Gutuna

Orioko Surf Taldeko zuzendaritzak eraso matxistari buruz idatzitako gutuna

Orioko Surf Taldea 2025ko mar. 15a, 17:00

Orioko Surf Taldeko lokala. (Onintza Lete Arrieta)

Orioko Surf Taldeak gutuna igorri dio Orio Gukari, 2023ko azaroan beren azpiegituretan gertatutako eraso matxistaren inguruan. 

  • 2023ko azaroan, OSTko emakumezko bat zuzendaritzarekin jarri zen harremanetan, eta honakoa salatu zuen: gure aldageletan, dutxatzen biluzik ari zela, bazkide gizonezko bat mugikorrarekin grabatzen ari zitzaiola ikusi zuela, eta bazekiela nor zen.
  • Biktimak argi eta garbi utzi zigun –eta gerora ere hala egin du prozesu osoan– anonimotasuna mantendu nahi zuela, bai berea eta bai erasotzailearena.
  • Idatzi bat egin eta taldeko kideen artean zabaltzeko eskatu zigun, erasotzaileak aurpegia eman zezan. Hala egin genuen, eta erasotzailea biktimarekin jarri zen harremanetan, damua erakutsi zion eta barkamena eskatu.
  • Hasieratik, biktimari babes osoa eskaintzearekin batera, Orioko Emakumeen Etxearekin eta udalarekin jarri ginen harremanetan. Eta egoeraren berri eman genien surf taldeko bazkide guztiei.
  • Udalak aditu talde bat jarri zuen gure zerbitzura gaia ahalik eta hobekien kudeatzeko, eta haien eskutik eraman dugu prozesua, beti ere biktimaren nahiak errespetatuz.
  • Gertakariak OSTko bazkideengan –eta bereziki emakumeengan– eragin zuen ondoeza ikusita, erasotzaileari eskatu genion lanketa egin behar zuela psikologo batekin eta berriz halakorik gertatuko ez denaren bermea behar genuela.
  • Erasotzailea lanketa egiten hasi zen eta haren psikologoa harremanetan egon da Orioko Udalak prozesu honetarako kontratatutako aditu taldearekin.
  • Talde bereko beste aditu bat biktimarekin egon da prozesu osoan, baita zuzendaritzarekin ere.
  • OSTko bazkideentzat Surfa eta berdintasuna izeneko bi saio ireki antolatu genituen gaia lantzeko, adituen gidaritzapean, bata emakumeentzat eta bestea gizonentzat.
  • Orain gutxi, erasotzaileak txosten bat helarazi digu, eta bertan bere psikologoak honakoa ziurtatzen du: urtebeteko lanketa egin du erasotzaileak bere kabinetean, “parte-hartze maila handia” eta “jarrera oso harkorra” erakusten du “feminismoarekin, tratu onekin eta bizikidetzarekin lotutako gaiak jorratzerakoan”. Egindako ekintzarekin “guztiz damututa dago”, eta eragindako “kalteaz jabetuta”.
  • Gutun bat ere helarazi digu erasotzaileak, eta bertan barkamena eskatzen die bazkide denei eta prozesuan egon diren guztiei. Jakitun dela eragin duen minaz, bere konpromiso sakona hartzen duela eta bere partetik horrelakorik ez dela berriz gertatuko.
  • Biktimak gutun bat helarazi digu, eskerrak emanez emandako babesagatik. Horrela jokatu duela bere ongizate emozionala zaintzeko eta erasotzaileari jokabidea zuzentzeko aukera emateko. OST osoa izan dela kaltetua, eta orain dela momentua denok ondokoan konfiantza izateko eta nork bere alea jartzeko, taldean emakumeak eta gizonezkoak berdintasunean eta harmonian elkarbizi gaitezen.
  • OSTren asanblea ireki batean, alkateak eta batez ere inplikatuta egon den adituetako batek prozesuaren inguruko argibideak eman zizkieten bertaratu ziren surf taldeko kideei. Mezu nagusia da biktimak feminismo ez-zigortzailearen bidea hartzera eraman gintuela, zigorra bilatzera baino erreparazioa bilatzera. (Asanblea horretako aktan daude, bazkide guztien esku, bertan esan eta eztabaidatu ziren gaiak).
  • Oso gogorra izaten ari da prozesua zuzendaritzako kideontzat. Erasoa gertatu zenean, gure lehenengo erreakzioa askoren berbera izan zen: "tipo hau klubetik bota behar da". Hori haserre egonda, ez dakigu "normalena" den, baina bai "konponbide" azkarrena eta errazena. Arazoa gainetik kenduko genuke berehala, inor ez litzateke ibiliko zuzendaritza gaia ondo kudeatzen ari ote den kritikatzen, inork ez luke erasotzaile bat enkubritzen ari garela pentsatuko... Baina biktimak bere baldintzak jarri zituen eta bestelako prozesu bat egitera eraman gintuen. Guri ere kosta zitzaigun ulertzea eta onartzea, baina konturatu gara bide egokia zela.
  • Gauza onak ere ekarri ditu prozesuak. Eta ez soilik Emakumeentzako surf ikastaroa, Orioko emakumeentzako surf topaketa edo Udako surf jaialdia –batez ere emakume eta haurrentzako propio sortua. Eraso hark balio izan du taldeko emakume bazkideen ondoezak eta kezkak ezagutzeko, talde barruan dauden botere harremanen inguruan hausnartzeko eta abar.
  • Adi jarraituko dugu aurrerantzean, orain arte baino kontzienteago, OST espazio segurua izan dadin denontzat, eta hori baino gehiago ere bai, guztion arteko elkarbizitza benetan osasuntsua izan dadin taldean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide