Euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu du Orioko Udalak aho batez

Andrea Zipitria 2024ko eka. 3a, 10:28

Euskaraz hobeto! Orioko Udalaren erabilera-plana 2024-2027 onartu zuen pasa den ostegunean, aho batez, Orioko Udalak. Dokumentuak jasotzen du zein den euskararen egoera Orioko Udalean eta, zer hizkuntza-irizpide aplikatuko dituen Udalak datozen urteotan, euskararen erabilera indartu eta areagotzeko.

Euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu zuen pasa den ostegunean, Orioko Udalbatzarrak. Euskaraz hobeto! Orioko Udalaren erabilera-plana 2024-2027 du izena dokumentuak, eta aho batez onartu zuten.

Bertan jasotzen da, batetik, zer hizkuntza-irizpide aplikatuko dituen udalak datozen urteotan, euskararen erabilera indartu eta areagotzeko. Gaur gaurkoz, Orioko Udalak euskaraz funtzionatzen duen arren, teknologia berriak erabiliz aurrerapausoak eman nahi ditu. Uste duelako hizkuntzaren teknologia berriek ematen eta emango dituzten aukerak baliatu behar dituela euskaraz gehiago eta hobeto egiteko. Horren adibide dira, esaterako, dagoeneko administrazioan errealitate diren: itzulpen neuronalaren iraultza, testu-sorkuntza automatizatua, chatbot espezializatuak, espedienteen kudeaketan datorren aldaketa…

Aldi berean, aldarria ere bada Euskaraz hobeto! leloa. Udalak, bertako langileei eta herritarrei adieraziko die "euskara erabili nahi duela herritarrekiko harremanetan eta barruko jardunean".

Euskararen egoera Orion

Bestetik, Euskaraz hobeto! Orioko Udalaren erabilera-planak jasotzen du zein den euskararen egoera Orion. UEMAren hizkuntza-irizpidearen baitan, Orio herri euskalduna da. –euskaldunak %75 dira; ia-euskaldunak, %11,5; eta euskaraz ez dakitenak, %13,5, 2021eko datuen arabera– eta dagoeneko bide luzea egin du euskararen sustapenean. Bide horren barruan, UEMAko kide izatea erabaki zuen udalak 2002an eta, orduz geroztik lankidetzan jardun dute bi erakundeok. Erabilera-plan hau osatzeko ere, UEMAk zehaztutako gidalerroak eta oinarrizko irizpideak aintzat hartu ditu udalak.

Hemen daude ikusgai udalak plangintzaldi honetan aplikatuko dituen hizkuntza-irizpide guztiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide