Orioko Udalak itzultzaile automatiko esperimentala jarri du martxan orio.eus webgunean. Hala, aurrerantzean, udalak bertan euskaraz argitaratutako mezuak gazteleraz ere irakurri ahalko dituzte herritarrek. Horretarako, argitalpen bakoitzean ageri den botoi bat sakatzea nahikoa izango da. Oraindik "akats txikiak" egiten baditu ere, tresna automatikoak unean bertan sortzen du itzulpena, "euskaraz ez dakiten herritarrek" ere mezuak zein albisteak ulertu ditzaten.
Elhuyarrek eta Orioko Udalak elkarlanean jardun dute itzultzailea web orrialdean eskuragarri egon dadin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Udalak azaldu duenez, helburua da "hizkuntza eta teknologia berriak" udaletan nola txerta daitezkeen aztertzeari ekitea, eta bide horretan, Orion egingo dute proba. "Egun garatzen ari diren hizkuntza-teknologiak oso baliagarriak izan daitezke euskararen erabilera sustatzeko, eta proiektu pilotu horren bidez, probatu egin nahi ditugu", diote Orioko Udalekoek.
Aldi berean, "udalak euskaraz funtzionatzen" jarraitu dezan eta "aurrerapausoak" eman ditzan, "tresna egokia" izango dela azpimarratu dute.
Bide luzea aurretik
Itzultzaile automatikoa, baina, "proiektu handiago baten barruan" dagoela dio udalak. Izan ere, Elhuyarrekin batera, "proiektu berritzaile eta esperimental batean murgilduta" dago irailetik: UdalHiztek. Dinamikak "euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak martxan jartzea" du xede, urtebeteko epean gutxienez. "Udal barruko komunikazioa" zein "herritarrekikoa" barnebilduko ditu. Esperimentua izango da honakoa, beraz, behin amaituta, "sortutako tresnak eta jasotako ondorioak gainontzeko udalerrientzat eskuragarri egongo dira".
Adimen artifiziala
Elhuyarrek eta beste hainbat erakundek iaz aurkeztu zuten itzulpen automatikorako sistema berria, Modela izenekoa. Itziar Cortes Orioko bizilaguna da Modelaren sortzaileetako bat, eta hark iazko abenduan azaldu zuenez, sare neuronalak oinarri izanda, adimen artifizialaren bidez garatutako sistema da. 2016-2017. urteetan egindako ikerketa batean jarri zituzten harremanetan aurrenekoz euskara eta itzulpen automatiko neuronala.
Sistemaren inguruan, honako hau adierazi du Cortesek: "Sistema berriak ez du testu edo itzulpen zatirik gordetzen; funtzio matematikoen segida bat sortzen du, sare neuronal bat, alegia". Euskara "morfologikoki konplexua" izanagatik, itzulpengintzarako baliabide berri horrek mugak gainditu eta hizkuntza "modu zuzenean" interpretatu eta itzulpen automatikoa sor dezake, "aukera berriei" bide eginez.