zerbitzu berria.

"Aldaketaren helburua da herriko kirol eskaintza herritar guztien eskura jartzea, eta kirol baliabideak modu eraginkorragoan kudeatzea", azaldu du udalak.

Berrikuntzak

Kiroldegiari dagokionez,  bi gimnasio izango ditu aurrerantzean: orain artekoa (berritua) eta Haize Berri taberna zena, entrenatzeko espazio bilakatuko dena. Gainera, ordutegia zabaldu egingo da, eta eguerdietan ez da itxiko. Makineria erabat berrituko da bi gimnasioetan, eta begiraleak egongo dira hainbat orduz, laguntza eta aholkularitza emateko eta entrenamenduak diseinatzen laguntzeko. Gidatutako entrenamendu-saioak eskainiko dira (programaren berri aurrerago emango du udalak), eta adinekoei zuzendutako egitaraua zabalduko da. KOZ Kirol Orientazio Zerbitzu berri eta eguneratua jarriko da martxan, osasun zentroekin elkarlanean, ohitura osasuntsu eta aktiboak sustatzea helburu duen zerbitzu pertsonalizatua. Azkenik, Oriotik kanpoko herritarrek ere aukera izango dute Orio Kirola zerbitzuan izena emateko.

Kirol elkarteen inguruan ere eman du informazioa udalak. Horiek udalaren laguntza jasoko dute beren instalazioen mantentze, garbiketa eta asegururako, eta ordu jakinetan, kiroldegiko gimnasioak erabili ahal izango dituzte. Hala, indarra ere landu ahal izango dute, teknikaz gain. Kirol elkarte batean izena emateko, Karela kiroldegiko leihatilara jotzeko aukera izango dute herritarrek, informazio bila. Ondoren, inskripzioa klubean egin beharko dute.

Informazio eta kudeaketa kontuetarako, Karela kiroldegia izango da erdigunea: abonamendu motei buruzko informazioa jasotzeko; kiroldegiko instalazioen ezaugarriak, eskaintza eta ordutegiaren berri izateko ; kiroldegiko jarduera-eskaintzaren berri izateko; herriko kirol elkarteen eskaintza eta haietan izena emateko prozeduraren berri izateko; orientazio zerbitzuaz gozatzeko, herritar guztiek kirola egin ahal izan dezaten, beren nahi eta gaitasunen arabera; Mugiment kirol txartela eskuratu eta beste udalerrietan erabil daitezkeen kirol instalakuntzen informazioa izateko.

Eragina, zertan?

Udalak puntuz puntu azaldu du aldaketak zertan eragingo duen ere. Esaterako, gogorarazi du Arraunetxe "arraunean eta uretako kiroletan trebatzeko errendimendu handiko zentroa" dela, eta horregatik, azpimarratu du eraikinaren erabilera zabaldu nahi duela udalak, "lehiarako ez ezik, aisialdirako eta formakuntzarako erreferentziazko gune ere izan dadin". Oraingoz, horri buruzko xehetasun gehiago ez du eman, hala ere.

Horrez gain, udalak esan du herriko kirol klubek udalaren laguntza jasoko dutela beren instalazioen mantentze, garbiketa eta asegururako, eta aukera izango dutela udal instalazioak erabiltzeko entrenamenduetarako.

Adinekoei, emakumeei, desgaitasunen bat duten herritarrei… zuzendutako jarduerak indartzeko asmoa ere agertu du udalak. Horretarako, "kirol instalazioak erabiltzeko pausoa ematen lagunduko zaie".

Udalarekin hitzarmena duten kirol elkarteak

Udalak jakinarazi duenez, gaur egun hamabi kirol elkarte daude Orioko Udalarekin hitzarmena sinatuta dutenak, beren beharrei erantzuteko: Orioko Arraunketa Elkartea, Orioko Futbol Taldea, Orio Eragin Eskubaloi Taldea, Orioko Bate Bizkorrak, Talai Mendi Elkartea, Berdin-Berdinak kirol elkartea, Ospele kirol kluba, ZAST saskibaloi taldea, Itxas Tresnak surf elkartea, Kamel Ziani atletismo taldea, Badok 13 arraun kluba eta Oriabizi ongizate taldea.

Udalak azpimarratu duenez, "kirolak herrian duen garrantziaren eta indarraren erakusle da taldeen ugaritasun hau".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide